Bilbao Basket
87-80
Erredakzioa
Talde bizkaitarrak garaipen garrantzitsua lortu du Kopara sailkatzeko bidean. 87-80eko emaitzarekin irabazi du 16. jardunaldiko partida.
Albisteak (3)
RETAbet Bilbao Basketek garaipena lortu du Movistar Estudiantesen aurka (87-80) Endesa Ligako 16. jardunaldian, eta aurrerapausoa eman du Kopara sailkatzeko bidean.
Neurketako lehen saskiratzea Estudiantesek sartu du (0-2) eta talde bisitaria izan da nagusi lehen minutuetan. Madrilgo taldeak lau puntuko abantaila hartu du (10-14), baina orduan etorri da Bilbao Basketen erantzuna; talde bizkaitarrak mendean hartu du aurkaria, eta 18-0eko partziala erdietsita, 14 puntuko errenta lortu du (28-14) lehen hamar minutuei amaiera emateko.
Bigarren laurdenaren hasieran, Estudiantesek desabantaila murriztea lortu du. Oraingo honetan, Madrilgo taldea izan da 0-9ko partziala lortu duena. Atsedenaldira iristeko hiru minutu falta zirenean hartu du aurrea Movistar Estudiantesek (38-40). RETAbet Bilbao Basketek alferrik galdu du 14 puntuko errenta, eta kontrako 42-44ko emaitzarekin joan da atsedenaldira.
Aldageletatik kantxara bueltatzean, Estudiantes nagusi izan da hasieran, eta zortzi puntuko abantaila eskuratu du (43-51). Hala ere, Bilbao Basketek ez dio aurkariari utzi abantaila handiegia hartzen, eta hiru puntura murriztu du desabantaila. Estudiantes aurretik ibili da laurden osoan, baina azken txanpan puntu bakarrera kokatu da Bilbao Basket (61-62), nahiz eta Douglasek sartu duen hirukoak, lau puntuko abantaila eman dio Madrilgo taldeari hirugarren laurdenaren amaieran (61-65).
Azken laurdeneko lehen bi minutuak pasata lortu du RETAbet Bilbao Basketek neurketa berdintzea (65-65), ondoren aurrea hartu duelarik (70-68). Partida berdinduta heldu da azken bost minutuetara (72-72). Berdinketaren ostean, bost puntu jarraian sartu ditu Bilbao Basketek (77-72). Norgehiagoka etxeko taldearen aldeko sei puntuko abantailarekin iritsi da azken bi minutuetara (81-75). RETAbet Bilbao Basketek ondo kudeatu du abantaila, eta garaipena lortu du (87-80).
Fitxa teknikoa:
87 - RETAbet Bilbao Basket (28+14+19+26): Rousselle (16), Rafa Martínez (7), Bouteille (12), Sulejmanovic (10) eta Balvin (3) -hasierako taldea-; Schreiner (4), Brown (20), Sergio Rodríguez, Kulboka (6), Lammers (9) eta Rigo.
80 - Movistar Estudiantes (14+30+21+15): Pressey (8), Dangubic (4), Scrubb (10), Kadji (14) eta Palacios (9) -hasierako taldea- Douglas (16), Avramovic (2), Vicedo (2), Dukan (6), Arteaga (9) eta Sow.
Partzialak: 28-14, 42-44 (atsedenaldia); 61-65 eta 87-80 (amaiera).
Epaileak: Fernando Calatrava, Francisco Jose Araña eta Alfonso Olivares. Arteaga (36. min) eta Schreiner (40. min) kanporatu dituzte.
Hurrengo zuzenekoak
20 | 16:15 - 19:00 | PALA | Gabonetako jaialdia: Gaubeka-Gordon vs Madariaga-Urrutia eta Maldonado-Del Rio vs Fusto-Perez |
Ezagutu 2023ko Tourrari buruzko informazio guztia: Etapa profilak, sailkapenak, bideo interesgarrienak.
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa