gaztea
Sareak
B. F. | EITB Media
Instagram, TikTok eta Snapchatek ez bezala, BeReal sare sozialak filtrorik gabeko egunerokotasunaren aldeko apustua egin du. 2020an sortutako aplikazioak susperraldia izan du azken hilabeteetan eta dagoeneko doako sare sozialen hirugarren postuan dago.
BeReal aplikazioren interfazea
"Denok aspertzen gara. Denok pasatzen ditugu eguneko hainbat ordu bakarrik, sarri gauza aspergarriak egiten". Esaldi horrekin azaldu zuen Alexis Barreyat BeRealen sortzaileetako batek aplikazioaren helburua: sare sozialen mundu perfektua lurreratzeko dator BeReal.
Nola erabili?
Eguneko edozein ordutan, aplikazioak jakinarazpena bidaltzen die erabiltzaileei. Une horretatik aurrera, egiten ari diren horri argazki bat atera eta lagunekin elkarbanatzeko aukera dute. Argazkia egiterako orduan, hiru baldintza: mugikorraren aurreko eta atzeko kamera erabili behar da, bi minutu dituzu gehienez nahi duzun argazkia ateratzeko eta ez dago argitalpena editatzeko tresnarik.
Egin duzun lehen argazkia gustuko ez baduzu, beste aukera bat baino ez duzu izango zure eguneko BeReala egiteko. Gero, titulu bat jarri eta argazkia geolokalizatu dezakezu, non zauden erakutsi eta lagunak gertu dituzun ikusteko aukera baliatuz.
BeReal aplikazioko pausoak
BeRealeko lagunen artean bi motatako interakzioa dago. Alde batetik, iruzkinak utz ditzakezu lagunen argitalpenetan, emoji zein testu formatuan. Bestela, argazki bakoitzerako propio sortutako RealMoji bat sortzeko aukera duzu (erreakzionatu nahi duzun argazki horretarako ateratako selfie bat).
Eguneko jakinarazpena jasotzean, zure txokoa eguneratu egingo da: aurreko eguneko argazkiak desagertu eta egun horretan lagun guztiek lantokian, etxean, komunean edota hondartzan egindako postak ikusteko aukera izango duzu.
Argazkiak zuk onartutako lagunekin edo mundu osoarekin konpartitzeko aukera ematen dizu aplikazioak.
Batzuetan, BeRealek erronka jostagarriak botatzen dizkie erabiltzaileei: lagunen baten argazkia kopiatzea, beste lagun batek ateratako leku eta ordu berean argazki bat egitea…
Filtrorik gabeko errealitatearen arrakasta
2020an sortu zuten BeReal, Frantzian. Sare sozial berri guztien fase esperimentala gaindituta, sekulako arrakasta izaten ari da iOS zein Androiden erabiltzaileen artean. Bada, doako hirugarren sare sozial deskargatuena da egun Play Storen eta App Storen bosgarren postua lortu du (Whatssap, Messenger, Facebook eta Telegramen atzetik).
Frantziar aplikazioaren arrakastaz jabetuta, Instagram BeRealen antzeko funtzioak probatzen hasi da. Hala, erabiltzaileei "IG Candid Challenges" (erronka zintzoak) proposatzen hasi da eta "Dual" funtzioa (aurreko eta atzeko kamera aldi berean erabiltzekoa) jarri du martxan.
Irratia zuzenean
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa
Edukiak zuzen ikusteko, eguneratu nabigatzailea
Gure webeko funtzio batzuekin bateragarritasun arazorik ez izateko, nabigatzailea eguneratu eta bertsiorik berriena jartzea gomendatzen dizugu.
Gutxienez bertsio hauek izatea komeni da:
- Google Chrome 37
- Firefox 40
- Internet Explorer Edge
- Safari 2
- Opera 36
Nabigatzailearen zein bertsio duzun jakiteko, whatbrowser.org erabil dezakezu.