Euskal pilota | Azken albisteak eta emaitzak | EITB Pilota

Pilota

09:45

Pilota

4. JARDUNALDIA

Johan-Del Rio bikotearen garaipena Lekeren eta Minvielleren aurka

B. L. G. | EITB MEDIA

Irabazleek hiru set behar izan zituzten neurketa irabazteko (12-15, 15-9 eta 3-5). Urko Lekerika gernikar gazteak jokatu zuen David Minviellerekin batera, Jon Tambourindeguy aurrelari titularraren belauneko lesioagatik.

0:54
  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Johan Sorozabalek eta Julen del Riok bereganatu zuten Eusko Label Winter Serieseko laugarren jardunaldiko neurketa, Urko Lekerika eta David Minvielle hiru setetan garaituta (12-15, 15-9 eta 3-5). Partida B multzoari dagokion bigarrena izan zen, eta, hartara, dagoeneko ez da gelditzen bikoterik jokatu gabe.

Sakez egindako falta batekin ekin zion lehiari Lekerikak (Jon Tambourindeguyren lesioagatik donapaleutarraren ordez jokatu zuen gernikar gazteak), alabaina, norgehiagokak aurrera egin ahala, konfiantza hartu eta geroz eta hobeto aritu zen.

Lehendabiziko seta nahiko parekatua izan zen atsedenaldira arte, baina zuriak uneoro aurretik zirela, tarte handiena hiru tantokoa izanik (4-7 eta 5-8).

Gerora, baina, are estuagoa bihurtu zen neurketa. Izan ere, aldageletatik bueltan, laranjek partida 9ra berdintzea lortu zuten, eta aurretik jarri ez ziren arren, gertutik jarraitu zituzten aurkariak (10-11 eta 11-12) 12ra berdintzeraino iritsiz. Hala eta guztiz ere, hortxe geratu ziren, eta zurientzat izan zen lehen seta (12-15).

Bigarren jokoaren hastapena ere orekaren bidetik joan zen. Orduan, baina, Leke-Minvielle bikoteak hartu zuen markagailuko agintea, baina asko aldendu gabe. 6-4 aurretik zirela, partida eten zen: Johan arazoak izaten ari zen zestarekin, eta aldatu egin behar izan zuen. Atsedenaldian, aurretik ziren laranjak 8 eta 5eko emaitzarekin heldu ziren. Ondoren, tanto trukatzea etorri zen. 11-9ra heltzearekin batera, laranjak sendoago agertu, eta lau tanto kateatu zituzten bigarren seta euren alde erabakitzeko.

Horrenbestez, hirugarren seta jokatu behar izan zuten berdinketa hausteko. Partidako gidoiari jarraiki, lehen tantoetan indarrak parekatuta egon ziren (batean eta bian berdindu zuten). Gerora, 2 eta 4 aitzindu ziren zuriak. Orduan, Johanen azken sakean, falta egin zuen biarriztarrak, eta horrek itxaropen bizia eman zien laranjei. Haatik, Minviellek ezin izan zion erantzunik eman Del Rioren pilotakada gogor bati, eta zurientzat izan ziren hiru puntuak, eta B multzoko bigarren tokian kokatu dira. Galtzaileek, aldiz, puntu bakarrarekin konformatu behar izan zuten.

Zalantzen txokoaren estreinaldia

Txapelketako bigarren jardunaldiaz geroztik, pilotariek epaileek jokaldiren bat bideo bidez berrikusi zezaten eskatzeko aukera daukate. Ostera, bigarren eta hirugarren jardunaldietan, puntistek ez zuten Zalantzen txokoa deituriko baliabide horren erabilerarik egin, bai, ordea, laugarrenean.

Hala, lehen setean, zuriek 12 eta 13ko tantoa egin zutenean, Minviellek bideo bidezko berrikusketa eskatu zien epaileei: pilotak Julen del Rioren saskian punpa egin zuela iritzi baitzion. Epaileek, ordea, berretsi egin zuten euren erabakia, irudiak gainbegiratu ondoren, eta tantoa bere horretan geratu zen.

Bikote bakoitzak, set bakoitzean, berrikusketa bana eskatzeko aukera du. Eskaera egiten duen bikoteak arrazoia izatekotan, ez du eskaera egiteko aukera galduko. Aldiz, epaileek berrikusketa hori balekoa ez dela erabakiz gero, bikote horrek ezingo du hurrengo setera arte beste berrikusketa bat eskatu.

Iruzkinak

  • Hurrengo zuzenekoak

    • Gaur
    • LR.
    • IG.
    • AL.
    • AS.
    • AZ.
    • OG.
    29 17:00 - 20:00 PILOTA | Buruz Buruko Txapelketa: Peña II vs Larrazabal

    Fitxaketak… LaLiga Fitxaketak…

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena