Traineruen Eusko Label Liga 2022, egutegia, emaitzak eta azken orduko albisteak
#-eusko_label_home-#
ORIOKO KANPINA BANDERA
G. P. A. | EITB MEDIA
Bigarren txandan aritu den Hondarribiak irabazi du Orioko Bandera, estropada bikaina eginda. Zierbena izan da bigarrena eta Getaria hirugarrena. Urdaibaik bosgarren tokian amaitu du, Lekittarraren atzetik.
Hondarribiak ezustekoa eman du Eusko Label Ligako 12. jardunaldian, Orio Kanpina Bandera bereganatu baitu, bigarren txandan aritu arren, estropada ikusgarria eta lan bikaina eginda. Zierbena izan da bigarrena eta Getaria hirugarrena. Gaur arte jaun eta jabe izan den Urdaibaik, berriz, bosgarren tokian amaitu du estropada, Lekittarraren atzetik.
Hondarribia bigarren txandan aritu da, eta berak ezarri du denborarik onena: 20 minutu eta 59 segundo. Getaria iritsi da ondoren (+9), Lekittarraren (+11) eta Caboren aurretik (+26).
Ama Gudalupekoaren marka hobetzeko asmoarekin itsasoratu dira Urdaibai, Zierbena, Donostiarra eta Orio ohorezko txandan.
Lau traineruak parean joan dira hasieratik, eta lehen ziaboga ere hala egin dute. Bigarren luzean, baina, Zierbenak aurrea hartu du, bospasei segundoko aldea zabalduz Urdaibai eta Donostiarrarekiko, eta zortzikoa Oriorekiko.
Lau ontzien arteko distantziak bere horretan mantendu dira hurrengo luzeetan, baina denborak kontuan hartuta, Zierbena soilik egon da Hondarribiari Orioko Bandera lehiatzeko moduan.
Bizkaitarrak izan dira nagusi ohorezko txandan, baina gipuzkoarrek baino lau segundo gehiago behar izan dituzte lana amaitzeko, 21 minutu pasatxo, hain zuzen ere. Une horretan hasi dira ospakizunak Ama Guadalupekoa traineruan, eta ez zen gutxiagorako, denboraldiko lehen bandera eskuratu baitu Hondarribiko ontziak.
Bestalde, Zierbenaren atzetik sartu dira Urdaibai (+6), Donostiarra (+12) eta Orio (+25). Bermeotarrak nagusi izan dira orain arte jokatu diren estropada ia guztietan, baina gaurkoan, lehen aldiz, ez dira garaipenerako lehian izan, eta ezin izan dute bigarren txandan aritu diren Getariaren eta Lekittarraren denborak hobetu. Horrenbestez, Bou Bizkaia ontziak bosgarren tokian amaitu du Orioko Bandera.
Orioko Banderaren sailkapena.
Edonola ere, Urdaibai da oraindik Eusko Label Ligako liderra, 137 punturekin, eta bigarren tokian dago Zierbena, 127rekin.
Eusko Label Ligako sailkapen nagusia.
Hurrengo zuzenekoak
Ez dago zuzenekorik |
Ezagutu 2023ko Tourrari buruzko informazio guztia: Etapa profilak, sailkapenak, bideo interesgarrienak.
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa