22:56

Baskonia

EUROLIGA (2. JARDUNALDIA)

Sufritutako garaipena lortu du Baskoniak Berlinen (86-91)

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Arabako taldea 15 puntuko abantailarekin iritsi da azken laurdenera (61-76), baina etxekoek markagailuko aldea bi punturaino murriztea lortu dute, eta, azkenerako, asko zaildu zaie neurketa bereganatzea Peñarroyarenei.

  • Tadas Sedekerskis, ahalegin betean. Argazkia: EFE

    Tadas Sedekerskis, ahalegin betean. Argazkia: EFE

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Baskoniak Alba Berlin hartu du mendean (86-91) Alemanian, eta, horrenbestez, aurtengo Euroligako lehen garaipena eskuratu du Gasteizko taldeak. Dena den, ematen zuen baino zailagoa suertatu zaio Peñarroyak zuzentzen duen taldeari neurketa irabaztea; izan ere, arabarren hirugarren laurdeneko erasoko erakustaldi bikainaren ostean, alemaniarren erreakzioa iritsi da azken 10 minutuetan, lehia erabat estutu duena.

Gasteiztarrek 25-15eko partziala jaso dute azken tarte horretan, batez ere Matteo Spagnolo eta Gabriele Procida italiarren eraginkortasunagatik, eta horrek kinka larrian jarri du ordura arte eskura zuten garaipena. Are gehiago, Albak partida berdintzeko baloia izan du azken segundoetan; aitzitik, Matt Thomasek modu txarrean jokatu du jabetza erabakigarri hori, biko jaurtiketa zail bat bilatu baitu, bere taldeak hiruko jaurtiketa bat behar zuenean.

Zorionez, etxekoen ahalegina ezerezean geratu da, eta, aitzitik, Chima Monekek jokaldi horretako errebotea jaso du, eta ondorengo bi jaurtiketa libreak saskiratu ditu, arabarren garaipena ziurtatzeko balio izan dutenak. Hala, Baskoniako jokalari berria funtsezkoa izan da beste behin ere (15 puntu eta 17ko balorazioa).

Errebotean izandako nagusitasuna eta hirugarren laurdenean hiruko jaurtiketetan izandako zorroztasuna oinarri izan dira Baskoniaren arrakastan. Alabaina, Israel Gonzalez entrenatzaile espainiarraren Alba matxinatu egin da azken txanpan. Baloi galerak etengabekoak izan dira laurden horretan bi aldeetan (Baskoniak 20 izan ditu norgehiagoka guztian zehar), baina Berlingo tranpari izkin egiteko gai izan da Baskonia, berarentzat zaila izan ohi den kantxa batean (aurreko sei bisitetatik lautan galdu zuen).

Baskoniak gora egingo badu, joko-antolatzaile postutik haziko da, eta zeregin horretan Codi Miller-McIntyre nabarmendu da gaurkoan, 17 punturekin. Hori bai, lau baloi galdu ditu. Bestetik, Markus Howardek egun kaskarra izan du saskiari begira (bost puntu baino ez ditu lortu), eta hutsune hori bost asistentziarekin betetzen saiatu den arren, beste horrenbeste baloi galdu pilatu ditu.

Tadas Sedekerskis izan da baskoniarren artean jokalaririk onena (11 puntu, 13 errebote eta 21eko balorazioa).

Fitxa teknikoa:

86 - Alba Berlin (21+26+14+25): Samar (-), Brown (5), Nikic (2), Olinde (11) eta Thiemann (13) -hasierako bostekoa-, Procida (12), Spagnolo (12), Delow (5), Schneider (17), Thomas (5) eta Bean (4).

91 - Baskonia (25+26+25+15): Miller-McIntyre (17), Howard (5), Sedekerskis (11), Costello (10) eta Diop (7) -hasierako bostekoa-, Mannion (8), Rogkavopoulos (3), Marinkovic (9), Kotsar (6) eta Moneke (15).

Epaileak: Fernando Rocha (Portugal), Milos Koljensic (Montenegro) eta Tomasz Trawicki (Polonia).

Iruzkinak

  • Hurrengo zuzenekoak

    • Gaur
    • IG.
    • AL.
    • AS.
    • AZ.
    • OG.
    • OR.
    18 13:10 - 18:00 TXIRRINDULARITZA | Italiako Giroa: Hamalaugarren etapa
    18 17:15 - 20:00 PILOTA | Buruz Buruko Txapelketa: Laso vs Zabala
    18 18:30 - 21:45 ERREGINA KOPAKO FINALA | Bartzelona vs Real Sociedad

    Fitxaketak… LaLiga Fitxaketak…

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena