Txirrindularitza
Proiektu berria
eitb.eus
'Euskadi Fundazioari proposamen formala luzatu diogu bi taldeen bat-egiterako, ehuneko 50ean, eta Euskadi Fundazioaren izenpean', jakinarazi du Muriasek.
Albisteak (4)
2019ko Euskal Herriko Itzulia hasi aurretik, Euskadi Murias taldeko kirol-zuzendaria den Jon Odriozolak eta Javier Lasagabaster Batzorde Exekutiboko kideak, prentsaurrekoa eskaini dute Zumarragan.
Euskal txirrindulari taldeak jakinarazi duenez, Euskadi-Muriasek "hazi eta batu" egin nahi du, elite mailako euskal txirrindulari talde bat sortzeko eta maila gorenean urte askotan mantendu ahal izateko. Azken hilabeteetan, Murias elkarlanean ibili da Euskadi Fundazioarekin, bat-egite proiektu bat garatzeko.
Javier Lasagabasterrek, Euskadi-Muriasen helburuak azaldu ditu: "Euskal txirrindularitza maila gorenean egotea nahi dugu bost urteko epean, eta pauso hori emateko momentu egokian eta estrategikoan gaude. Helburua da, batzea eta haztea. Euskadi Muriasek proposamen formala luzatu dio Euskadi Fundazioari, bi taldeen bat-egiterako, ehuneko 50ean, eta Euskadi Fundazioaren izenpean. Proposamen hauxe dela onena eta bideragarriena uste dugu".
Bi aldeek bi batzar garrantzitsu egin dituzte azken hilabeteetan. "Bat-egitearen indarrean sinesten dugu, indarrak batzea garrantzitsua dela uste dugu, datozen urteetan batera maila gorenean lehiatzeko. Pentsatzen dugu aparta izan daitekeela", adierazi du Lasagabasterrek. Gainera, Euskadi Muriaseko Batzorde Exekutiboko kideak azpimarratu du, "gure apustua harrobiko talde eredugarria izatea da, munduko harrobiko talderik onena izatea, eta Euskadi Fundazioarekin batera lan egin nahi dugu helburu hau lortzeko, biontzat onena izango dela uste dugulako".
Zentzu horretan, Lasagabasterrek deia egin die "instituzioei, enpresei, komunikabideei eta zaleei, helburu hau lortzen lagun diezaguten. Bat-egitea posible eta bideragarri egiten lagun diezaguten. Ahalik eta azkarren lanean hasi nahi dugu, nahiz eta gauzak pausoz-pauso, borondate onarekin, eta maitasunarekin egin nahi ditugun, proiektuak zentzua izan dezan, eta bideragarria izan dadin".
"Diru-laguntza publikorik jasotzen ez dugun Elite mailako bi euskal talde bakarrak gara. Euskadi munduan ezagutzera ematen lagundu nahi dugu, eta deia egiten diegu Eusko Jaurlaritzari, eta Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako Foru Aldundiei, proiektu hau aurrera eramaten lagundu diezaguten, Euskadiren izena mundu mailan zabaltzen jarraitu ahal izateko", gaineratu du Javier Lasagabasterrek.
Jon Odriozolak, bestalde, "harro" sentitzen den "bost urteko zikloa" azpimarratu du. "Zaleek proposatzen dugun bezalako proiektu bat behar dute, guztion ametsak egia bihur daitezen. Inflexio puntu baten gaude orain, bateratze proiektuari bultzada emateko une egokian, eta hazten jarraitu ahal izateko momentuan. Frantziako Tourrean parte hartzeko helburua posible izango litzateke bi aldeen bateratzearekin. Guztion artean erabaki behar dugu norantz abiatu nahi dugun".
Amaitzeko, Javier Lasagabasterrek, eskerrak eman nahi izan ditu Murias Taldeai urte hauetan guztietan lagundu dienei: "Murias Taldeak esfortzu handia egin du bost urte hauetan ahalik eta duintasun handienarekin lehiatzeko, eta eskerrak eman nahi dizkiot lagundu digun jende guztiari".
Hurrengo zuzenekoak
22 | 22:00 - 23:15 | PILOTA | ETB KANTXA SOLASEAN: Lau t'erdiko finala |
Ezagutu 2023ko Tourrari buruzko informazio guztia: Etapa profilak, sailkapenak, bideo interesgarrienak.
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa