telebista
22:15ean
EITB MEDIA
Eider Hurtadok gidatutako kazetari taldeak covid-19aren aurkako txertoaren inguruan sortu diren hainbat galderei erantzuna emango die.
Eider Hurtado, "360º" saioko aurkezlea. Argazkia: EITB
Informazio gehiago (2)
Covid-19ak dagoeneko 76 milioi pertsona baino gehiago kutsatu eta 1,6 milioi heriotza baino gehiago eragin ditu. Komunitate zientifikoak hilabeteak daramatza erantzunak ahalik eta azkarren topatzeko, baina halako lastertasunak mesfidantza sortzen du herritarrengan. Gaurko "360º" saioa hainbat galderei erantzuna ematen saiatuko da, hala nola ea txerto batzuk besteak baino seguruagoak diren, ea urtero txertatu beharko genukeen edota ea bizitza normala noiz egin ahal izango dugun.
Eider Hurtado saioko aurkezle eta zuzendariak Salvador Illa Osasun ministroa elkarrizketatuko du, eta pandemiari dagokionez 2021a nolakoa izango den aurreratuko du. Txertatzeari zaion beldurra deuseztatzea izango da datorren urteko erronka handienetako bat. Azken inkesten arabera, 10etik 4 pertsonek nahiago dute itxaron. Gorka Orive ikertzaile eta EHUko farmazia irakaslea eta Adolfo Garcia-Sastre New Yorkeko Monte Sinaí Ospitaleko birologoa saiatuko dira biztanleen zalantzei erantzuna ematen Rafael Bengoarekin batera, OMEko Osasun Sistemen zuzendari ohia.
Igande honetan saioak txertoei buruzko zurrumurruak zein puntutaraino diren egokiak argituko du Isabel Sola, Ikerketa Zientifikoetako Kontseilu Goreneko kidea, adituarekin, besteak beste. Miguel Jara, osasunean espezializatutako kazetariak farmazia industriaren negozioa noraino iristen den argituko du, eta baita txerto batetik besterako ezberdintasunak zertan datzan.
Prezio eta interesei buruzko debatearen erdian, halaber, txertatzearen aurkako sektoreak indarra hartzen eta ezjakintasunaz baliatzen ari dira euren albiste faltsu propioak hedatzeko. "360º"ko lantaldeak koronabirusari buruzko albiste horiei jarraipena egin die, eta Marcelino Madrigal teknologoarekin batera, desinformazio kanpaina horien atzean nor ezkutatzen den argituko dute.
Herrialdeen arteko tentsioa areagotzeko eta mundu mailako egoera baldintzatzeko arma bihurtu dira txertoak. Luis Quevedo dibulgatzaile zientifikoak bere ikuspuntu propioa eskainiko du, eta Ekialde Urrunean espezializatutako kazetaria den Zigor Aldamak Txinak munduko ordena berrian duen paperaz jardungo du.
Halaber, saioak Munduko Osasunaren Erakundeak pandemian zehar izan duen papera aztertuko du, zalantzan geratu baita. OMEko sendagaien zuzendari ohiak, German Velasquezek argituko du nola finantzatzen den nazioarteko erakunde hori, eta zein interes ezkutatzen diren ekarpen boluntarioen atzean.
Bestalde, saioak ea txertoak garapen bidean dauden herrialdeetara iritsiko diren galdegin du, eta Miriam Aliak, Mugarik Gabeko Medikuak herrialde horiek koronabirusaren aurkako sendagaiak lortzean izango dituzten zailtasunei buruz hitz egingo du.
"360º" saioaren 'La vacuna: salud y negocio' erreportajea gaur izango da ikusgai, 22:15ean, ETB2 eta eitb.eus-en.
EiTB TALDEA
EITB Media
900 11 2525 doako telefonoan eta eitb.eus/arreta orrian jasotzen diren kontsulta, kexa eta iradokizunak sistema bateratu berri baten bidez kudeatuko dira.
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa