21:50

gaztea

Gaztea Sariak

ZETAK, ETS, IZARO, Tatta eta Malakias, Gaztea Sarietan garaile

B. F. | EITB Media

ZETAKek artista onenaren eta disko onenaren garaikurrak eraman ditu. ETSk zuzeneko onenaren Gaztea Saria eraman du, IZAROk bideoklip onenarena eta Tatta eta Malakiasek abestirik onenarena.

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Gazteak banatuko ditu aurtengo garaikurrak, bi egunetan banatutako sariei itxiera borobila emanez.

ZETAK izan da gaueko izarra, artista eta disko onenaren garaikurrak eskuratuta. 2023ko birak izandako arrakastaren erakusle gisa, ETSk eraman du zuzeneko onenaren Gaztea Saria. IZAROren 'CERODENERO BIDEOKLIPAZO' 30 minutuko ikus-entzunezko piezak eraman du urteko bideokliparen garaikurra eta Tatta eta Malakiasek, ostera, abesti onenarena "Zure atzetik"engatik.

Mariatxien musikak ireki du Gaztea Sarien gala, Tatta eta Faneren "Sin preocuparme" abestiaren lehen akordeekin. Abestia bukatuta, Ainhoa Vitoria eta Ibon Fernandez aurkezleek publikoa agurtu dute, Gaztea Sarien lehen egunaren errepasoa egin aurretik.

IZAROren 'CERODENERO BIDEOKLIPAZO', 2023ko bideoklip onena

Gehiegi luzatu gabe ekin diote gaueko lehen saria banatzeari. IZARO, Bulego, Sara Zozaya eta Merina Gris ziren kategoriako izendatuak, eta lehenak eraman du Gaztea Saria.

Espazio bakarrean grabatu dute 'CERODENERO BIDEOKLIPAZO'. 30 minutuko piezan, diskoaren errepasoa egiten du artistak, batzuetan bakarrik eta beste batzuetan musikariz eta dantzariz inguratuta. IZAROk berak zuzendu du pieza, Claudia Chocarro eta Ander Merinorekin.

Hunkituta agertu da IZARO oholtza gainean, eta lantaldeari eskaini dio garaikurra.

Zuzeneko onena, ETSrentzat

Kutxabank Kornerrek babestutako garaikurrak badu irabazlea: ETS. Taldekide guztiak igo dira oholtzara, eta eskertuta agertu dira taldearen ibilbide luzean zehar ondoan izan dituzte bidelagunekin. Udako jaiei eta kontzertuei mentzio berezia egin die Iñigo Etxezarretak.

Bigarren saria banatuta, bart artista berri onenaren Gaztea Saria eraman zuen Eirek zuzenekoa eskaini digu, publikoaren gozamenerako.

ZETAKen 'AAZTIYEN', 2023ko disko onena

Pello Reparazek jaso du ZETAKi emandako disko onenaren Gaztea Saria. Sekula egin duen gauzarik partikularrena da AAZTIYEN, Pello Reparazen hitzetan.

Historia eta etorkizuna besarkatzeko deia egin du saria jasotzean.

Abesti onena: Tatta eta Malakiasen "Zure Atzetik"

Sare sozialetan guztiz biral bilakatu den abestiak eraman du kanta onenaren Gaztea Saria: Tatta eta Malakiasen "Zure Atzetik"ek. Biak igo dira agertokira. Tattak familia eta lagunei eskaini die, eta Malakiasek janari falta salatu du, italieraz.

ZETAK, 2023ko talde onena

Iritsi da, azkenean, gaueko sari potoloaren unea. Ozenki iragarri dute Ainhoak eta Ibonek: ZETAK. Pello Reparazek jaso du garaikurra. Diskurtsoan, Palestinako herriaren sarraskiaren kontra Donostian egingo den (martxoak 17) manifestaziora deitu du publikoa.

Sariak banatuta, iritsi da sariei amaiera borobila emateko unea. Publikoaren txalo artean hartu dute oholtza ETSko kideek.

Iñigo Etxezarreta eta konpainia ez dira bakarrik agertu oholtza gainean. Izan ere, kontzertu erdi aldera Green Valley taldeko kideak gonbidatu diru agertokira. Lehen aldiz jo dute jendaurrean "Logela honetan" abestia. Gero etorri dira dagoeneko ETSren klasiko bihurtu diren kantak, "Zuekin batera" eta "Amona maitea" tartean.

ETS eta Green Valley. Argazkia: Peio Zamalloa | Gaztea

ETS eta Green Valley. Argazkia: Peio Zamalloa | Gaztea

 

Iruzkinak

  • Irratia zuzenean

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena