Baskonia
105-77, Valentziaren aurka
Erredakzioa
Kirolbet Baskoniak 105-77ko emaitzarekin galdu du Valentziaren aurka, Euroligako 14. jardunaldiko partida.
Shengelia, Valentzia-Baskonia partidan. Argazkia: EFE
Kirolbet Baskoniak jipoia hartu du Valentziaren aurka (105-77) jokatu duen Euroligako 14. jardunaldiko partidan. Arabako taldeak beste atzerapauso bat eman du txapelketa honetan.
Neurketa parekatuta hasi da, eta Valentzia aurretik joan den arren, Baskoniak 4-17ko partziala lortu du. Jarraian, etxeko taldearen erreakzioa etorri da, 53 segundotan 7-0eko partziala erdietsita. Gauzak horrela, lehen hamar minutuak berdinduta amaitu dira (19-19).
Valentziaren joko-bolada onak jarraipena izan du bigarren laurdenaren hasieran, eta sei puntuko abantaila hartu du (25-19). Sergi Garcia Arabako taldearen azken fitxaketa kantxaratu du Velimir Perasovic entrenatzaileak, baina Valentziako jokalari ohiak ez dio asko eman Baskoniaren jokoari. Pixkanaka, etxeko taldea abantaila handituz joan da, eta Kirolbet Baskonia hamar puntuko desabantailarekin joan da atsedenaldira (46-36).
Atsedenaldiaren ostean, Baskonia ezinean ibili da. Etxeko taldeak Shengelia gelditzea lortu du, talde arabarra jota utziz. Neurketako 26. minutuan 19 puntuko errenta eskuratu du Valentziak (63-44). Kirolbet Baskoniak erreakzionatu egin du hirugarren laurdenaren amaieran lau hiruko jarraian sartuta, eta desabantaila bederatzi puntura murriztu du (69-58).
Azken laurdenaren hasieran, Baskoniak defentsa sendotu du, baina Valentzia ez da urduri jarri eta pazientziaz Arabako taldeari min egitea lortu du. Gainera, Shengelia kanporatua izan da bosgarren falta egiteagatik teknika baten ostean. Georgiarraren kanporatzeak min handia egin dio Baskoniari, eta Shieldsek taldea zuzentzeko ardura hartu duen arren, beranduegi izan da. Amaieran, merezitako garaipena Valentziarentzat (105-77).
Fitxa teknika:
105.- Valentzia (19+27+23+36): Colom (5), Marinkovic (6), San Emeterio (4), Ndour (8), Dubljevic (25) -hasierako taldea- Loyd (13), Abalde (16), Labeyrie (5), Van Rossom (13), Tobey (10) eta Doornekamp (-).
77.- Kirolbet Baskonia (19+17+22+19): Henry (9), Vildoza (12), Stauskas (8), Shengelia (15), Eric (-) -hasierako taldea- Janning (-), Diop (2), Sergi Garcia (-), Fall (2), Shields (22) eta Pollonara (7).
Epaileak: Jovcic (SER), Javor (ESL) eta Baumanis (LET). Baskoniako jokalaria den Shengelia kanporatu dute (31. min) bost falta egiteagatik.
Hurrengo zuzenekoak
20 | 16:30 - 19:00 | PALA | Gabonetako jaialdia: Gaubeka-Gordon vs Madariaga-Urrutia eta Maldonado-Del Rio vs Fusto-Perez |
Ezagutu 2023ko Tourrari buruzko informazio guztia: Etapa profilak, sailkapenak, bideo interesgarrienak.
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa