Euskal Herriko Itzulia 2022: ibilbidea, etapak eta taldeak, zuzenean - EITB Euskal Herriko Itzulia
Euskal Herriko Itzulia
5. etapa
A. A. | EITB MEDIA
Ineosekoa bakarrik heldu da helmugara, eguneko ihesalditik iraun duen bakarra izan baita. Ion Izagirre eta Pello Bilbao faboritoen taldetxoan sartu dira, eta gora egin dute sailkapenean, Roglicek eta Yatesek kale egin dutela baliatuta. Hirugarren eta bosgarren daude une honetan, hurrenez hurren.
Bideoak (11)
Carlos Rodriguez (Ineos) andaluziarrak bereganatu du Zamudio eta Mallabia artean jokatu den 2022ko Itzuliko 5. etapa. Primoz Roglicek sailkapen nagusiko elastiko horia galdu du, eta orain Remco Evenepoel da lider berria.
Eguneko ihesaldian sei txirrindulari izan dira: Sepp Kuss (Jumbo-Visma), Carlos Rodriguez (Ineos), Sergio Samitier (Movistar), Lucas Hamilton (BikExchange), Kenny Elissonde (Trek Segafredo) eta Marc Soler (UAE). Tarte batean Pello Bilbao ere eurekin izan da, baina 90 kilometro falta ziren helmugarako, eta Gernikako txirrindulariak hanka altxatzea erabaki du, atzetik lanean jarri baitira gainerako faboritoen taldeak, ihesaldia bota nahian.
Hartara, aipatutako seiek bidea egin dute, baina 3. mailako Orontzugaraiko mendateko igoeran lau baino ez dira geratu buruan, Solerren joak eraginda: Soler bera, Rodriguez, Elyssonde eta Hamilton. Aitzitik, azken horrek eroriko ikusgarria izan du Orontzugaraiko jaitsieran, eta etxerako bidea hartu du.
Gerora, helmugatik 60 bat kilometrora, Soler eta Rodriguez bakarrik geratu dira. Soler Roglicengandik 1:08 segundora zegoen kokatuta, eta aurrera egitea erabaki du, Rodiguezen erreleborik jaso ez duen arren. Ineosekoa talde lanean aritu da jokabide horrekin, sailkapen nagusian ondo kokatuta zeuden Adam Yates britainiarrari eta Daniel Felipe Martinez kolonbiarrari kalterik ez eragiteko asmoz.
Bi iheskideek ia lau minutuko tartea izan dute, baina atzean, faboritoen taldeek, Jumbo-Visma, Quick-Step eta Borak batez ere, lanari ekin diote, eta aldea minutura murriztu da.
Karabietako (2. mailakoa) maldak baliatu ditu Rodriguezek ordurako lehertuta zegoen Solerri agur esan eta helmugarako falta ziren 15 kilometroak bakarka egiteko.
Faboritoen artean ere mugimenduak izan dira Karabietan, baina maldan behera. Evenepoelek egin du aurrera, eta belgikarraren atzetik abiatu dira Ion Izagirre (Cofidis), Vlasov (Bora), Daniel Felipe Martinez (Ineos), Enric Mas (Movistar) eta Vingegaard. Egoera horren aurrean, Pello Bilbaok ere aurrera egin du eta berehala egin du bat boskotearekin. Atzean geratu dira, ordea, Primoz Roglic, gaur arteko liderra, eta Adam Yates, Ineos taldeko beste taldeburua.
Seikotea zazpikote bihurtu da, leher eginda zegoen Soler harrapatu baitute jaitsieran, baina ez die Rodriguezengana heltzeko denborarik eman. Andaluziarrak izugarrizko sufrimendua pairatu du Mallabiko helmugako igoerako azken metro ezin gogorragoetan, baina, azkenerako berea izan da garaipena.
Haren atzetik sartu dira bere taldekide Martinez 7 segundora eta Evenepoel 9ra. Laugarren tokia eskuratu du Ion Izagirrek, 11 segundora eta Pello Bilbao seigarren izan da, 13ra. Azken aldapa gogor horretan, Vlasov eta Vingegaard erori egin dira, eta oinez sartu dira helmugan, elkarrekin haserre.
Horrenbestez, etapa baten faltan, Evenepoel dago lider sailkapen nagusian. Haren atzetik dago Daniel Felipe Martinez kolonbiarra (Ineos Grenadiers), jardunaldiko bigarrena, bi segundora. Hirugarren tokia Ion Izagirre (Cofidis) ormaiztegiarrarentzat da, 21 segundoko atzerapenarekin. Bere aldetik, Pello Bilbao (Bahrian) bosgarren da, 22 segundora, Vlasoven (Bora) atzetik.
Larunbat honetan amaituko da Itzulia 135 kilometroko etapa nagusiarekin, Eibarren Arraten amaituko dena. Ibilbideak zazpi mendate puntuagarri ditu, horietako hiru lehen mailakoak: Azurki, Krabelin eta Usartza.
2022ko Itzuliko 5. etapako sailkapena. Argazkia: EITB
Hurrengo zuzenekoak
22 | 22:00 - 23:15 | PILOTA | ETB KANTXA SOLASEAN: Lau t'erdiko finala |
Ezagutu 2023ko Tourrari buruzko informazio guztia: Etapa profilak, sailkapenak, bideo interesgarrienak.
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa