Itzulia Basque Country 2022: Euskal Herriko Itzuliko 3. etapa zuzenean

Euskal Herriko Itzulia

17:41

#-3_etapa-#

3. etapa

Quinten Hermansek irabazi du Altsasun, esprintean; Alex Aranburu hirugarren helmugaratu da

EITB MEDIA

Alpecin-Deceuninck taldeko txirrindulari belgikarra izan da azkarrena 2024ko Euskal Herriko Itzuliaren helmugan. Ez dago aldaketarik sailkapen nagusian, eta Primoz Roglicek lider jarraitzen du; esloveniarrak erorikoa izan du, bai eta Juan Ayusok ere.

1:50
  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Alpecin-Deceuninck taldeko Quinten Hermans txirrindulari belgikarrak irabazi du, asteazkenean, Altsasun, esprintean, 2024ko Euskal Herriko Itzuliaren hirugarren etapa. Hermansek, helmugako pankartapean, Bahrain Victorious taldeko Edoardo Zambanini eta Movistarreko Alex Aranburu gainditu ditu; izan ere, italiarra eta gipuzkoarra bigarren eta hirugarren postuetan helmugaratu dira. Sailkapen nagusian, ez da nabarmentzeko moduko aldaketarik izan, eta BORA-hansgroge taldeko Primoz Roglic ziklista esloveniarrak lehenengo postuan jarraitzen du; Remco Evenepoel (Soudal Quick-Step) bigarren tokian da orain, zazpi segundora, eta Mattias Skjelmose (Lidl-Trek) hirugarren dabil, hamar segundora.

Zenbait eroriko izan dira, lasterketako hirugarren egunean, eta sailkapen nagusiaren lehian dabiltzan txirrindulari batzuei eragin diete horiek. Primoz Roglic liderra eta UAE Emirateseko Juan Ayuso joan dira lurrera, besteak beste. Roglic helmugarako 38 kilometrora jauzi da, eta Ayuso, ordea, etapako azken kilometroan sartzear zeudela. Ez dute denborarik galdu, baina ikusi beharko da ea eroriko horiek eraginik duten euren egoera fisikoan.

Testuinguru horretan, lau gizon sartu dira eguneko ihesaldian: Tom Paquot (Intermarche) Alan Jousseaume, (TotalEnergies), James Fouche (Euskaltel-Euskadi) eta Eric Fagundez (Burgos-BH). Tropelak kontrolpean izan ditu, BORAk eta INEOSek egindako lanari esker, eta txirrindulariak, 41 kilometro gelditzen zirela, batera zihoazen.

Gauzak horrela, aurretik 38 kilometro zituztenean, erorikoa izan da, eta, besteak beste, Primoz Roglic liderra joan da lurrera. BORAko ziklistak minutu batzuk behar izan ditu lasterketara bueltatu ahal izateko, eta segituan jaso du taldekideen laguntza. Tropelak erritmoa moteldu du, esloveniarraren zain; Roglicek eskuin izterrean zituen zauriak, eta, azkenean, helmugarako 26 kilometro gelditzen zirela heldu da tropel nagusira.

Louis Mentjes (Intermarche) saiatu egin da Lizarrustin, baina ezin izan du alde handia lortu tropelarekiko; izan ere, Altsasuko helmuga gertu zegoen. Etxarri Aranatzen izan da eguneko azken esprint berezia, eta Remco Evenepoel nagusitu da bertan; hala, belgikarra Roglicekiko gertuago kokatu da, sailkapen nagusian.

Eguneko tarte erabakigarrienean, amaierarako kilometro bat baino apur bar gehiago gelditzen zela, beste eroriko bat izan da, eta Juan Ayuso joan da lurrera. UAEko ziklistak ez du denborarik galdu, erorikoa etapako azen bi kilometroetan jazo baita. Garaipena esprintean jokatu dute, eta Alex Aranburuk oso gertu izan du garaipena; gipuzkoarrak jo du aurrera beste inork baino lehenago, gogor eta ausart, baina Hermansek gurpila hartu dio, eta azkarrena izan da. Belgikarrak eskuratu du hirugarren etapa, horrenbestez.

3. etapako sailkapena

1 - HERMANS Quinten (Alpecin) 4:40:59

2 - ZAMBANINI Edoardo (Bahrain) d. b.

3 - ARANBURU Alex (Movistar) d. b.

4 - DE PRETTO Davide (Jayco) d. b.

5 - ARNDT Nikias (Bahrain) d. b.

6 - HAYTER Ethan (INEOS) d. b.

7 - GREGOIRE Romain (Groupama) d. b.

8 - VAUQUELIN Kevin (Arkea) d. b.

9 - BRAET Vito (Intermarche) d. b.

10 - RETAILLEAU Valentin (Decathlon) d. b.

Sailkapen nagusia

1 - ROGLIC Primoz (BORA) 8:36:01

2 - EVENEPOEL Remco (Soudal) +0:07

3 - SKJELMOSE Mattias (Lidl) +0:10

4 - AYUSO Juan (UAE) +0:14

5 - VINGEGAARD Jonas (Visma) d. b.

6 - VAUQUELIN Kevin (Arkea) +0:16

7 - SCHACHMANN Maximilian d. b.

8 - MCNULTY Brandon (UAE) +0:23

9 - ARMIRAIL Bruno (Decathlon) +0:24

10 - BILBAO Pello (Bahrain) +0:25

Iruzkinak

  • Hurrengo zuzenekoak

    • Gaur
    • AS.
    • AZ.
    • OG.
    • OR.
    • LR.
    • IG.
    13 22:15 - 23:15 ''Harri Herri'' saioren denboraldi berria

    Fitxaketak… LaLiga Fitxaketak…

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena