telebista
Danborrada 2017
EiTB
Danborrada gaua izango da ikusgai gaur, eta haur danborrada eta bandera jaitsiera, ostiralean.
Informazio gehiago (1)
Gaur, urtarrilak 19, Donostiako Danborradari emango zaio hasiera gauerdian, eta Euskal Telebistaren lehen kateak eta eitb.eus-ek zuzenean jarraituko dute aurtengo danborrada, 'Danborrada Gaua' 22:25ean abiatuko den emanaldi bereziaren baitan. Imanol Artola, Maite Eskarmendi eta Unai Etxabe Donostiako Konstituzio plazan izango dira, eta zuzenean emango dute festaren nondik norakoen berri.
Udal liburutegiko erlojuak gauerdia markatzen duenean igoko dute bandera, eta orduan entzungo dira lehen danbor hotsak. Ohi denez, Gaztelubideko kideak egongo dira oholtza gainean, beste 87 konpainietako ordezkariekin eta musikariekin batera bandera igoera egiteko. Gaztelubideko abesbatzarekin eta Donostiako Orfeoiaren hainbat kiderekin batera, 250 pertsona inguru izango dira oholtza gainean.
Azpeitiak ere ospatzen ditu San Sebastian jaiak, eta helduen danborrada abiatu ohi dute bezperan. Ostegun gauean, ETB1ek eta eitb.eus-ek zuzeneko konexioak egingo dituzte Izaro Iraetarekin eta Miguel Zendoiarekin, unean uneko kontakizuna jasotzeko. Donostiako danborrada bukatutakoan, ETB1ek eta eitb.eus-ek oso-osorik emango dute Azpeitiko festa honen berri, 00:45etik aurrera.
San Sebastian eguna
Ostiralean, berriz, Donostiako haur danborradan parte hartuko duten neska-mutikoak izango dira protagonista ETB1eko goizeko programazioan. Emanaldia 11:40an hasiko da, eta Imanol Artolak egingo du kontakizuna. Urtero legez, danbor nagusiak, jeneralak, laguntzaileek, Easo ederrak, damek, pertsonaiek eta palafrezainek hiriko kaleak zeharkatuko dituzte. Luisma Laboa kazetaria kalean egongo da haur eta gaztetxoekin hizketan eta ibilbidearen nondik norakoak zuzen-zuzenean azaltzen.
12:00etan, haur guztiek "San Sebastian Martxa" eta "Donostiako Antzinako Himnoa" joko dituzte danbor nagusiaren zuzendaritzapean. Horrela emango zaio hasiera desfileari Alderdi Ederren, eta Sarriegi maisuaren melodiak interpretatuko dituzte hiriko kaleetan zehar.
Ospakizunei amaiera emateko, Donostiako alkateak, Eneko Goiak, bandera jaitsiko du urtarrilaren 20an, gaueko hamabietan. Orduan, Konstituzio plazan bildutako Union Artesana elkarteko danborrariek "San Sebastian Martxa" joko dute, azkeneko aldiz, jaiari bukaera emateko. Aurten, Aitor Oyarzabal estreinatuko da danbor nagusiaren zereginetan, eta, esan dutenez, oso ezagunak diren bi abesti berri joko dituzte jaia animatzeko. Imanol Artolak eta Maite Eskarmendik egingo dute kontakizuna, 23:45etik aurrera, ETB2n.
eitb.eus-en streaming bidez
eitb.eus-ek Danborradaren ekitaldi guztien jarraipen berezia egingo du. San Sebastian jaien inguruko emanaldi guztiak zuzenean, streaming bidez, eskaintzeaz gain, Danborradaren inguruko informazio guztia ikusgai izango da webguneak ekitaldiaren inguruan prestatu duen atari berezian.
EiTB TALDEA
EITB Media
900 11 2525 doako telefonoan eta eitb.eus/arreta orrian jasotzen diren kontsulta, kexa eta iradokizunak sistema bateratu berri baten bidez kudeatuko dira.
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa