Euskal pilota | Azken albisteak eta emaitzak | EITB Pilota

Pilota

23:39

Pilota

Zesta-punta

Arbek eta Mancik Winter Serieserako azken txartela lortu dute, Cosme eta Bailo bi setetan menderatuta

EITB MEDIA

Markina-Xemeingo aurrelariak eta Mutrikuko atzelariak 15-12 eta 15-13 irabazi dute astelehenean, Zumaian, eta, hala, elastiko laranjak jantziko dituzte 2023ko Winter Seriesen; horiek ziren irabazteko gelditzen ziren azkenak.

  • Arbe eta Manci, Winter Seriesen izango dituzten elastiko laranjak aldean dituztela (EITB Media).

    Arbe eta Manci, Winter Seriesen izango dituzten elastiko laranjak aldean dituztela (EITB Media).

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Jokin Arbek eta Mikel Manzisidorrek Cosme Aguirre eta Ruben Bailo menderatu dituzte astelehenean, Zumaiako Aitzuri pilotalekuan, 2023ko Eusko Label Winter Series txapelketako ProAmeko finalean, eta, hala, Winter Serieserako sailkatu dira; txapelketa hori urriaren 30ean hasiko da, eta bikote bat falta zen oraindik sailkatzeko, zortzigarrena. Hain zuzen ere, Arbe Markina-Xemeingo aurrelariak eta Manci Mutrikuko atzelariak 15-12 eta 15-13 irabazi dute, eta elastiko laranjak jantziko dituzte txapelketan; azaroaren 20an jokatuko dute aurrenekoz, Laduche-Gorka bikotearen aurka, B multzoan.

Arbek eta Mancik osatutako bikote gorriak bereganatu du aurreneko jokoa, 15-12, baina partidako hasierako tantoetan urdinak izan dira nagusi. Cosme, etxeko puntista bera, Zumaiako zaleek babestuta, sendo ibili da lehen minutu horretan aurrealdeko koadroetan, eta atzealdean Bailo Manci baino gehiago izan da; mutrikuarra ez da sartu partidan ohi bezain ondo. Hala, Cosme eta Bailo 8-5 zebiltzan aurretik etenaldira joan direnean, eta 9-6 ere izan dira goitik; puntu horretan, aurrelari urdinak bi aldiz jarraian egin du falta, sakean, pilota luzeegi jarrita, eta gorriek zazpigarren tantoa lortu dute. Nolabait, seta aldatu egin da orduan, eta Arbe eta Manci aurrera jotzen hasi dira.

8-9koa ikusgarria izan da, ordura arteko onena, eta Markina-Xemeingo aurrelariak eta Mutrikuko atzelariak beste hiru tanto jarraian egin dituzte, 11-9 jarrita. Urdinek berdindu egin dute nogehiagoka, 11-11, baina, tarte erabakigarrian, Arbek eta Mancik gehiago asmatu dute; bizkaitarrak zazpi tanto egin ditu aurreneko jokoan, eta ondoen ibili den pilotaria izan da.

Bigarren jokoan, gorriak izan dira aurretik, baina urdinek asko estutu dute azken tartean, eta gertu izan dute hirugarren seta behartzea. Arbe eta Manci 6-3, 7-4 eta 8-5 izan dira aurretik, eta bazirudien garaipena bermatzeko moduan zeudela, baina Cosmek eta Bailok eutsi egin diote, eta markagailua irauli dute, 10-9koan; Bailo noaindarrak neurketa ona osatu du.

Bi bikoteak oso parean iritsi dira amaierara (hamarna, hamaikana, hamabina eta hamahiruna izan dira), baina, lehenengo jokoan ere jazo denez, gorriek asmatu dute tanto erabakigarrietan, eta, ondorioz, 15-13 bereganatu dute seta.

Iruzkinak

  • Hurrengo zuzenekoak

    • Gaur
    • AS.
    • AZ.
    • OG.
    • OR.
    • LR.
    • IG.
    23 21:45 - 23:59 ZESTA-PUNTA | Eusko Label Winter Series: Barandika-Lopez vs Goitia-Del Rio

    Fitxaketak… LaLiga Fitxaketak…

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena