Baskonia
Euroliga
EITB MEDIA
Dusko Ivanovicen taldeak ez du garaipena eskuratzeko aukerarik izan Belgraden, Israelgo taldea gehiago izan baita, baina oraindik beste abagune bat du Euroligako play-offerako sailkatzeko; gainera, ostiraleko partida Gasteizen jokatuko du Baskoniak, Buesa Arenako zaleek babestuta.
Codi Miller-McIntyrek 32 puntu sartu ditu, baina Baskoniak ezin izan du irabazi. Argazkia: EFE.
Baskoniak Makabi Tel Aviven kontra galdu du, 113-85, asteartean, Belgradeko Stark Arenan, 2023-24 denboraldiko Euroligako play-ineko lehenengo partidan. Hala, Gasteizko taldeak ostiralean jokatuko du berriro, play-in horretan, Virtus Bolonia aurkari, eta neurketa horretako irabazleak Euroligako play-offerako txartel bat jasoko du sari gisa.
Belgraden, Baskoniak ez du garaipena lortzeko inolako aukerarik; Makabi Tel Avivek hobeto jokatu du, eta gehiago izan da. Kontuan izanik Istanbulen Virtus Boloniak Anadolu Efes menderatu duela, euskal taldea eta Italiakoa arituko dira nor baino nor gehiago play-off horretarako sailkatzea erdietsi nahirik.
Belgraden jokatutako partidari dagokionez, lehenengo zatian albiste txarrak baino ez dira izan Gasteizko taldearentzat. Makabi Tel Avivek 19 puntuko aldea izan du norgehiagoka atsedenaldira iritsi denean, eta 24ko aldea ere izan du, 55-31koan. Lorenzo Brownek 21 puntu sartu ditu aurreneko bi laurdenetan; bost hiruko saskiratze egin ditu, sei jaurtiketatan. Israelgo taldea errebotean ere nagusitu da. Hori gutxi balitz bezala, Baskoniak ikusi du nola Chima Monekek min hartu duen belaunean, eta, horregatik, ezin izan du berriro jokatu neurketan.
Hirugarren laurdeneko hasieran, Ivanovicen taldea 14 puntura jarri da, 0-10eko partziala burututa, 55-41ekoan; baina erreakzio horrek ez du jarraipenik izan. Jokatzeko azken hamar minutuak gelditzen zirela, markagailua 86-61ekoa zen, eta argi zirudien Baskoniak ez zuela izango aukerarik garaipena lehiatzeko.
Makabi Tel Avivek beste 27 puntu lortu ditu azken laurdenean; azken emaitza 113-85ekoa izan da. Codi Miller-McIntyrek 32 puntu sartu ditu guztira, baina lan on horrek ez du balio izan Makabiren erakustaldiari aurre egin ahal izateko. Horrenbestez, Israelgo taldeak Panathinaikos izango du aurkari play-offean, eta Baskonia, aldiz, ostiraleko partida erabakigarria dabil prestatzen dagoeneko, play-off horretarako sailkatzea helburu, Virtus Boloniaren aurka.
Fitxa teknikoa
113 - Makabi Tel Aviv (28+27+31+27): Baldwin IV (26), Brown (29), Colson (14), Cohen (3) eta Nebo (4) -hasierako bostekoa-, Cleveland (11), Webb III (8), Thomasson (-), Rivero (8) eta Blatt (10).
85 - Baskonia (15+21+25+24): Miller-McIntyre (32), Marinkovic (5), Sedekerskis (11), Moneke (-) eta Kotsar (6) - hasierako bostekoa -, Howard (14), Raieste (-), Chiozza (-), Theodore (2), Díez (-) eta Rogkavopoulos (10).
Epaileak: Fernando Rocha (Portugal), Matej Boltauzer (Eslovenia) eta Robert Lottermoser (Alemania). Ez dute inor kanporatu.
Gertakizunak: Euroligako play-ineko lehen partida, Belgradeko Stark Arenan. 300 zale izan dira bertan.
Hurrengo zuzenekoak
22 | 11:25 - 12:00 | ''HELMUGA'' saioa |
22 | 12:15 - 14:00 | ATLETISMOA | Amurrioko Krosa |
22 | 16:00 - 17:00 | AIZKOLARITZA | Urrezko Aizkolariak |
22 | 17:00 - 20:00 | PILOTA | Binakakoa: Altuna III-Aranguren vs Artola-Mariezkurrena II |
Ezagutu 2023ko Tourrari buruzko informazio guztia: Etapa profilak, sailkapenak, bideo interesgarrienak.
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa