14:06

Beste kirolak

Golfa

Ryder Cupek Solheim Koparen lekukoa hartuko du, asteburuan, Erroman

EITB MEDIA

Ameriketako Estatu Batuetako eta Europako golf jokalaririk onenetakoak arituko dira, ostiraletik igandera bitartean (irailaren 29tik urriaren 1era), Erromako Marco Simone klubean. Jon Rahm ere izango da bertan; barrikarra, egun, munduko sailkapeneko hirugarren postuan dago.

  • Jon Rahmek hirugarrenez jokatuko du Ryder Kopa. Argazkia: EFE.

    Jon Rahmek hirugarrenez jokatuko du Ryder Kopa. Argazkia: EFE.

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Ryder Cup txapelketaren 44. ekitaldiak lekukoa hartuko dio, asteburuan, Solheim Kopari; hain zuzen ere, ostiralean, irailaren 29an, hasi eta igandean, urriaren 1ean, amaituko da. Erroman jokatuko dute, Marco Simone klubean, asteburuan Malagan Solheim Kopa jokatu ostean. Ameriketako Estatu Batuetako eta Europako golf jokalaririk onenak (24) arituko dira Ryder Cupen, eta Jon Rahm ere izango da bertan; barrikarra, egun, munduko sailkapeneko hirugarren postuan dago, eta Europari laguntzen saiatuko da, egun AEBk duen Ryder Kopa berreskura dezan.  

Munduko sailkapena aztertuta, Ameriketako Estatu Batuetako taldeak aurreneko 25 jokalari onenen artean ditu jokalari guztiak; Rickie Fowlerrek du zerrendan posturik baxuena, 25. baitago. Europak, aldiz, hainbat golf jokalari ditu postu horretatik behera sailkatuta: Shane Lowry irlandarra 34. postuan dago, Justin Rose ingelesa 37. tokian, Robert McIntyre 55.ean, Ludvig Aberg suediarra 80.ean, eta Nicolai Hojgaard daniarra 82.ean.

Lehen hamar tokiei erreparatuta, AEBko sei golf jokalari eta Europako lau daude horien artean. Scottie Scheffler estatubatuarra dago, berriro, aurreneko postuan (11.29), eta Rory McIlroy iparrirlandarra da bigarrena (10.55). Jon Rahm (9.61) eta Victor Hovland (7.66) daude hirugarren eta laugarren postuetan.

Jarraian, hiru estatubatuar daude: Patrick Cantlay (7.13), Xander Schauffele (6.63) eta Max Homa (5.23). Matt Fitzpatrick ingelesa da zortzigarrena (4.98), eta Brian Harman (4.94) eta Wyndham Clark (4.77) estatubatuarrak daude bederatzigarren eta hamargarren postuetan.

Honako hauek dira Ryder Kopan arituko diren golf jokalariak: Ameriketako Estatu Batuetako taldean arituko dira Scottie Scheffler, Wyndham Clark, Brian Harman, Patrick Cantlay, Max Homa, Xander Schaffele, Brooks Koepka, Jordan Spieth, Collin Morikawa, Sam Burns, Rickie Fowler eta Justin Thomas; Europakoan, ordea, Rory McIlroy, Jon Rahm, Robert McIntyre, Victor Hovland, Tyrrell Hatton ingelesa, Matt Fitzpatrick, Tommy Fleetwood ingelesa, Sepp Straka austriarra, Justin Rose, Shane Lowry, Nicolai Hojgaard eta Ludvig Aberg hautatu dituzte.

Azken hamabi horiek Ryder Kopa Europako taldeari ematen saiatuko dira. Asteburuan jokatutako Solheim Kopak Europan jarraituko du; izan ere, hamazortzigarren ekitaldian, Europak eta AEBk 14-14 berdindu dute, eta emaitza horri esker, Europak eutsi egin dio Kopari. Carlota Ciganda bikain aritu da, eta erabakigarria izan da Europako taldearen arrakasta horretan.

Iruzkinak

  • Hurrengo zuzenekoak

    • Gaur
    • IG.
    • AL.
    • AS.
    • AZ.
    • OG.
    • OR.

    Ez dago zuzenekorik

    Fitxaketak… LaLiga Fitxaketak…

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena