Beste kirolak
Golfa
eitb.eus
Golf-jokalari nafarra lehen aldiz sartu da Top 10ean; bizkaitarra, berriz, zortzigarren tokira igo da.
Bideoak (1)
Carlota Ciganda nafarra munduko golf-jokalari onenen artean sartu da, lehen aldiz bere ibilbidean. 28 urteko kirolariak maila bat igo du aipatu sailkapenean (hamaikagarren tokian zegoen) asteburu honetan, Phoenixen (Arizona, AEB) jokatu duen Founders Cup txapelketan bigarren izan eta gero (21 parretik behera), Jin-Young Ko (Hego Korea) irabazlearengandik kolpe bakarrera.
Ciganda zerrenda horretan agertzen den europar bakarra da; izan ere, bere aurretik daude Sung Hyun Park, Jin-Young Ko, So Yeon Ryu eta Inbee Park hegokorearrak (1.a, 4.a, 5.a eta 8.a, hurrenez hurren); baita Ariya Jutanugarn thailandiarra (2.a), Minjee Lee australiarra (3.a), Nelly Korda eta Lexi Thompson estatubatuarrak (6.a eta 9.a) eta Nasa Hataoka japoniarra (7.a) ere.
Bere aldetik, Jon Rahm bizkaitarrak hamargarren tokitik zortzigarrenera egin du jauzi. Barrikako golf-jokalariak seigarren egin du (bost parraz azpitik) Valspar Championship lehiaketan (Florida, AEB). Paul Casey ingelesa izan da bertan irabazle, barrikarrak baino hiru kolpe gutxiago eginda.
Azkenik, Adrian Otaegui donostiarra 73.a da munduko sailkapenean, Maybank Championship torneoan (Kuala Lumpur, Malaysia) kortea pasatu ezinda geratu eta gero.
Hurrengo zuzenekoak
23 | 21:45 - 23:59 | ZESTA-PUNTA | Eusko Label Winter Series: Barandika-Lopez vs Goitia-Del Rio |
Ezagutu 2023ko Tourrari buruzko informazio guztia: Etapa profilak, sailkapenak, bideo interesgarrienak.
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa