Italiako Giroa 2022 zuzenean: Giroko etapak eta ibilbidea - EITB Italiako Giroa
Italiako Giroa
7. ETAPA
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Astana taldeko txirrindulari bizkaitarra ihesaldiko gainerako kideei gailendu zaie azken aldapan.
Albisteak (4)
Pello Bilbao (Astana) bizkaitarrak lehen euskal garaipena lortu du aurtengo Italiako Giroan. Gernikarrak Vasto eta L'Aquila (185 kilometro) artean korritu den zazpigarren etapa bereganatu du, azken kilometroan sartu orduko jo duen erasoa baliatuta. Sailkapen nagusian, Valerio Conti italiarrak ez du arazorik izan lehen postuari eusteko.
Bilbao (29 urte) bakarrik helmugaratu da, eta haren atzetik sartu dira Tony Gallopin (Ag2r) frantziarra eta Davide Formolo (Bora) italiarra, bost segundora.
Joan zen urteko Giroan seigarren sailkatu zen txirrindulariak bere bizitzako garaipenik azpimarragarriena lortu du gaurkoan: hiru asteko lasterketa batean lortzen duen lehendabizikoa, hain zuzen ere.
Bere ibilbide profesionaleko bederatzigarren arrakasta izan da, eta aurtengo denboraldiko bigarrena, Murtziako Itzulian ere etapa bat irabazi baitzuen.
"Hiru asteko lasterketa batean lortzen dudan lehen garaipena da. Miguel Angel Lopezen alde lan egiteko etorri naiz, baina gaur guztia inprobisatutakoa izan da, zeren (Andrey) Zeits zen ihesaldian egon behar zena, baina ni ere sartu naiz. Azken txanpara heldu garenean, sentsazio onak nituen, eta saiatu egin naiz. Ezin hobeto atera da", adierazi du Bilbaok helmugan.
Faboritoek jardunaldi lasaia igaro dute. Jazarpen lanean ibili dira egun osoan, liderraren taldearen (UAE) gidaritzapean. Gaur, gainera, gizon bat gutxiago izan dute lan egiteko, Fernando Gaviria esprinter kolonbiarrak lasterketa utzi behar izan baitu, ezkerreko belauna minduta baitauka.
Azkenerako, guztiak bat eginik iritsi dira L'Aquilara, irabazlearengandik 1:07ra. Horrenbestez, Conti podiumera igo da, elastiko arrosa bigarren egunez janzteko. Haren ondoren daude Jose Joaquin Rojas (Movistar) espainiarra (1:32ra) eta Giovanni Carboni (Bardiani) italiarra (1:41era), bigarren eta hirugarren tokietan, hurrenez hurren.
Larunbat honetan, lasterketako zortzigarren etapa jokatuko da, aurtengo luzeena, Tortoreto Lido eta Pesaro artean (239 kilometro). Adriatikoko kostaldetik zehar ibiliko dira txirrindulariak lehen zati laua izango duen etapan. Bigarren erdialdetik aurrera, berriz, ibilbidea gorabeheratsuago izango da, hiru mendate puntuagarrirekin (hirugarren mailako bat eta laugarren mailako bi). Helmuga jaitsiera baten ostean harrapatuko dute parte-hartzaileek.
Hurrengo zuzenekoak
22 | 17:00 - 20:00 | PILOTA | Binakakoa: Altuna III-Aranguren vs Artola-Mariezkurrena II |
Ezagutu 2023ko Tourrari buruzko informazio guztia: Etapa profilak, sailkapenak, bideo interesgarrienak.
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa