Baskonia
ENDESA LIGAKO PLAY-OFFAK
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Talde zuriak, Walter Tavaresen ekarpenean oinarrituta, fisikoki eta animoz baxu agertu den Gasteizko taldea gainditu du, eta 2-0ekoa jarri du bere alde finalerdietako kanporaketan.
Albisteak (1)
Real Madrilek garaipena lortu du Baskoniaren aurka Endesa Ligako finalerdietako bigarren norgehiagokan, eta hasieratik bertatik gailendu da; izan ere, bosgarren minuturako 11-4 ari zen irabazten Walter Tavares Cabo Verdeko pibotaren aparteko ekarpenarekin (8 puntu, 4 errebote –3 erasokoak– eta tapoi bat).
Defentsako lanean lehen partidan baino gogorrago aritu arren, Baskonia kamuts aritu da erasoan eta bigun errebote lanean. Ondorioz, lehen laurdeneko 18-15eko emaitza ontzat jo zezaketen gasteiztarrek.
Bigarren laurdenaren hasiera erabakigarria izan da, etxekoek 13-0 partziala lortu baitute, Rudyk jarraian lortutako 5 punturekin, Adam Hanga ia kantxa erditik sartutako hiruko ezinezko batekin eta Anthony Randolphen hiru puntuko beste saskiratze batekin.
Gasteizko taldea 16 puntugatik joan da galtzen, 31-15 (14:30 minutua), baina erreakzionatu egin du Simone Fontecchioren eskutik, bi minutu eskasean antzeko partziala lortuta (0-11).
Larunbat honetan 18 urte bete dituen Juan Nuñezen irteerak aipatu partziala eten du 5 puntu jarraian lortuta. Ondoren, jokoa egonkortu egin da, eta 40 eta 30eko emaitzarekin joan dira aldageletara.
Hirugarren laurdenaren irteera lasaiagoa izan da markagailuan, bi taldeak defentsako lanean zeuden zentratuta aurkaria geldiarazteko asmoz; alabaina, madrildarrek aldea puztea lortu dute berehalako batean (50-32)
Laurden horren erdialdean, Baldwinen laugarren pertsonala iritsi da, eta bazirudien Gasteizko taldea noraezean geratu dela. Vanja Marinkovicek soilik agertu du jenioa markagailua txukuntzen saiatzeko (66-45).
Real Madrilek, Hanga buru zuela, partida behin betiko hautsi du 75-47ko emaitzarekin (32. minutua), eta horri esker Pablo Lasok bere jokalarien minutuak kudeatu ditu. Hala, Thomas Heurtel kantxaratu da azken 3 minutuetan. Martxoaren 31tik ez zuen halakorik egiten.
Azkenerako, 83-71 eta 2-0eko emaitza oso argia Real Madrilentzat, fisikoki eta animoz apal azaldu den Baskoniaren aurka.
Fitxa teknikoa:
83 - Real Madril (18+22+26+17): Hanga (18), Deck (4), Causeur (2), Yabusele (5) eta Tavares (15) –hasierako bostekoa–, Heurtel, Nuñez (5), Poirier (6), Taylor (6) Randolph (12), Klavzar eta Rudy (10).
71 - Bitci Baskonia (15+15+15+26): Baldwin (12), Fontecchio (12), Giedraitis, Peters (9) eta Enoch (4) –hasierako bostekoa– Sedekerskis (4), Raieste, Marinkovic (17), Wetzell (6), Granger (5) eta Costello (2).
Epaileak: Emilio Pérez, Fernando Calatrava eta Francisco Araña. Ez dute inor kaleratu.
Hurrengo zuzenekoak
22 | 17:00 - 20:00 | PILOTA | Binakakoa: Altuna III-Aranguren vs Artola-Mariezkurrena II |
Ezagutu 2023ko Tourrari buruzko informazio guztia: Etapa profilak, sailkapenak, bideo interesgarrienak.
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa