Baskonia
EUROLIGA
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Dusko Ivanovicen mutilak, defentsan lan handia eginda eta erasoan puntu jarioa agertuta, talde katalana baino askoz gehiago izan dira.
Chima Moneke, enneurketako une batean. Argazkia: EFE
Albisteak (2)
Baskoniak 94-71 irabazi dio Bartzelonari asteazken honetan, Euroligako zortzigarren jardunaldian, Fernando Buesa Arenako zaleekin bakeak egiteko eta Europako txapelketako balantzea orekatzeko (lau neurketa irabazi eta lau galdu), denboraldi honetan etxean egin duen agerraldirik onenean.
Zaleen aurrean ACB ligan bi lehia jarraian galdu ondoren, Gasteizko taldeak bere gotorlekua berreskuratu du, erasoko joko oparoa erakutsita eta defentsa bere tokian izanda, Barça geldiarazteko. Hala, Baskonia Euroligako play-offei begira jarri da Ivanovicek entrenatzaile kargua hartu zuenetik txapelketa horretan jokatu dituen hiru partidetan beste horrenbeste garaipen eskuratu eta gero.
Defentsarik gabeko hasiera batean, Baskoniak erritmo bizia ezarri dio erasoko jokoari (21-12, 6. minutuan), eta bisitarien artean Oscar da Silvak bakarrik eman dio erantzuna etxekoen jario horri, (12 puntu atsedenaldira arte). Gasteiztarrek, hiruko portzentaje handi batean oinarrituta (% 50), erritmo onean jarraitu dute, baina Willy Hernangomezek oreka handiagoa ekarri dio katalanen jokoari, eta, lehen hamar minutuen ostean, 8 puntuko aldea ageri zen markagailuan (26-18).
Neurketa hasi eta berehala orkatila bihurritu duen arren, eragozpenik gabe jokatu du Howardek, eta hark, Miller-McIntyre eta Chima Moneke taldekideekin batera, irrigarri utzi dute Bartzelonaren defentsa hainbat unetan. Hala, etxekoen errentak gora egiten jarraitu du etengabe, atsedenaldira heldu orduko (55-29).
Zaila zirudien arren, Kataluniako taldeak okerrera egin du minutuek aurrera egin ahala, eta, aldageletatik igaro ondoren, itsu-itsuan saiatu behar izan du, emaitza itxuratu asmoz. Nicolas Laprovittolak (12 puntu hirugarren laurdenean) erritmo pixka bat eman dio bisitarien erasoari, baina etxekoen aldea galanta zen ordurako.
Gainera, Howarden eta Monekeren eskutik, Ivanovicenek eragotzi egin dute Bartzelona hurbil zedin, eta 20 puntuko zuloak bere horretan jarraitu du (70-53). Izan ere, Willy Hernangomezek edota Jabari Parkerrek, Bartzelonako izen entzutetsuek, ez diote jarraipenik eman Laprovittolaren ahaleginari.
Partida ondo baino hobeto zuten bideratuta arabarrek, eta azken laurdenaren hasieran Sedekerski eta Howard arduratu dira hori gogorarazteaz Grimauren taldeari. Ondorioz, nahiz eta aldaketak egiteko aurkariak baino aukera gutxiago izan (Marinkovic jokatu ezinik geratu da azken orduan, gripeak jota), Baskoniak ez du alperrik galdu bere zaleei garaipen handi bat eskaintzeko aukera.
Azkenerako, Miller-McIntyre nabarmendu da gehien etxekoen aldetik (20 puntu eta 29ko balorazioa), eta haren atzetik ibili dira Howard eta Moneke (26 eta 19 puntu, hurrenez hurren).
Fitxa teknikoa:
94 - Baskonia (26+29+15+24): Miller-McIntyre (20), Howard (26), Díez (5), Sedekerskis (9) eta Costello (5) -hasierako bostekoa-, Raieste (-), Chiozza (4), Kotsar (6) eta Moneke (19).
71 - Barcelona (18+11+24+18): Satoransky (6), Laprovittola (14), Kalinic (6), Da Silva (12) eta Vesely (2) -hasierako bostekoa-, Hernangómez (7), Jokubaitis (8), Brizuela (2), Parra (-), Parker (2), Abrines (9) eta Nnaji (-).
Epaileak: Emin Mogulkoc (Turkia), Saso Petek (Eslovenia) eta Maxime Boubert (Frantzia). Ez dute inor kanporatu. Falta teknikoak adierazi dizkiete Bartzelonako Roger Grimau entrenatzaileari (20. min) eta Tomas Satoransky jokalariari(27. min). Baskoniako Chiozza jokalariak kirolez kontrako falta egin du (39. min).
Hurrengo zuzenekoak
23 | 21:45 - 23:59 | ZESTA-PUNTA | Eusko Label Winter Series: Barandika-Lopez vs Goitia-Del Rio |
Ezagutu 2023ko Tourrari buruzko informazio guztia: Etapa profilak, sailkapenak, bideo interesgarrienak.
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa