Gipuzkoa Basket
ACBra igotzeko play-offa
Agentziak | EITB Media
Donostiarrak aurretik izan dira markagailuan Burgoseko taldeak partida azken laurdenean irauli duen arte. Burgosek Zunder Palencia taldea izango du aurkari finalean.
Alex Lopez (San Pablo Burgos) eta Adam Sollazzo (Guuk GBC). Argazkia: Efe.
Guuk Gipuzkoa Basket ACBra igotzeko play-offetatik kanpo geratu da, finalerdietan San Pablo Burgos taldearekin 64 eta 69 galduta. Donostiarrek partida ona egin dute eta ezustekoa ematear izan dira, eta Burgos mendean izan du 35 minututan.
Hala ere, etxeko taldeak partida iraultzea lortu du eta beraiek jokatuko dute igandeko finala, Zunder Palenciaren aurka.
Guuk Gipuzkoa Basketek ikusgarri hasi du partida; 11 puntu egin dituzte lehen hiru minutuetan eta Curro Segura Burgoskoen entrenatzaileak hutsartea eskatu behar izan du, talde gipuzkoarraren jarioa eteteko. Hala ere, lehen laurdenean Lolo Encinasen jokalariak jaun eta jabe izan dira (21-15).
Bigarren laurdenean, Burgosek hobera egin du eta GBCko jokalariak faltak pilatzen joan dira aurkariaren barne-jokoa gelditu ezinda. Horrenbestez, Burgos 26 eta 25 hurbildu da. Donostiarrek ez dute burua galdu eta atsedenaldira aldeko markagailuarekin iristea lortu dute (39-34).
Hirugarren laurdenean, San Pablo emaitza lehenbailehen iraultzeko asmoarekin atera da, baina GBC fin ibili da saskiratzeetan eta Burgosek, aldiz, huts ugari egin ditu, jaurtiketa libreetan batez ere.
Aldea handitzen joan da eta GBCk 14 puntuko zuloa ere egin du (54-40), eta ezustekoa ematekotan izan dira, aurreikuspenek San Pablo Burgos eman baitute faborito nagusi. Gauzak alde izan dituzte donostiarrek.
Azken laurdena
Azken laurdena bost puntuko aldearekin hasi du GBCk (56-51), baina urduritasunak kalte egin die. Ondoren, Burgos aurretik jarri da (58-59) eta jarraian 10 puntuko aldea zabaldu du markagailuan (58-68).
Amaierarako bi minuturen faltan, etxeko taldeak bi jaurtiketa libre huts egin ditu baina aldeari eutsi dio defentsa joko zorrotza eginda. Azkenean, sufrituta, baina finala jokatzeko txartela lortu dute (64-69). Gipuzkoarrek, aldiz, etxeko bidea hartu behar izan dute.
Fitxa teknikoa
64 - Gipuzkoa Basket: Michael Carlson (11), Mario Delas (13), Mikel Motos (13), Xabier Oroz (11), Adam Sollazo (2) - hasierako boskotea - Aitor Zubizarreta (4), Xabier Beraza (0), Ander Martinez (13), Rauno Nurger (1), De la Hera (-), Miranda (-).
69 - Hereda San Pablo Burgos: Luka Rupnik (0), Khyri Thomas (7), Joey Van Zegeren (8), Carlos Suárez (2) Alex López (0) -hasierako boskotea-; Rodrigo San Miguel (0), Gonzalo Corbalán (12), Mindaugas Kacinas (2), Obi Enechionyia (-), Marc Edy Norelia (3), Alex Barrera (12) eta Rasid Mahalbasic (23)
Epaileak: Enrique López, Paula Lema eta Eric Carrera.
Partzialak: 21-15, 18-19 (39-34) -atsedenaldia-; 17-15 (56-51) eta 8-18 (64-69). Carlson eta Mahalbasic kanporatuta, bost faltarekin.
Hurrengo zuzenekoak
22 | 11:25 - 12:00 | ''HELMUGA'' saioa |
22 | 12:15 - 14:00 | ATLETISMOA | Amurrioko Krosa |
22 | 16:00 - 17:00 | AIZKOLARITZA | Urrezko Aizkolariak |
22 | 17:00 - 20:00 | PILOTA | Binakakoa: Altuna III-Aranguren vs Artola-Mariezkurrena II |
Ezagutu 2023ko Tourrari buruzko informazio guztia: Etapa profilak, sailkapenak, bideo interesgarrienak.
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa