Txirrindularitza
Igandean, hilaren 21ean
EITB MEDIA
Amstel Gold Race eta Fleche Wallonne klasikoak jokatuta, Lieja-Bastogne-Liejak amaiera emango dio aurtengo Ardeetako Triptikoari. Igandean izango da, hilaren 21ean, emakumezkoen eta gizonezkoen probetan. EITBk zuzenean emango du, 14:30etik, ETBren eta eitb.eus-en bidez.
2024ko gizonezkoen Lieja-Gastogne-Lieja. Irudia: liege-bastogne-liege.be.
Lieja-Bastogne-Lieja lasterketak igandean, hilaren 21ean, izango ditu jokoan 2024ko ekitaldiak, emakumezkoetan eta gizonezkoetan; hain zuzen ere, zortzigarren aldiz jokatuko dute emakumezkoen lasterketa, eta 110. aldiz gizonezkoena. Klasiko ospetsu honek emango dio amaiera aurtengo Ardeetako Triptikoari, Amstel Gold Race eta Fleche Wallonne jokatuta; Marianne Vos eta Tom Pidcock garaitu ziren aurrenekoan, eta Katarzyna Niewiadoma eta Stephen Williams bigarrenean. EITBk zuzenean emango du Lieja-Bastogne-Lieja; emanaldia 14:30ean hasiko da, eitb.eus-en eta ETB4n, eta, ETBri dagokionez, ETB1era igaroko da gerora, 15:00etan.
2024ko emakumezkoen Lieja-Bastogne-Lieja
2024ko emakumezkoen Lieja-Bastogne-Lieja 13:45ean abiatuko da, Bastognetik, eta 17:40tik 18:07ra bitartean amaituko da, Liejan. 152,9 kilometroko ibilbidea du.
2023an, SD Worx taldeko Demi Volleringek irabazi zuen lasterketa hau, eta orain ere bada Vollering garaipena eskuratzeko hautagai nagusietako bat. Beste txirrindulari hauek badira faboritoak: Lotte Kopecky (SD Worx), Katarzyna Niewiadoma (Canyon), Cecilie Uttrup Ludwig (FDJ), Elisa Longo Borghini eta Shirin van Anrooij (Lidl-Trek), Juliette Labous (dsm), Silvia Persico (UAE) eta Ashleigh Moolman (AG Insurance).
Ane Santesteban ere badago zerrenda horretan; izan ere, Laboral Kutxako liderrak hamargarren postua eskuratu berri du, asteazkenean, Fleche Wallonne klasikoan.
2024ko emakumezkoen Lieja-Bastogne-Lieja lasterketaren profila
2024ko gizonezkoen Lieja-Bastogne-Lieja
2024ko gizonezkoen Lieja-Bastogne-Lieja lasterketak 254,5 kilometroko ibilbidea du. 10:15ean irtengo da Liejatik, eta antolatzaileen aurreikuspena da irabazleak 16:10etik 16:46ra bitartean zeharkatzea helmuga, Belgikako hiri horretan bertan.
Remco Evenepoelek irabazi ditu azken bi ekitaldiak, baina Soudaleko liderrak ezingo du aurten parte hartu; izan ere, Euskal Herriko Itzulian izandako erorikoaren ostean, sendatze prozesuan dabil. Hainbat gizon dira hautagai belgikarraren lekukoa hartzeko, palmaresean, eta guk hauek nabarmenduko ditugu: Tadej Pogacar, Marc Hirschi eta Joao Almeida (UAE), Mathieu van der Poel (Alpecin-Deceuninck), Mattias Skjelmose (Lidl-Trek), Aleksandr Vlasov (BORA), Matej Mohoric (Bahrain Victorious), Simon Yates (Jayco AlUla) eta Tom Pidcock (INEOS).
Euskal txirrindulariei erreparatuta, aurreikusita dago parte hartzea Movistarreko Alex Aranburuk eta Cofidiseko Jonathan Lastrak.
2024ko gizonezkoen Lieja-Bastogne-Lieja lasterketaren profila
Hurrengo zuzenekoak
22 | 11:25 - 12:00 | ''HELMUGA'' saioa |
22 | 12:15 - 14:00 | ATLETISMOA | Amurrioko Krosa |
22 | 16:00 - 17:00 | AIZKOLARITZA | Urrezko Aizkolariak |
22 | 17:00 - 20:00 | PILOTA | Binakakoa: Altuna III-Aranguren vs Artola-Mariezkurrena II |
Ezagutu 2023ko Tourrari buruzko informazio guztia: Etapa profilak, sailkapenak, bideo interesgarrienak.
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa