Txirrindularitza
ESPAINIAKO VUELTA (5. ETAPA)
AGENTZIAK | EITB MEDIA
SD Worx-Protimeko txirrindulariak 31 segundoko aldea ateratzen dio sailkapen nagusian bigarrena den Elisa Longo-Borghini italiarrari.
Demi Vollering, Vueltako bosgarren etapako irabazlea. Artxiboko irudia: EFE
SW Worx-Protime taldeko Demi Vollering herbeheretarra da Espainiako Vueltako lider berria, Huesca eta Rapitan Gotorlekuaren (Jaca) arteko 113,9 kilometroko bosgarren etapa bakarka irabazita.
27 urteko Volleringek, iazko Vueltan bigarren egin zuenak, bere ibilbideko hogeita hamargarren garaipena eta 2024ko lehena lortu ditu gaurkoan, eta 28 segundoko aldea atera die helmugan Yara Kastelijn herrikideari (Fenix-Deceunink) eta Elisa Longo Borghini italiarrari (Lidl-Trek).
Lasterketa amaitzeko hiru etapa falta direnean, Volleringek liderraren elastiko gorria jantzi du. Une honetan 31 segundoko tartea dauka bigarren den Longo Borghinirekiko, eta 53 segundokoa hirugarren tokian kokatuta dagoen Riejanne Markus herbeheretarrarekiko (Visma-Lease a Bike).
Ostegun honetako etapak hasiera deserosoa izan du haizearen eraginez, eta horrek eragotzi egin du hasierako 50 kilometro baino gehiagotan ihesaldi saiakerak aurrera egitea.
Eguneko lehen zailtasunen aurretik, saiakerarik nabarmenena Lourdes Oyarbide (Laboral Kutxa-Euskadi Fundazioa) arabarrarena izan da. Bere bakarkako ahaleginak 18 kilometro inguru iraun du, lehen mendatearen erdialdera harrapatu duten arte.
San Juan de la Peña monasterioko gainean (2. maila), helmugatik 28,4 kilometrora, FDJ-SUEZ taldeak erritmo gogorra ezarri du tropelaren buruan, eta hainbat txirrindulari atzean geratzen hasi dira. Berrogei bat unitate baino ez dira geratu lasterketako lehen postuetan.
Ondoren, Antonia Niedermaier (Canyon/¿M Racing), Grace Brown (FDJ-SUEZ) eta Marlen Reusseren (Team SD Worx-Protime) erasoak etorri dira, baina antzuak guztiak ere.
Gaia Realini (Lidl-Trek) italiarraren erorikoaren ondoren, Karlijn Swinkelsen (UAE Team ADQ) txanda iritsi da azken portura hurbiltzerako bidean. Herbeheretarrak erasoa jo du helmugatik 12 kilometrora, eta hamar bat txirrindulari baino ez dira geratu.
Dagoeneko Rapitan Gotorlekuko igoeran zeudela, Volleringek bere pedal kolpea ezarri du azken bi kilometroetan, etapa garaipenerantz bakarrik abiatzeko.
Longo Borghinik eta Kasteljinek bakarrik jarraitu ahal izan dute bere gurpilean, baina amaieratik 800 metrora Volleringek behin betiko ihes egin du, etapa irabazteko eta lider janzteko.
ETAPAKO SAILKAPENA
1 - VOLLERING Demi (SD Worx) 3:09:52
2 - KASTELIJN Yara (Fenix-Deceuninck) +0:28
3 - LONGO BORGHINI Elisa (Lidl-Trek) d.b.
4 - MUZIC Évita (FDJ) +0:39
5 - GIGANTE Sarah (AG Insurance) +0:41
6 - BAUERNFEIND Ricarda (Canyon) +0:44
7 - MARKUS Riejanne (Visma) d.b.
8 - LABOUS Juliette (DSM) +0:47
9 - CADZOW Kim (EF Education) +0:57
10 - ROOIJAKKERS Pauliena (Fenix-Deceuninck) +1:08
SAILKAPEN NAGUSIKO SAILKAPENA
1 - VOLLERING Demi (SD Worx) 13:09:45
2 - LONGO BORGHINI Elisa (Lidl-Trek) +0:31
3 - MARKUS Riejanne (Visma) +0:53
4 - FAULKNER Kristen (EF Education) +1:10
5 - LABOUS Juliette (DSM) +1:13
6 - REUSSER Marlen (SD Worx) +1:23
7 - FISHER-BLACK Niamh (SD Worx) +1:34
8 - NIEWIADOMA Katarzyna (Canyon) +1:47
9 - VOS Marianne (Visma) +2:07
10 - SMULDERS Silke (Liv AlUla) +2:41
Hurrengo zuzenekoak
22 | 17:00 - 20:00 | PILOTA | Binakakoa: Altuna III-Aranguren vs Artola-Mariezkurrena II |
Ezagutu 2023ko Tourrari buruzko informazio guztia: Etapa profilak, sailkapenak, bideo interesgarrienak.
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa