Baskonia
EUROLIGA
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Dusko Ivanovicen taldeak baloi ugari galdu ditu, eta greziarrek hutsegite horiek baliatu dituzte neurketa atsedenaldirako erabakita uzteko.
Steven Enoch (ezkerrean) Mustapha Fallekin lehian (eskuinean). Argazkia: EFE
Albisteak (3)
Baskoniak partida guztiz kaskarrarekin ekin dio 2021/2022 denboraldiko Euroligari, jipoia jaso baitu Olympiakosen aurka, Grezian jokatu duen neurketan (75-50).
Galdutako 20 baloi eta punteria falta izan dute aurka gasteiztarrek, baita Sasha Vezenkov bulgariarraren neurketa ona ere. Oro har, greziarrek lehen zati ona jokatu dute, eta norgehiagoka erabakita utzi dute bertan.
Lesio baten ondoren itzuli den Rokas Giedraitis izan da Baskoniatik salbatu den bakarra, baina Dusko Ivanovicen taldeak apenas izan du etorkizunari begira balio dezakeen distira unerik.
Olympiakos hobeto sartu da lehian, Vezenkov bulgariarraren bitartez, eta hasieratik bertatik zigortu ditu arabarrak. Ivanovicenak, berriz, bajak eta baloi galduak zirela medio, oso gaizki ekin diote partidari, eta laster islatu da hori markagailuan (20-7).
Baskoniako jokalariek ez zuten sentsazio onik transmititzen, baloi jabetza zaindu gabe jarraitzen zuten (hamar galdu dituzte lehen laurdenean), eta ia ez dute saskiratzerik lortu erosoago egon den talde greziarraren aurrean (28-13).
Gasteiztarren jardun txarrak jarraitu egin du bigarren laurdenean ere. Olympiakosek erosotasunez jokatzen zuen, eta arabarren aldetik barruko jokalariek baino ez zuten saskiratzeak lortzen.
Bigarren laurdeneko 19 eta 9koak are larriagoa bihurtu du Baskoniaren egoera, eta ez du erreakzionatzeko ahalmenik erakutsi. Gainera, 14ra arte areagotu du baloi galduen kopurua lehendabiziko 20 minutuetan. Hala, lehen zatia 47-22ko emaitzarekin amaitu da.
Ivanovicen mutilek hobera egin dute atsedenaldiaren ostean, baina, hala ere, oso urrun zeuden oraindik greziarrengandik, eta haiek, ostera, aurkariaren akatsak aprobetxatzen jarraitzen zuten behin eta berriz.
Markagailuko aldea 30 puntu ingurura arte hazi bada une batez, arabarrek 17ra murriztu dute zuloa kanpoko jaurtiketak sartzen hasi direnean. Aitzitik, etxeko taldeak 21 puntuko tartearekin hasi du azken laurdena (63-42).
Baskoniarren sufrimenduak ez du izan etenik neurketaren amaierara arte. Ez diote akatsak egiteari utzi, eta Olympiakosek etengabe zigortu du Gasteizkoen saskia. Azkenerako, markagailuak 25 puntuko zigorra islatu du arabarrentzat.
Fitxa teknikoa:
75 - Olympiakos (28+19+16+12): Walkup (2), Dorsey (7), Papanikolau (8), Vezenkov (16) eta Fall (11) –hasierako bostekoa–, Larentzakis (-), Sloukas (10), Martin (3), Printezis (4), Jean-Charles (6) eta Mckissic (8).
50 - Baskonia (13+9+20+8): Granger (2), Marinkovic (-), Fontecchio (5), Costello (11) eta Enoch (7) –hasierako bostekoa–, Barrera (-), Sedekerskis (4), Giedraitis (15), Nnoko (6) eta Kurucs (-).
Epaileak: Matej Boltauzer (Eslovenia), Tomislav Hordov (Kroazia) eta Rain Peerandi (Estonia). Ez dute inor kanporatu.
Hurrengo zuzenekoak
22 | 22:00 - 23:15 | PILOTA | ETB KANTXA SOLASEAN: Lau t'erdiko finala |
Ezagutu 2023ko Tourrari buruzko informazio guztia: Etapa profilak, sailkapenak, bideo interesgarrienak.
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa