Bilbao Basket
82-87
Erredakzioa
Talde bizkaitarrak porrota jaso du Miribillan, 82-87ko emaitzarekin, Endesa Ligako 12. jardunaldiko partidan.
Albisteak (3)
RETAbet Bilbao Basketek porrota jaso du MoraBanc Andorraren aurka (82-87) jokatu duen Endesa Ligako 12. jardunaldiko partidan. Hirugarren neurketa jarraian galdu du Bilboko taldeak.
Lehen laurdena parekatua izan da, nahiz eta hasieran sei puntuko abantaila lortu duen MoraBanc Andorrak (5-11). Pixkanaka, Bilbao Basket aldeak murrizten hasi da, eta aurretik jartzea lortu du (14-13). Lau puntuko errenta ere erdietsi du talde bizkaitarrak (19-15) eta aurkariak baino hiru puntu gehiagorekin amaitu ditu lehen hamar minutuak (26-23).
Bikain ekin dio etxeko taldeak bigarren laurdenari, sei puntuko abantaila eskuratuta (37-31). Gainera, Bilbao Basketek eutsi egin dio errenta horri laurdenaren azken txanpara arte, baina orduan etorri da Andorraren erantzuna, eta desabantaila puntu bakarrera murriztea lortu du (49-48), neurketa atsedenaldira heldu denean.
Atsedenaldiaren ostean parekotasuna izan da nagusi. MoraBanc Andorrak hobeto jokatu ditu hasierako minutuak, ondoren RETAbet Bilbao Basket izan da nagusi, eta emaitza baten eta bestaren alde aldatzen joan da. Talde bizkaitarra nagusi izan da hirugarren laurdenaren azken txanpan, eta bost puntuko abantailarekin (67-62) iritsi da amaierako hamar minutuetara.
Zazpi puntuko errenta izan du RETAbet Bilbao Basketek azken laurdenaren hasieran (71-64), baina Andorra ez da opariak egiteko prest egon, eta, joko ona eginda desabantaila murriztea lortu du, neurketa berdindu (71-71) eta aurrea hartu duelarik (74-75) lehia amaitzeko lau minutu falta zirenean. Talde bisitaria aurretik jarri den momentuan, Bilbao Basket ezinean ibili da, eta Andorrak abantaila lortzeko baliatu du etxeko taldearen beherakada (74-79). Sei puntuko desabantailarekin (77-83) ekin dio Bilbao Basketek azken minutuari. Mumbruk zuzentzen duen taldea saiatu da amaierako segundoetara aukerekin iristen, baina Andorra ez da kikildu, eta garaipenak ez dio ihes egin (82-87).
Fitxa teknikoa:
82 - RETAbet Bilbao Basket (26+23+18+15): Rousselle (6), Rafa Martinez (3), Bouteille (10), Sulejmanovic (2) eta Balvin (8) -hasierako taldea-; Schreiner (12), Jaylon Brown (17), Rodriguez, Kulboka (18), Lammers (6), Rigo eta Cruz.
87 - BC MoraBanc Andorra (23+25+14+25): Hannah (20), Massenat (5), Dejan Todorovic (17), Llovet (2) eta Musli (15) -hasierako taldea-, Senglin (5), Jelínek (18), Walker (5), Clark eta Guille Colom.
Partzialak: 26-23, 49-48 (atsedenaldia); 67-62 eta 82-87 (amaituta).
Epaileak: Martin Bertran, Garcia Ortiz eta Garcia Gonzalez. Rouselle (39. min) kanporatu dute.
Hurrengo zuzenekoak
25 | 17:00 - 20:00 | PILOTA | Binakakoa: Ezkurdia-Rezusta vs Artola-Mariezkurrena II |
Ezagutu 2023ko Tourrari buruzko informazio guztia: Etapa profilak, sailkapenak, bideo interesgarrienak.
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa