Euskal pilota | Azken albisteak eta emaitzak | EITB Pilota
Pilota
''Erremontari''
EITB MEDIA
Hurrenez hurren, Ezkurra II.ak eta Zubirik eta Segurolak eta Juaneneak osatutako bikoteak menderatu dituzte, XIII. Sagardoaren Txapelketako bigarren jardunaldian, astelehenean. Bi partidak hirugarren setean erabaki dira; hala, bikote irabazleek hiruna puntu lortu dituzte, eta galtzaileek bana.
Albisteak (2)
Informazio gehiago (1)
Goikoetxea V.ak eta Barrenetxea IV.ak 2-1 (15-14, 12-15, 5-2) menderatu dituzte Ezkurra II.a eta Zubiri, eta Ansa II.ak eta Zalduak ere 2-1 (15-10, 12-15, 5-1) hartu dituzte mendean Segurola eta Juanenea astelehenean, "Erremontari"ko XIII. Sagardoaren Txapelketako bigarren jardunaldian, Hernaniko Galarretan. Bi partidak hirugarren setean erabaki dira; bikote irabazleek, hala, hiruna puntu lortu dituzte, eta galtzaileek puntu bana eskuratu dute behintzat. Horrenbestez, Ander Goikoetxea eta Endika Barrenetxea txapelketako final-laurdenetako ligaxkako lehen postuan dira, zazpi puntu dituztela, jokatutako bi neurketak irabazita; Imanol Ansa eta Ibon Zaldua, lau puntu dituztela, bigarren postuan daude.
Hala, Oialume Zar (Goikoetxea-Barrenetxea) eta Gurutzeta (Ezkurra-Zubiri) sagardotegiak ordezkatzen dituzten bikoteek abiatu dute bigarren jardunaldia. Gipuzkoarrek osatutako bikoteak (Goikoetxea urnietarra da, eta Barrenetxea, aldiz, hernaniarra), alegia, gorriek, abantaila nabarmenak harrapatu dituzte lehen bi setetan, baina urdinek, nafarrek (Josetxo Ezkurra aurrelaria Doneztebekoa da, eta Aritz Zubiri atzelaria, berriz, goizuetarra), ez dute amore eman, eta ia amaieraraino izan dute irabazteko aukera. 5-2 amaitu da berdinketa hausteko jokoa, eta horrek eman die garaipena Goikoetxea V.ari eta Barrenetxea IV.ari.
Bazirudien lehen seta erraz irabaziko zutela gorriek, Oialume Zarrekoak 14-6 jarri baitira aurretik, baina Gurutzetako aurkariek sakea berreskuratu dute, zazpigarren tantoa eginez, eta beste zazpi tanto egin dituzte, ziztu bizian, denak jarraian. Azkenean, 14-14koan, gorriek asmatu, eta lehen seta irabazi dute, hamabosgarren tantoa lortuz.
Bigarren jokoa, lehen zatian, oso parekatuta egon da: 3-3, 4-4 eta 5-5. Goikoetxeak eta Barrenetxeak, orduan, berriro hartu dute aurrea, eta 11-6koa jarri dute markagailuan; gorriak partida irabazteko lau tantora zeuden orduan. Ezkurra eta Zubiri, baina, berriro suspertu dira; azkar berdindu dute, eta gogor jo dute aurrera, seta eskuratzeko. 12-15 irabazita erdietsi dute; ematen zuen aurkariak baino hobeto egon zitezkeela nafarrak, kontuan izanik lehen jokoan markagailua iraultzetik oso gertu izan direla eta bigarren setean, berriz, egoerari buelta ematea lortu dutela.
Aritz Zubirik zuen sakea hirugarren seta hasi denean, eta hori erabakigarria izan zitekeen, garaipena lortzeko soilik bost tanto behar zituztelako; baina falta egin du goizuetarrak, eta gorriek gakoa izan den abantaila jaso dute, horrenbestez. 3-0 jarri dira gipuzkoarrak; nafarrek 4-2koa egin dute, beste behin muturreko egoeran onena emanez, baina gipuzkoarrek garaipenaren tantoa egin dute.
Gaueko bigarren partidan, Ansa II.ak eta Zalduak, gorriek, Aburuza ordezkatu dute, eta Beñat Segurolak eta Aritz Juaneneak, urdinek, Bereziartua. Gipuzkoarrak (Ansa Urnietakoa da, eta Zaldua, donostiarra) eroso ibili dira lehen jokoan; izan ere, azken emaitza 15-10ekoa izan da, baina gorriek abantaila handiak izan dituzte. Alde handiena 14-4koan izan da; une horretan, Aizarnazabalgo aurrelariak, Segurolak, eta Saldiasko atzelariak, Juaneneak, sakea berreskuratu dute, eta bost tanto egin dituzte, bigarren jokoari begira behintzat indar handiagoa eskuratuz.
Emozioa izan da bigarren jokoan; izan ere, aurrenekoa baino askoz ere parekatuago joan da. Urdinek irabazi dute, 15-12, baina aurretik zortzi berdinketa izan dira: 3-3, 4-4, 5-5, 6-6, 7-7, 8-8, 10-10 eta 12-12. Azken txanpan, Segurolak eta Zubirik hiru tanto jarraian egin dituzte, eta norgehiagoka hirugarren setera iritsi da.
Azken jokoan, gorriak nagusitu dira. Ansak eta Zalduak ez diete aukerarik eman Segurolari eta Juaneneari. 3-0 jarri dira aurretik, eta 5-1 nagusitu dira, argi. Aburuzakoek txapelketako lehen garaipena lortu dute.
Hurrengo zuzenekoak
23 | 21:45 - 23:59 | ZESTA-PUNTA | Eusko Label Winter Series: Barandika-Lopez vs Goitia-Del Rio |
Ezagutu 2023ko Tourrari buruzko informazio guztia: Etapa profilak, sailkapenak, bideo interesgarrienak.
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa