22:16

Baskonia

Endesa Ligako finala

Kirolbet Baskoniak irabazi eta kantxa faktorea bere alde jarri du (90-94)

Agentziak | Erredakzioa

Gasteizko taldeak garaipena lortu du Real Madrilen kantxan oso estu joan den finaleko lehen partidan. Ostiralean jokatuko dute bigarren neurketa.

  • Janning Poirierri asitentzia emateko ahaleginean. Argazkia: EFE

    Janning Poirierri asitentzia emateko ahaleginean. Argazkia: EFE

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Kirolbet Baskoniak garaipena lortu du asteazken honetan Real Madrilen kantxan (90-94), eta, hartara, arabarrek Endesa Ligako finaleko lehen puntua poltsikoratu dute (0-1), oso estua izan den lehiaren ostean, partida ez baita azkenera arte erabaki. Tarte horretan, gasteiztarren amaierako jaurtiketa libreek berebiziko garrantzia izan dute etxekoen balentria saiakera ezerezean usteko.

Horrenbestez, Pedro Martinezen mutilak aurretik jarri dira finalean, eta, gainera, kantxa faktorea "lapurtu" diote Madrili partida sortari ekin eta berehala; aldiz, Pablo Lasoren taldeak aurtengo play-offetako lehen porrota jaso du.

Baskoniak bere baliabide guztiak plazaratu ditu WiZink Centerren, eta Euroligako txapeldun berriari parez pare eta inongo beldurrik gabe egin dio aurre. Jaycee Carrollen hirukoek (20 puntu), Luka Doncicen gidaritzak edota etxekoen zaleen bultzadak gasteiztarrei gauzak zail jarri dizkieten arren, arabarrak gai izan dira Baskoniaren laugarren Liga lortzeko bidean lehen urratsa emateko.

Helburu horretan, ezinbestekoa izan da Luca Vildozak eta Tornike Shengeliak azken txanpan jaurtiketa libreen marratik erakutsi duten eraginkortasuna, baita etxekoen aldetik Gustavo Ayonek huts egin dituenak ere.

Bazirudien Madril freskoago heldu behar zela finalera, play-offetako aurreko kanporaketak inongo porrotik gabe atera baititu aurrera (5-0), eta horrek atsedenerako denbora gehiago eman dio. Aitzitik, Pedro Martinezen taldeak ez du neke zantzurik irudikatu, eta azaldu duten energia horren adierazle izan dira Luca Vildozaren (16 puntu eta 18ko balorazioa) eta Poirierren (13 puntu eta 17ko balorazioa) jarduna.

Finaleko bigarren lehia datorren ostiralean jokatuko dute talde biek lehen partidako agertoki berean, 22:15etik aurrera hasita.

Fitxa teknikoa:

Real Madril 90 (17+22+19+32): Causeur (5), Doncic (12), Campazzo (4), Tavares (12) eta Taylor (3) –hasierako bostekoa–, Randolph, Reyes (4), Carroll (20), Rudy (8), Llull (14), Thompkins (4) eta Ayon (4).

Kirolbet Baskonia 94 (19+20+28+27): Vildoza (16), Timma (12), Janning (9), Poirier (13) eta Shengelia (12) –hasierako bostekoa–, Voigtmann (11), Huertas (7), Beaubois (11), Diop (3), Granger eta Garino.

Epaileak: Emilio Perez, Antonio Conde eta Carlos Peruga. Rudy Fernandez kaleratu dute bost falta egiteagatik (40. min).

Iruzkinak

  • Hurrengo zuzenekoak

    • Gaur
    • AL.
    • AS.
    • AZ.
    • OG.
    • OR.
    • LR.

    Ez dago zuzenekorik

    Fitxaketak… LaLiga Fitxaketak…

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena