11:39

Baskonia

Endesa Liga

Baskoniak Valentzia mendean hartu eta finalerako txartela lortu du

Erredakzioa

Arabako taldeak 73-75eko emaitzarekin lortu du garaipena, eta asteartean Endesa Ligako finala jokatuko du Bartzelonaren aurka.

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Kirolbet Baskoniak Endesa Ligako finala jokatuko du Bartzelonaren aurka asteartean, igande honetan finalerdietan Valentziaren aurka garaipena lortu ostean (73-75).

Lehen laurdena parekatua izan da. Baskonia izan da nagusi hasieran, baina Ivanovicek zuzentzen duen taldeak ezin izan du abantaila handirik lortu. Valentzia nagusitu da gero, eta aurrea hartu du markagailuan. Arabako taldeak gaizki jokatu ditu lehen laurdeneko azken bi minutuan, eta Valentziak bost puntuko abantaila eskuratu du (17-12) lehen hamar minutuen amaieran.

Polonarak sartu duen hiruko batekin ekin dio Baskoniak bigarren laurdenari, baina talde gasteiztarra ez da ondo ibili erasoan, eta Valentzia horretaz baliatu da 9 puntuko errenta lortzeko (29-20). Pasa duen momentu txarra moztea lortu du Baskoniak, baita desabantaila murriztea, hiru puntura gerturatuta (31-28). Hala ere, Valentzia hobeto ibili da erasoko zein defentsako jokoan, eta berriro zuloa ireki du (41-30). Dragicek azken segundoetan sartu duen hirukoak aldeak murriztu ditu, baina talde valentziarrak jaurtiketa libre bat sartu eta Baskonia 9 puntuko desabantailarekin iritsi da atsedenaldira (42-33).

Indartsu kantxaratu da Kirolbet Baskonia atsedenaldiaren ostean. Arabako taldeak defentsa gogortu du, eta Valentziak puntuak lortzeko arazo gehiago izan du. Gainera, erasoko jokoan gehiago asmatu du Baskoniak, eta puntu bakarrera gerturatu da (42-41). Ondoren, ordea, Ponsarnauk zuzentzen duen taldeak abantaila hartu du (53-45) hiruko jaurtiketen bidez. Kirolbet Baskoniak gogotik lan egin behar izan du aldea murrizteko, eta Ivanovicek zuzentzen duen taldeak helburua lortu du, Henryk hirugarren laurdenaren amaieran sartu duen saskiratzeak Arabako taldea azken laurdenera puntu bateko abantailarekin heltzea ahalbidetu baitu (55-56).

Baskoniak ondo ekin dio laugarren laurdenari, eta ez dio aurrea hartzen utzi Valentziari. Dena dela, oso laurden lehiatua eta parekatua jokatu dute bi taldeek. Bost puntuko abantailarekin iritsi da Kirolbet Baskonia azken bi minutuetara (70-75), baina Valentziak sartu duen hiruko baten eraginez, lehia Baskoniaren aldeko bi puntuko abantailarekin heldu da amaierako 18 segundoetara. Valentziak izan du azken jabetza, hiruko jaurtiketa batekin partida irabazten saiatu da, baina ez du asmatu eta Baskoniak eskuratu du garaipena (73-75).

Fitxa teknikoa:

73 - Valentzia (17+25+13+18): Van Rossom (14), Loyd (11), San Emeterio (9), Labeyrie (5), Tobey (9); Colom (4), Marinkovic (3), Dubljevic (6), Sastre (4), Doornekamp (8) eta Motum (-).

75 - Kirolbet Baskonia (12+21+23+19): Henry (5), Jannings (-), Shields (13), Shengelia (17), Eric (5); Vildoza (2), Diop (-), Granger (-), Dragic (21) eta Polonara (12).

Epaileak: Garcia Gonzalez, Peruga eta Calatrava. Ez dute inor kanporatu.

Iruzkinak

  • Hurrengo zuzenekoak

    • Gaur
    • AS.
    • AZ.
    • OG.
    • OR.
    • LR.
    • IG.
    23 21:45 - 23:59 ZESTA-PUNTA | Eusko Label Winter Series: Barandika-Lopez vs Goitia-Del Rio

    Fitxaketak… LaLiga Fitxaketak…

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena