Txirrindularitza
Alpeetako Tourra (5. etapa)
EITB Media
Juan Pedro Lopez da Alpeetako Tourreko 47. edizioko irabazlea. Espainiarrak lidertzari eutsi dio azken etapan, eta, horrela, garaipena beraganatu du. Bosgarren etapako garailea, Aurelien Paret-Peintre, esprintean nagusitu da.
Lopez (erdian) irabazlea, O'Connor bigarrena eta Tiberi hirugarrena, podiumean. Argazkia: EITB Media
Albisteak (3)
Juan Pedro Lopez (Lidl-Trek) da 2024ko Alpeetako Tourreko irabazlea. Espainiarra onenekin batera helmugaratu da azken etapan, eta garaipena bereganatu du horrela. Bosgarren etapako garailea Aurelien Paret-Peintre (Decathlon AG2R La Mondiale) izan da.
Eguneko lehen ihesaldia azkar sortu da. Tobias Svendsen Foss (INEOS Grenadiers), Kyrylo Tsarenko (Corratec–Vini Fantini), Charles Paige (TDT-Unibet) eta Lukas Pöstlberger (Austria) ibili dira lasterketaren buruan, baina tropelak ez die utzi bidea egiten.
Ondoren, Palu del Fersinako lehen igoeraren hasieran, Geraint Thomasek (INEOS Grenadiers) jo du erasoa; haren atzetik abiatu dira sailkapen nagusiko lehen postuetako txirrindulariak, eta hainbat txirrindularik tropelaren erritmoa jarraitu ezinda geratu dira.
Palu del Fersinako bigarren igoeraren hasieran, Luis Angel Matek (Euskaltel-Euskadi) egin du saiakera, baina tropelak azkar harrapatu du. Gero, Antonio Tiberi (Bahrain Victorious) izan da ihes egin duena, eta hiru kilometro buruan eman ostean harrapatu du faboritoen taldeak. Igoeraren azken txanpan, Wout Poelsek (Bahrain Victorious) egin du aurrera, erasoa jota. Herbeheretarrak tropelari 16 segundoko errenta atera dio goian, eta 30 segundoko abantaila ere izan du gero, baina tropelak Poelsekin bat egitea lortu du.
Hala, hogei bat txirrindularik osatutako tropeltxoa heldu da bat eginda azken kilometroetara, baina amaierarako zazpi kilometro falta zirenean, Romain Bardeten erasoak tropeltxoa are gehiago murriztu du. Bardeten atzetik atera dira Juan Pedro Lopez liderra, Ben O'Connor (Decathlon AG2R La Mondiale) eta Tiberi. Laukoteak aurkariekiko abantaila txikia hartu du; hala ere, beste zortzi txirrindulari batu zaizkie helmugarako bost kilometro falta zirenean, eta haien artean erabaki da etapako garailea.
Esprintean, Aurelien Paret-Peintre nagusitu da, eta etapa garaipena bereganatu du; Antonio Tiberi izan da bigarren, eta Valentin Paret-Peintre (Decathlon AG2R La Mondiale), irabazlearen anaia, hirugarren.
Juan Pedro Lopez onenekin batera helmugaratu da; ondorioz, espainiarrak irabazi du 2024ko Alpeetako Tourra. Sailkapen nagusiko bigarren postua O'Connorrentzat izan da, 38 segundora, eta Antonio Tiberi geratu da hirugarren, 42 segundora.
5. etapako sailkapena:
1 - PARET-PEINTRE Aurelien (Decathlon) 2:50:20
2 - TIBERI Antonio (Bahrain) d. b.
3 - PARET-PEINTRE Valentin (Decathlon) d. b.
4 - BARDET Romain (DSM) d. b.
5 - POELS Wout (Bahrain) d. b.
6 - ZANA Filippo (Jayco) d. b.
7 - RODRIGUEZ Oscar (INEOS) d. b.
8 - FABBRO Matteo (Polti) d. b.
9 - LOPEZ Juan Pedro (Lidl) d. b.
10 - STORER Michael (Tudor) d. b.
Sailkapen nagusia:
1 - LOPEZ Juan Pedro (Lidl) 18:20:43
2 - O'CONNOR Ben (Decathlon) +0:38
3 - TIBERI Antonio (Bahrain) +0:42
4 - PARET-PEINTRE Valentin (Decathlon) +0:44
5 - BARDET Romain (DSM) +0:48
6 - POELS Wout (Bahrain) d. b.
7 - STORER Michael (Tudor) +1:40
8 - PELLIZZARI Giulio (VF Group) +1:54
9 - SOSA Ivan Ramiro (Movistar) +2:52
10 - PIGANZOLI Davide (Polti) +2:58
Hurrengo zuzenekoak
24 | 17:00 - 20:00 | PILOTA | Lau t'erdiko finala: Laso vs Etxeberria |
25 | 23:30 - 00:30 | AREA TXIKIA | Athletic Club vs Reala partidako laburpena |
Ezagutu 2023ko Tourrari buruzko informazio guztia: Etapa profilak, sailkapenak, bideo interesgarrienak.
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa