21:33

Baskonia

EUROLIGA (16. JARDUNALDIA)

Baskoniak bi partidak galduta itxi du Istanbulerako bidaia, bigarrena Fenerbahceren aurka (75-53)

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Gasteizko taldeak 19 baloi galdu ditu, eta saskira begira ere makal aritu da; ondorioz, denboraldiko bigarren puntu kopuru txikiena lortu du Euroligan.

  • Steven Enoch, Euroligako partida batean.

    Steven Enoch, Euroligako partida batean. Artxiboko argazkia: EFE

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Ezinean aritu den Bitci Baskoniak galdu egin du bigarrenez bi egunen buruan Istanbulen: asteartean, Anadolu Efesen aurka amore eman behar izan zuen (87-72), eta gauza bera gertatu zaio Fenerbahceren kontra (75-53) ostegun honetan. Norgehiagoka lehiatu ezinik ibili da ia hasieratik, eta iraganeko akatsak errepikatu ditu.

Neven Spahijak Baskoniaren aulkian hilabete egin duen egunean, taldeak entrenatzaile berriarekin jokatutako neurketarik okerrena izan da agian honakoa. Akatsez beteriko lehia jokatu dute gasteiztarrek (19 baloi galdu dituzte); gainera, makal aritu dira arerioaren saskiari begira, eta, hartara, denboraldiko bigarren puntu kopuru txikiena lortu dute Euroligan.

Turkiako taldea ere ez da finegi ibili, baina distira-une batzuk nahikoa izan ditu hasierako minutuetan markagailuan aldea lortu eta hura partida amaierara arte kontrolatzeko.

Nando De Colok eraman du etxekoen aginte-makila, 26 puntuko balorazioarekin (17 puntu, 7 asistentzia eta 6 baloi lapurtuta). Arabarren aldetik, aldiz, Steven Enoch izan da bere taldeko erregularrena, 14 puntu hutsik egin gabe sartuta eta 8 errebote bereganatuta.

Turkiarrek arabarrek baino tentsio handiagoarekin ekin diote partidari, eta, Pierrià Henryren gidaritzapean, berehala zabaldu dute zuloa markagailuan 15-2ko partzialarekin.

Horren aurrean, Spahijak aldaketak egin ditu, eta saskira begira arazoekin jarraitu arren, defentsako lana hobetu dute. Pixkanaka, horrek emaitza estutu du (19-14).

Bigarren laurdenaren hasiera lehendabizikoaren kopia bat izan da. Sasa Djordjevicen mutilak gehiago izan dira kantxan, noraezean zebilen Baskoniaren aurrean, eta berriro handitu dute aldea, 10 eta 1eko partziala eginda, Achille Polonaren puntuen eskutik (29-15).

Baskonia erantzuten ahalegindu da, baina Steven Enochen erasoan erakutsitako distira-uneak eta Arturs Kurucsek defentsan egindako lan bikaina ez dira nahikoa izan arabarrentzat; izan ere, bederatzi puntu jarraian lortu dituen Nando De Colo frantziarrak 43 eta 28ko emaitza jarri du markagailuan lehen zatiaren amaieran.

Atsedenalditik bueltan, Spahijaren taldea beste itxura batekin kantxaratu da, Jayson Grangerrek eta Arthur Kurucsek hiruko bana erdietsi baitute hirugarren laurdenaren hasieran, baina Polonarak arabarren erreakzioa eten du. Hala ere, Baskoniak zertxobait murriztu du desabantaila, eta partida irabazteko aukerak zituztela heldu dira azken laurdenera gasteiztarrak, sentsazioak txarrak izan arren, hutsegiteak ez baitira desagertu (55-43).

Hartara, baloi galduek, defentsan egindako lan eskasak eta Baldwin eta Giedraitis jokalari garrantzitsuen ekarpen urriak asko erraztu diote Fenerbahceri azken laurdeneko jarduna, eta garaipena Istanbulen geratu da beste behin ere (75-53). Ondorioz, turkiarrek txapelketako zazpigarren garaipena bereganatu dute, eta gasteiztarrek baino bi gehiago dituzte orain.

Fitxa teknikoa:

75 - Fenerbahce Beko (19+24+12+20): Henry (6), Mahmutoglu (3), Pierre (4), Booker (8) eta Vesely (13); Guduric (7), De Colo (17), Polonara (15), Birsen (-) eta Hazer (2).

53 - Bitci Baskonia (14+14+15+10): Lamar Peters (-), Baldwin (5), Fontecchio (5), Sedekerskis (8) eta Enoch (-); Granger (8), Costello (5), Nnoko (2), Giedraitis (2) eta Kurucs (4).

Epaileak: Robert Lottermoser (Alemania), Piotr Pastusiak (Polonia) eta Milos Koljensic (Montenegro). Ez dute inor kanporatu.

Iruzkinak

  • Hurrengo zuzenekoak

    • Gaur
    • OR.
    • LR.
    • IG.
    • AL.
    • AS.
    • AZ.

    Ez dago zuzenekorik

    Fitxaketak… LaLiga Fitxaketak…

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena