09:35

telebista

Ekainak 10

Giza kateari jarraipena, gaur, EiTBn

EiTB

Telebistan, irratian eta eitb.eus-en Gure Eskuk antolatutako giza katearen inguruko eduki eta saio bereziak izango dira.

0:20
  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Gure Esku Plataformak antolatu duen giza katea dela-eta, EiTBk saio eta eduki bereziak izango ditu gaur. ETBn, Euskadi Irratian, Radio Euskadin, Radio Vitorian eta eitb.eus-en giza katearen osaketari jarraipena egingo diote.

Telebistari dagokionez, giza kateak jarraipen handia izango du 'Gaur Egun'en eta 'Teleberri'n. Halaber, albistegi berezia izango da 12:00etan ETB1en eta Xabier Lapitzek eta Irati Sarasuak gidatutako saio bana eskainiko da ETB2n eta ETB1en.

Goizean, ETB2n, 11:30ean 'Especial 202 Km' eskainiko da. Xabier Lapitz platoan egongo da eta kalean hainbat erreportarik hiru hiriburutan gertatzen dena azalduko dute. Halaber, giza katea nola osatzen den ikusi ahal izango da zuzenean.

Bestalde, ETB1en, igande gauean, '201’9 km eskuz esku' erreportajea izango da ikusgai 21:00etan. Egun horretan sortuko den giroaren lekuko izango den saio honetan bertan egongo diren herritarren hitzak bilduko dituzte, eta egingo dituzten ekintzen irudi eta aldarriak jaso.

Horrez gain, urte osoan zehar boluntarioek egin duten lana zein izan den jakin nahian Getxora joan dira. Bertako taldeko kideek zein ilusio eta zein beldur duten azaldu dute, eta mugimendu honen parte izateko zein arrazoi dituzten ere bai. Getxo galdeketa antolatu duten 202 herri horietako bat da, eta Gure Esku Dagok antolatutako galdeketa horien parte hartzea %22 izateak sortu dituen iritzi ezberdinez ere galdegin diete.

Gure Esku Dago mugimenduak aniztasuna bilatzen du, eta badira hori neurri batean lortu duten herriak, besteak beste, Eibarren elkarri begiratu ere egiten ez zioten hainbat herritarren elkargune izan da mugimendua. Guztiek nabarmendu dute abertzale ez diren horiengana iristea dela Gure Esku Dagok une honetan duen hutsunea.

Gainera, mugimenduaren bozeramaile Angel Oiarbiderekin urte hauen eta ekintza ezberdinen analisia ere egin dute  baita Gazta zati bat dokumental ezagunaren egile Jon Maiarekin ere. Nazioarteko ikuspegia ezagutu nahian, Julieta Gaztañaga antropologoarekin hitz egin dute. Bereziki mugimenduak izan lezaken etorkizunaz eta izan ditzakeen oztopoez.

Euskadi Irratia, Radio Euskadi eta Radio Vitoria

Irratiak ere arreta berezia eskainiko dio giza kateari eta saio berezi bana izango da Euskadi Irratian eta Radio Euskadin 12:00etatik aurrera. Unai Urreagak gidatuko du Euskadi Irratiko irratsaioa eta Radio Euskadikoa, berriz, Ander Arzakek. Zuzenean izango da irratia ibilbideko hainbat puntutan, hiriburuetan, eta, batez ere, Gasteizen jazotzen denaren berri emango dute. Radio Vitoriak, orobat, goizean zehar konexioak egingo ditu giza katearekin.

eitb.eus

eitb.eus-ek giza katea zuzenean hainbat modutara jarraitzeko aukera eskainiko du. Batetik, Euskal Telebistan, Euskadi Irratian eta Radio Euskadiko emisioak, ohi bezala, streaming bidez eskainiko dira. Bestetik, emisioa ez dagoen tarteetan gertatzen dena ere ikusteko aukera egongo da beste seinale batean.

Berebat, zuzeneko kontakizuna jarraitu ahal izango da protagonisten hitzak unerik une jasotzeko, sare sozialetan partekatzen diren irudiak erakusteko, edo argazki zein bideo solteak argitaratzeko.

Horrekin batera, albisteak, bideo eta argazki adierazgarrienak jasoko ditu eitb.eus-eko albisteetako atalak.

Iruzkinak

  • EiTB TALDEA

    Batzen gaituzten emozioak

    0:22

    EITBren Arreta Zerbitzu berria

    EITB Media

    900 11 2525 doako telefonoan eta eitb.eus/arreta orrian jasotzen diren kontsulta, kexa eta iradokizunak sistema bateratu berri baten bidez kudeatuko dira.

    Prentsa Aretoa Prentsa oharrak, deialdiak, agenda, fototeka,… Prentsa Aretoa

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena