Euskal pilota | Azken albisteak eta emaitzak | EITB Pilota

Pilota

11:23

Pilota

WINTER SERIES (8. JARDUNALDIA)

Beaskoetxea-Lopez, bizirik Johan eta Del Riori hiru setetan irabazita

B. L. G. | EITB MEDIA

Guztira, 7 puntu dituzte atzo laranjaz aritu zirenak, hiru partida jokatu ostean, eta oraindik sailkapena lor dezakete. Johanek eta Del Riok, berriz, partida baten faltan, zailagoa dute hurrengo faserako txartela eskuratzea, baina haiek ere aukerekin daude.

0:54
  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Beaskoetxeak eta Lopezek garaipena lortu zuten Eusko Label Winter Serieseko 8. jardunaldian Johanen eta Del Rioren aurka. Lehen setean 15-10 gailendu ziren laranjak, bigarrena, berriz, zurientzat izan zen: 9-15. Azken joko zirraragarri baten ostean, 5-4 irabazi zuten beteranoek.

Astelehena izaki, Gernikako Jai-Alai frontoia lepo bete zen beste behin ere 1.526 ikuslerekin, eta bertaratu zirenek ikuskizun ederraz gozatu ahal izan zuten. Beteranoak eta gazteak, nor baino nor gehiago.

Lehen seta galtzen hasi zuten laranjek. Sakearekin ekin zioten partidari, baina 0-2 jarri ziren. Behin sakea berreskuratuta, aldiz, 6 tanto egin zituzten segidan (6-2), eta atsedenaldira 3 tantoko abantailarekin heldu ziren (8-5). Lopezek sendo jardun zuen, nahiz eta zuriak hura lekutik ateratzen saiatu ziren.

Atsedenalditik bueltan, lehen 3 tantoek gorri kolorea izan zuten. Zuriek hurbiltzeko saiakerak egin bazituzten ere, ez zuten lortu Beaskoetxea-Lopez bikotea urduritzerik. Hori bai, tanto ikusgarriak utzi zituzten bidean. Del Riok, esaterako, kantxan aurrera egin eta bi pareta batekin 13-8koa jarri zuen markagailuan. Hurrengo tantoa ere bikote zuriaren kalitatearen erakusle izan zen, Johanek dejada polit bat egin baitzuen 13-9koa igoarazteko. Hala ere, gorriak nagusitu ziren, eta 15-10 irabazi zuten lehen jokoa.

Bigarrena, ordea, oso bestelakoa izan zen. Atsedenaldia baino lehen, sei berdinketa egon ziren: 1-1, 2-2, 3-3, 4-4, 5-5, 6-6. Orduan, zuriek hortzak estutu eta bi tanto jarraian egitea lortu zuten aldageletara aurretik joateko (6-8). Lanean jarraitu zuten gazteek hamabosgarrenaren bila, tartean txalo-zaparradak merezi zituzten tantoak erdiesten zituztela. Besteak beste, Del Rioren 7-10ekoa, 13. koadrotik pilota luze bat zabalera bideratuta.

Gorriak distantziak murriztuko zituztela zirudienean, baina, Johanek epaileei Zalantzen Txokora joateko eskatu zien 9 eta 10ekoa izango zen tantoan, pilota Lopezen saskitik irten zela iruditu baitzitzaion lapurtarrari. Epaileek arrazoia eman zioten pilotari gazteari, eta une garrantzitsua izan zen jokoaren bilakaeran; izan ere, balizko 9-10ekotik 8-11ra pasatu ziren. Johanek eta Del Riok ez zuten abantaila alferrik galdu, eta bigarren seta poltsikoratu zuten (9-15).

Azkenean, hirugarren jokoan erabaki zen norgehiagoka. Zuriei oso alde jarri zitzaien hirugarren set hori (1-3). Laranjak 2-3 hurbildu ziren, baina 4. tantoa egitea lortu zuten Johanek eta Del Riok (2-4). Dena alde zuten zuriek, tanto batera zuten garaipena. Aitzitik, Beaskoetxeak eta Lopezek, garaipenaren beharrak estututa, 4-4 berdintzea lortu zuten. Zaleek aitortza egin zieten lau pilotariei, partidako azken sakean zutituta. Beaskoetxeak sakea egin, eta Johanek ezin izan zuen saskiratu bereziki zaila ez zirudien pilota.

Horrenbestez, eta sailkapenari begiratuta, Beaskoetxeak eta Lopezek bizirik jarraitzen dute txapelketan, hiru partidak jokatuta, besteek zer egingo duten zain. Une honetan lider dira, baina Goikoetxeak eta Etxetok Johanen eta Del Rioren aurkako partida irabaztea behar dute. Azken horiek, berriz, zailagoa izango dute sailkapena lortzea, Goikoren eta Etxetoren kontra bi setetan gailendu beharko baitira.

Iruzkinak

  • Hurrengo zuzenekoak

    • Gaur
    • AS.
    • AZ.
    • OG.
    • OR.
    • LR.
    • IG.
    23 21:45 - 23:59 ZESTA-PUNTA | Eusko Label Winter Series: Barandika-Lopez vs Goitia-Del Rio

    Fitxaketak… LaLiga Fitxaketak…

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena