Beste kirolak
ESKUBALOIA - EHF EUROPA LIGA
G. P. A. | EITB MEDIA
Bera Berak eta Benficak 32na berdindu dute Gascan jokatutako partida, baina Lisboako neurketan donostiarrak gailendu zirenez, horiek egin dute aurrera EHF Europa Ligako multzoen fasea lehiatu ahal izateko ibilbidean.
Supera Amara Bera Berako jokalariak, pozarren, Benfica kanporatu ostean. EITB Media
Albisteak (1)
Super Amara Bera Berak gainditu egin du EHF Europako Ligako multzoen fasea lehiatzeko Benficaren kontra jokatu duen kanporaketa. Gaur, bi taldeek Gascan jokatu duten partida gogorra izan da, eta Imanol Alvarezen taldeak azken unera arte eman behar izan du barruan zuen guztia. Neurketa 32ra berdinduta amaitu da, baina Lisboan lortutako 2 goleko errentari esker, donostiarrek egin dute aurrera.
Hurrengo kanporaketan, FunFloor Poloniako taldea izango dute aurkari, eta hori gaindituz gero, Bera Bera Europa Ligako multzoen fasean izango da.
Lehen zatia oso parekatua izan da. Donostiarrek argi zuten partida ondo hasi behar zutela, kontzentratuta eta indartsu. Hala egin dute, baina portugaldarrak hazita iritsi dira Gascara, joaneko neurketan lortu zuten emaitzarekin kanporaketa gainditu zezaketela sinetsita, eta estu hartu dute Imanol Alvarezen taldea.
Bera Berak lan nahiko ona egin du defentsan, eta Kostic atezainak hainbat geldiketa erabakigarri egin ditu. Hala ere, erasoko jokoan hainbat aukera galdu dituzte, eta bost jaurtiketetan baloiak zutoina edo langa jo du.
Horrela, gol bateko abantailarekin (16-15) joan dira atsedenaldira bi taldeak, kanporaketa irekita utzita.
Bigarren zatia gorabeheratsua izan da. Hasieran, portugaldarrak askoz hobeto ibili dira, eta aurrea hartu dute markagailuan (16-18); 15. minutuan, berriz, 3 goleko errenta lortu du, lehen aldiz, Bera Berak (26-23), eta partidaren azken txanpara berdinduta heldu dira bi taldeak (28-28).
Bukaera emozio handikoa izan da. Benficak ez du amore eman, eta partida bukatzeko bi minuturen faltan, kanporaketa berdintzea lortu du (30-32). Alabaina, eta sufrituta izan bada ere, neurketa enegarrenez parekatu du Bera Berak, eta hortxe amaitu da partida (32-32). Elba Alvarez, Anne Erauskin eta Carmen Arroyo izan dira gaur gehien nabarmendu diren jokalariak, eta hiruren artean 17 gol sartu dituzte.
Gaurko berdinketarekin eta Lisboan eskuratutako bi goleko abantailari esker, Bera Berak EHF Europa Ligako multzoen fasea lehiatzeko ibilbidean aurrera egin du. Bigarren eta azken kanporaketa FunFloor Poloniako taldearen kontra jokatuko du. Joaneko partida azaroaren 9an edo 10ean izango da, eta itzulikoa, azaroaren 17an, Gascan.
FITXA TEKNIKOA
32- Super Amara Bera Bera: Kostic, Prades; Erauskin (5), Joao, Tchaptchet (3), Arrojeria (4), Ogonovszky (1), Hernandez (1), Etxeberria (1), Arroyo (5, 2 penaltiz), Álvarez (7, 1 penaltiz), Karsten, Gavilan (1), Louis (1), Tapia eta Menendez (3).
32- SL Benfica: Rosa, Carlos; Campos (5), S.M. Da Silva, Unjanque (5), Patricia Rodrigues (6, 2 penaltiz), Pereira, Bolzan e Silva (2), Costa (2), Alves Henriques, Nadia Rodrigues (1), Sequeira (3), Maria Santos (1), Semedo (1), Ferreira (2), Da Silva (2) eta Shunu (2).
Epaileak: Mihai Marian eta Radu Mihai. Txartel gorria atera diete Maria Santosi eta Laura Hernandezi. Hauek kanporatu dituzte: Etxeberria, Tchaptchet, Carmen Arroyo eta Laura Hernandez, etxekoen taldean; eta Bolzan e Silva, Costa, Unjaque (2) eta Campos, bisitarien taldean.
Gertakariak: 1.300 ikusle inguru izan dira Jose Antonio Gasca kiroldegian.
Hurrengo zuzenekoak
19 | 22:20 - 00:45 | ZESTA-PUNTA | Eusko Label Winter Series: Erkiaga-Ibarluzea vs Olharan-Zabala |
Ezagutu 2023ko Tourrari buruzko informazio guztia: Etapa profilak, sailkapenak, bideo interesgarrienak.
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa