Frantziako Tourra zuzenean 2022: Etapak, taldeak, Tourreko profilak | EITB Frantziako Tourra
Frantziako Tourra 2020
13. etapa
EITB Media
Michal Kwiatkowskik irabazi du Frantziako Tourreko 13. etapa, helmugara bakarka iritsita. Faboritoen arteko lehian, aldiz, Tadej Pogacarrek zazpi segundo atera dizkio Jonas Vingegaardi; ondorioz, esloveniarra danimarkarrarekiko bederatzi segundora dago, orain, sailkapen nagusian.
Michal Kwiatkowskik (INEOS Grenadiers) bereganatu du garaipena Frantziako Tourreko 13. etapan, ostiral honetan, uztailaren 14an. Poloniarra ihes eginda iritsi da, eta ospatzeko ere tartea izan du Grand Colombier mendateko helmugan. Bestalde, lasterketa irabazteko faboritoen arteko lehian, aldiz, Tadej Pogacarrek (UAE Emirates) zortzi segundo atera dizkio Jonas Vingegaard (Jumbo Visma) liderrari: lau, helmugan; eta beste lau, hirugarren izateagatik eskuratutako gainsariarengatik. Ondorioz, Vingegaardek lider jarraitzen du, baina Pogacar bederatzi segundora gerturatu zaio.
Ostiraleko etapa garrantzitsua izan zitekeen sailkapen nagusirako, eta lasterketak arrazoia eman die hori uste zutenei. Bi borroka izan dira, oso bestelakoak: alde batetik, etapa garaipenarena; beste aldetik, sailkapen nagusikoa. Testuinguru horretan, Michal Kwiatkowski izan da indartsuena hamahirugarren etapan, eta, bitartean, atzetik, Tadej Pogacarrek are gehiago murriztu egin du Jonas Vingegaard liderrarekiko duen atzerapena; gaur lortutako zortzi segundoak zenbatuta (lau helmugan, eta beste lau denbora sari gisakoak), soilik bederatzira du maillot horia, eta ematen du gero eta hobeto dabilela. Kontua da Vingegaardek ez duela amore ematen, eta, oraingoz behintzat, duela jada astebete baino gehiago erdietsitako lehen postuari eusten ari zaio.
Sailkapen nagusiari begira, Alpeetako lehen etapak aldaketa batzuk ekarri ditu, lehen bien arteko aldea gero eta txikiagoa dela kenduta ere. Pello Bilbaok (Bahrain-Victorious) bi postu galdu ditu, eta zazpigarren tokian dabil orain, Vingegaardekiko 05:25era; gernikarrak hurbil du, atzetik, hamar segundora, Tom Pidcock, ostiral honetako irabazlearen taldekidea, eta Yates anaiek aurreratu dute. Jumbo-Vismako Sepp Kussek, ordea, hamargarren tokira bueltatzea erdietsi du.
Beste ihesaldi bat iritsi da helmugaraino
Etapako ibilbidean ez zegoen zailtasun handirik, Grand Colombier hasi arte, eta, hortaz, pentsatzeko modukoa zen ihesaldia egon zitekeela, norbaitek horretarako indarra eta ausardia izanez gero, noski. 19 gizon sartu dira eguneko ihesaldian, azkenean: Michael Kwiatkowski (INEOS), Quentin Pacher (Groupama), Alberto Bettiol eta James Shaw (EF Education), Kasper Asgreen (Soudal-Quick Step), Matej Mohoric eta Fred Wright (Bahrain), Jasper Stuyven (Lidl-Trek), Adrien Petit, Mike Teunissen eta Georg Zimmerman (Intermarche), Nelson Oliveira (Movistar), Hugo Houle (Israel), Luca Mozzato (Arkea), Maxim Van Gils (Lotto), Cees Bol eta Harold Tejada (Astana), Anthon Charmig (Uno-X) eta Pierre Latour (TotalEnergies) izan dira bertan. Talde horretan maila handiko txirrindulariak zeuden.
Atzetik, Pogacarren UAE zebilen tropel buruan. Jardunaldiaren amaieran Grand Colombier zegoela, ihesaldikoek erritmoa bizitu egin dute, eta aldeari ia lau minutuetaraino igoarazi diote. Petit, Bol eta Latour geratu dira atzean; denek jakin bazekiten mendatea gogorra eta luzea zela.
Emozioa, Grand Colombierren
Grand Colombierren, Quentin Pacherrek egin du aurrera lehenengo. Tejada, Van Gils eta Shaw berehala jarri dira haren parean, eta atzean utzi dute; orduan, Michal Kwiatkowski iritsi da, indartsu. INEOS taldeko poloniarrak abantaila polita lortu du segituan, ia minutukoa, zortzi bat kilometro geratzen zirela, Tejadak, Van Gilsek eta Shawk osatutako hirukotearekiko; tropelak, Pogacarren gizonek gidatuta, hiru minutura jarraitzen zuen.
INEOSeko txirrindulari poloniarrak, 2014an munduko txapelduna eta, besteak beste, Donostiako Klasikoa, Milan-San Remo eta Amstel Gold Race klasikoen irabazlea bera, igoera bikaina egin du. Maisutasunez eutsi dio lortu duen aldeari, eta merezimendu osoz garaitu da. Frantziako Tourrean lortzen duen bigarren etapa da; izan ere, 2020an ere beste bat eskuratu zuen.
Tadej Pogacarrek, etapan zehar, talde handia izan du aldamenean; UAEk erritmo bizia jarri du onenen taldean, eta txirrindulari asko geratu dira atzean, ondorioz, azken igoeran. Kilometro bat baino pixka bat gehiago geratzen zela, zuzeneko lehia izan da esloveniarraren taldearen eta Vingegaarden Jumbo-Vismaren artean; Adam Yatesek egin du aurrera, Pogacarri bidea irekitzea helburu, baina Sepp Kussek, bikain berriro, aukera hori itxi egin du, eta liderrarekin izan da, laguntza emateko.
Kwiatkowski helmugako pankartapetik igaro den ia unean bertan, Pogacarrek aurrera egin du, eta saiatu da Vingegaard atzean uzten. Azkenean, lortu egin du, gutxienez metro eta segundo batzuk lortuta. Esloveniarraren ahaleginak zortzi segundoko saria ekarri dio; ez da, agian, emaitza bikaina, kontuan izanik UAE taldeak zer lan eder egin duen, baina 2020ko eta 2021eko Tourretako irabazlea lehen postutik gertu-gertu kokatu da, soilik zortzi segundora, hain zuzen ere.
Borrokak aurrera jarraitzen du, nolanahi ere; asteburuak ez die arnasaldirik emango txirrindulariei. Alpeetako bi etapa handi izango dira. Larunbatean, 1. mailako hiru mendate igo beharko dituzte, eta maila bereziko Joux Plane mitikoa; igandean, aldiz, 1. mailako beste hiru mendate puntuagarri izango dira, tartean Saint-Gervais Mont-Blanceko amaiera. Guztiek eskertuko dute asteleheneko atseden eguna, zalantzarik gabe.
Etapako sailkapena:
1 - KWIATKOWSKI Michal (INEOS) 3:17:33
2 - VAN GILS Maxim (Lotto) +0:47
3 - POGACAR Tadej (UAE) +0:50
4 - VINGEGAARD Jonas (Jumbo) +0:54
5 - PIDCOCK Thomas (INEOS) +1:03
6 - HINDLEY Jai (BORA) +1:05
7 - SHAW James (EF Education) d. b.
8 - TEJADA Harold (Astana) d. b.
9 - YATES Simon (Jayco) +1:14
10 - YATES Adam (UAE) +1:18
---------------------------------------------
17 - BILBAO Pello (Bahrain) +1:45
22 - LANDA Mikel (Bahrain) +3:29
25 - CASTROVIEJO Jonathan (INEOS) +4:09
Sailkapen nagusia:
1 - VINGEGAARD Jonas (Jumbo) 53:48:50
2 - POGACAR Tadej (UAE) +0:09
3 - HINDLEY Jai (BORA) +2:51
4 - RODRIGUEZ Carlos (INEOS) +4:48
5 - YATES Adam (UAE) +5:03
6 - YATES Simon (Jayco) +5:04
7 - BILBAO Pello (Bahrain) +5:25
8 - PIDCOCK Thomas (INEOS) +5:35
9 - GAUDU David (Groupama ) +6:52
10 - KUSS Sepp (Jumbo) +7:11
---------------------------------------------------
16 - LANDA Mikel (Bahrain) +11:44
Hurrengo zuzenekoak
22 | 11:25 - 12:00 | ''HELMUGA'' saioa |
22 | 12:15 - 14:00 | ATLETISMOA | Amurrioko Krosa |
22 | 16:00 - 17:00 | AIZKOLARITZA | Urrezko Aizkolariak |
22 | 17:00 - 20:00 | PILOTA | Binakakoa: Altuna III-Aranguren vs Artola-Mariezkurrena II |
Ezagutu 2023ko Tourrari buruzko informazio guztia: Etapa profilak, sailkapenak, bideo interesgarrienak.
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa