18:46

Baskonia

Euroliga

Baskoniak garaipena nahi du Pireon, Olympiakosen aurka, Euroligako play-offetarako txartela bermatzeko

EITB MEDIA

Ostegunean, Grezian, Europako txapelketa nagusiko liderraren kantxan, irabaziz gero, Gasteizko taldea play-offetan izango da; galduz gero, Zalgiris Kaunasek, ostiralean, Bayern Munichen kontra galtzea beharko luke. Peñarroyaren taldeak bosgarren postua ere lor lezake.

  • Daulton Hommes, lehen itzuliko Baskonia-Olympiakos partidako jokaldi batean. Argazkia: EFE.

    Daulton Hommes, lehen itzuliko Baskonia-Olympiakos partidako jokaldi batean. Argazkia: EFE.

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Cazoo Baskoniak garaipena nahi du ostegunean, Pireon, Olympiakosen aurka, 20:00etatik aurrera, Euroligako fase erregularreko bere azken partidan, Europako txapelketa nagusiko play-offetarako txartela bermatu ahal izateko. Egun Euroligako liderra den taldearen etxean irabaziz gero, Gasteizko taldea play-offetan izango da; galduz gero, Zalgiris Kaunasek, ostiralean, Alemanian, Bayern Munichen kontra galtzea beharko luke. Joan Peñarroyaren taldea, orain, zortzigarren postuan dago, baina Olympiakos menderatuko balu, eta beste emaitza batzuk emango balira, bosgarren postua ere lor lezake.

Baskonia bikain ibili da Euroligan, eta Arabako taldeak ez du inoren laguntzarik behar aurrera egiteko. Erdietsiko balu, 2019tik lehen aldiz egongo litzateke Europako zortzi talde onenen artean. Olympiakosen aurkako norgehiagoka, horrenbestez, oso-oso garrantzitsua da: Baskoniak sailkatzea du jokoan, eta etxeko taldeak, aldiz, fase erregularreko lehen postua. Hori bai, euskal taldeak, irabazi ezean, beste aukera bat izango luke: ostiralean, Bayern Munich-Zalgiriz Kaunas partidan, Alemaniako taldearen garaipena beharko luke. Bayern Munich hamabosgarren dago, eta ez du ezer jokoan; Zalgiris Kaunas, ordea, bederatzigarren dago, eta Baskoniak beste partida irabazi ditu.

Olympiakos eta Baskonia 45 aldiz aritu dira nor baino nor gehiago Euroliga sortu zenetik, alegia, 2000tik. Bien arteko azken hiru neurketetan, Greziako taldea gailendu da; 2020-21 denboraldian, baina, Baskonia nagusitu zen Pireon.

Joan Peñarroyaren taldean, Tadas Sedekerskis baja izango da, eta Georgios Bartzokas Olympiakoseko entrenatzaileak, berriz, jokalari guztiak ditu prest. Greziako taldeak Ligan eta Euroligan jokatu dituen azken 30 partidetako 3 galdu ditu; lehen postuan dago Euroligan, 23 partida irabazita (guztira, 33 jokatu dituzte).

Sasha Vezenkov bulgariarra, Euroligako jokalaririk onena izateko hautagaia, da Greziako taldearen liderra, eta Kostas Sloukas, Kostas Papanikolau, Thomas Walkup eta Moustapha Fall ere jokalari garrantzitsuak dira. Alec Peters Baskoniako jokalari ohia, aldiz, ez da horren garrantzitsua izaten ari.

Olympiakos eta Baskonia onenetakoak dira paseak eman eta baloia berreskuratzeko orduan; jaurtiketetan, ordea, Bartzokasen taldea hobeto dabil biko eta hiruko jaurtiketei dagokienez. Errebotean da oso indartsua Baskonia, eta biziki egin du hobera arlo horretan.

Baskoniaren aukerak sailkatzeko eta bosgarren, seigarren edo zazpigarren postuan amaitzeko

Zer behar du Baskoniak play-offetara sailkatzeko? Olympiakos menderatu, eta, egingo ez balu, Zalgiris Kaunasek ostiralean Munichen galtzea, Bayernen aurka (partida 20:30ean hasiko da).

Zer behar du bosgarren amaitzeko? Olympiakos menderatu eta talde hauek galtzaile ateratzea: Makabi Tel Aviv (Real Madrilen kontra jokatuko du, ostegunean, 20:05ean), Partizan Belgrad (Panathinaikos izango du aurkari, ostiralean, 20:30ean), Fenerbahce (Izar Gorria Belgraden kontra, ostegunean, 19:00etan) eta Zalgiris Kaunas.

Zer behar du seigarren amaitzeko? Olympiakos menderatu eta aurretik esandako taldeek galtzea, Makabi Tel Avivek edo Partizan Belgradek izan ezik, edo soilik Zalgiris Kaunasek irabaztea, edo Partizan Belgradek eta Zalgiris Kaunasek irabaztea.

Zer behar du zazpigarren amaitzeko? Olympiakos menderatzea eta Partizan Belgradek, Fenerbahcek eta Zalgiris Kaunasek irabaztea, edo Makabi Tel Avivek eta Partizan Belgradek. Halaber, zazpigarren amaituko luke Olympiakos menderatuko balu eta Zalgiris Kaunasek edo Fenerbahcek irabaziko balute, edo Makabi Tel Avivek eta Zalgiris Kaunasek irabaziko balute.

Iruzkinak

  • Hurrengo zuzenekoak

    • Gaur
    • AS.
    • AZ.
    • OG.
    • OR.
    • LR.
    • IG.
    23 21:45 - 23:59 ZESTA-PUNTA | Eusko Label Winter Series: Barandika-Lopez vs Goitia-Del Rio

    Fitxaketak… LaLiga Fitxaketak…

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena