Beste kirolak
Eskubaloi Munduko Txapelketa
EITB MEDIA
Espainiako selekzioak Norvegiakoa garaitu du final laurdenetan, bi luzapen jokatu ostean. Kauldi Odriozolaren eta Iñaki Peciñaren lana ezinbestekoa izan da garaipena lortzeko.
Iñaki Peciña defentsa lanetan, Norvegiaren eta Espainiaren arteko partidan. Argazkia: EFE.
Kauldi Odriozola, Iñaki Peciña eta Imanol Garciandia euskal jokalariak dominak lortzeko lehiatuko dira Suedian eta Polonian jokatzen ari diren Eskubaloi Munduko Txapelketan, asteazkenean Espainiako selekzioak Norvegia 34-35 garaitu eta gero. Espainia finalerdietara sailkatu da, final laurdenetako kanporaketa gaindituta, bi luzapen jokatu ostean. Kauldi Odriozolaren eta Iñaki Peciñaren lana ezinbestekoa izan da garaipena lortzeko, eta Imanol Garciandia, oraingo honetan, ez dute deialdian sartu. Finalerdia Danimarkaren aurka jokatuko dute.
Partida emozio handikoa izan da, oso parekatua; bi luzapen izan dira, eta horrek egiaztatzen du bi taldeak sendo ibili direla. Espainiako selekzioak, honela, dominak eskuratzeko borrokan jarraituko du, eta Norvegia, aldiz, bosgarren eta zortzigarren postuen arteko lehian arituko da ondorengo egunetan.
Norvegiako selekzioak, atsedenaldian, abantaila txikia izan du, markagailuan zegoen 13-12koarekin. Espainiak hasierako taldean zelairatu ditu Kauldi Odriozola eta Iñaki Peciña, baina ez du partidari ondo ekin, eta zazpigarren minutuan lau goleko aldea zuen Norvegiak (6-2). Jordi Ribera Espainiako entrenatzaileak hutsartea eskatu du, eta, gerora, emaitza asko estutu da; 7-7 izan dira, bederatzina, hamarna, eta hamaikana. Beraz, oso parean ibili dira bi taldeak, lehen zatiko azken minutuetan.
Bigarren zatian, emaitza erabat berdinduta izan da une oro. Norvegiak bi goleko aldea bereganatu du 17-15ekoan, eta Espainia, 19-20an, lehen aldiz jarri da aurretik; baina inork ez du alde handirik lortu, eta, horrela, Norvegiako selekzioak gol bateko abantaila zuen azken minutuan, 25-24. Azken erasoan, nahiz eta Norvegiak jokalari bat gehiago zuen, epaileek pasibo adierazi diote, eta kontraerasoan, azken segundoan, Espainiak luzapenera eraman du kanporaketa.
Luzapenean, berdintasuna izan da nagusi, berriro ere. 60 minutuen amaieran, 25-25 zihoazen, eta, luzapena bukatuta, bi selekzioek launa gol eginda, berdinketarekin jarraitu dute, 29na. Bigarren luzapena, beraz; horretan, Espainiak, Dani Dujshebaeven gol bati esker, abantaila izan du Norvegiaren azken erasoan, eta Perez de Vargas espainiar atezainak norvegiarren azken jaurtiketa gelditu du.
Fitxa teknikoa:
34 - NORUEGA: Bergerud (A), Saeveras (A), Sagosen (3), O'Sullivan (4), Aga Eck, Barthold (8), Overjordet, Overby (2), Toft, Bjornsen (9), Gullerud (1), Johanessen, Reinkind (3), Gulliksen, Grondhal (2), Blonz eta Abelvik Rod (2).
35 - ESPAINIA: Corrales (A), Perez de Vargas (A), Guardiola, A. Fernandez (8), Sole (3), Cañellas (5), A. Dujshebaev (7), D. Dujshebaev (5), Maqueda, Casado, Figueras (5), Peciña, Odriozola (1), Sanchez-Migallon, Serdio (1), Garciandia eta D. Fernandez.
Hurrengo zuzenekoak
22 | 11:50 - 12:15 | ''HELMUGA'' saioa |
22 | 12:20 - 14:00 | ATLETISMOA | Amurrioko Krosa |
22 | 16:00 - 17:00 | AIZKOLARITZA | Urrezko Aizkolariak |
22 | 17:00 - 20:00 | PILOTA | Binakakoa: Altuna III-Aranguren vs Artola-Mariezkurrena II |
Ezagutu 2023ko Tourrari buruzko informazio guztia: Etapa profilak, sailkapenak, bideo interesgarrienak.
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa