Euskal pilota | Azken albisteak eta emaitzak | EITB Pilota

Pilota

13:24

Pilota

ZESTA-PUNTA

Zazpi puntista berri izango dira Winter Seriesen 3. ekitaldian, eta jardunaldia egongo da Gabon zaharrez

EITB MEDIA

Bi multzotan banatutako zortzi bikote arituko dira Gernika-Lumon, urriaren 30etik otsailaren 18ra bitartean. Iñaki Osa Goikoetxearen azken txapelketa izango da.

1:12
  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

2023-24 denboraldiko Eusko Label Winter Seriesen aurreko denboraldiko Winter Seriesen izan ez ziren zazpi puntista izango dira, txapelketako antolatzaileek adierazi dutenez. Asteazkenean aurkeztu dute hirugarren Winter Series torneoa; gogora ekarri dute nola Iñaki Osa Goikoetxearen azken txapelketa izango den, eta, halaber, nabarmentzeko modukoa da abenduaren 31n, Gabon Zaharrean, goizean, jardunaldia izango dela. Bi multzotan banatutako zortzi bikote arituko dira Gernika-Lumon, urriaren 30etik aurrera, Winter Series honetan; zehaztuta dago zeintzuk izango diren zazpi bikote, eta zortzigarrena, alegia, azken bikote sailkatua, Zumaian ebatziko dute, ostegunean eta hilaren 23an. Finala 2024ko otsailaren 18an jokatuko dute.

Hala, hastear da denboraldiko lehenengo txapelketa handia, Jai Alai Leaguen jokatzen dituztenen aurrenekoa, hain zuzen ere Aritz Erkiagak eta Gorka Sorozabalek 2022-23 denboraldiko Liga irabazi berri dutenean. Diego Beaskoetxeak eta Imanol Lopezek irabazi zuten iazko Winter Series, final handian Xabier Barandika eta Unai Lekerika mendean hartuta; Lopezek, hortaz, aukera du txapela bigarren aldiz eskuratzeko, bai eta Aritz Erkiagak ere, Ispasterreko aurrelariak 2021ean bereganatu baitzuen.

Zazpi bikote titular, eta Pro-Ametik iritsitako beste bat

Garaipena lortzen saiatuko diren zazpi bikote ofizialki baieztatu dituzte. A multzoan ibiliko dira Goiko eta Unai Lekerika, Erik Mendizabal eta David Minvielle, Alex Goitia eta Thibault Basque eta Jean Olharan eta Julen del Rio. B multzoan, berriz, Johan Sorozabalek eta Imanol Lopezek osatuko dute bikoteetako bat, Erkiagak eta Ion Ibarluzeak beste bat, eta Ludovic Laduche-Gorka Sorozabal da hirugarren bikotea.

Txapelketan parte hartuko duen zortzigarren bikoteak Zumaiako Aitzuri pilotalekuan jokatuko duten Pro-Am izeneko lehiaketan bereganatu beharko du Winter Serieserako txartela. Lauko final modukoa da, urriaren 19an eta hilaren 23an jokatuko dute, eta irabazlearentzako saria da urriaren 30ean hastekoa den torneoan aritzea. Hilaren 19an bi finalaurrekoak jokatuko dituzte: Jokin Arbe eta Mikel Manzisidor Urko Lekerikarekin eta Eñaut Salegirekin arituko dira nor baino nor gehiago, eta, beste partidan, Cosme Aguirrek eta Ruben Bailok Gonzalo Aguirre eta Unai Uranga izango dituzte aurkari. Irabazleek datorren astelehenean jokatuko dute oraindik zehaztu gabe dagoen zortzigarren plaza hori.

2023-24ko Winter Serieseko bikoteak

A multzoa

Goikoetxea-Lekerika

Erik-Minvielle

Goitia-Basque

Olharan-Del Rio

B multzoa

Johan-Lopez

Erkiaga-Ibarluzea

Laduche-Gorka

Arbe-Manci, Urko Lekerika-Salegi, Cosme-Bailo edo Gonzalo-Uranga

Zortzi bikote horiek final laurdenetako ligaxkan izango dira, urriaren 30etik urtarrilaren 22ra bitartean. Multzo bakoitzean, aurreneko biek izango dute saria, alegia, finalerdiak jokatzea. Finalaurreko horiek urtarrilaren 29an eta otsailaren 5ean jokatuko dituzte, otsailaren 12an hirugarren posturako neurketa izango da eta final handia otsailaren 18rako dago iragarrita, igandez.

Arestian esan bezala, 2022-23ko Winter Seriesen izandako puntistei erreparatuta, zazpi aldaketa daude aurtengoan; hauek dira: Erik, Goitia, Laduche, Ibarluzea eta Gorka, eta Pro-Ametik helduko diren biak. Bikote bakoitzak, horrez gain, kolore jakin bat izango du, identifikazio gisa, txapelketa osoan.

Winter Serieseko partidak astelehenetan jokatuko dituzte, Gernika-Lumon, eta EITBk emango ditu, eitb.eus-en eta ETB1en bidez. Salbuespenak dira abenduaren 31 eta otsailaren 18ko finala; izan ere, egun horiek igandeak dira, eta neurketak goizean jokatuko dituzte. Urtezahar egunean, zehazki, Goiko-Lekerika vs Goitia-Basque A multzoko partida izango da.

Iruzkinak

  • Hurrengo zuzenekoak

    • Gaur
    • AZ.
    • OG.
    • OR.
    • LR.
    • IG.
    • AL.
    14 Zuzenean 12:55 - 18:00 TXIRRINDULARITZA | Italiako Giroa: Hamargarren etapa
    14 16:00 - 19:15 TXIRRINDULARITZA | Durango-Durango klasikoa

    Fitxaketak… LaLiga Fitxaketak…

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena