Itzulia Basque Country 2022: Euskal Herriko Itzuliko 1. etapa zuzenean
#-1_etapa-#
Lehen etapa
EITB MEDIA
Euskal Herriko lehen eguna Gasteizen hasi eta Bastidan amaitu da; etapa esprintean erabaki da. Jon Aberasturi eta Alex Aranburu hirugarren eta laugarren postuan sartu dira, hurrenez hurren.
Albisteak (7)
Bideoak (1)
Ineos - Grenadiers taldeko Ethan Hayter txirrindulari britainiarrak irabazi du 2023ko Euskal Herriko Itzuliaren lehen etapa, Bastidan, astelehenean, eta, ondorioz, lasterketako lehen maillot horia jantzi du. Helmugan, Jon Aberasturi (Trek - Segafredo) eta Alex Aranburu (Movistar) hirugarren eta laugarren postuetan sartu dira, hurrenez hurren; Soudal QuickStep taldeko Mauro Schmid sailkatu da bigarren. Sailkapen nagusiari dagokionez, faboritoetako batzuek lehen postuetan kokatzea lortu dute, Guardiako esprint berezian eskuratutako denbora saria zenbatuta; Ineos taldeko Daniel Felipe Martinez laugarren dago, Hayterrekiko zazpi segundora, Vingegaard (Jumbo – Visma) bosgarren jarri da, Martinezekiko segundo batera, eta Marc Soler (UAE Team Emirates) seigarren dabil, Vingegaardek baino segundo bat gehiago duela.
Itzulia abiatu duen etapa aurreikusita zegoen bezala joan da, eta tropela, irabazlea zehaztu denean, batera zihoan; hori bai, argi geratu da, halaber, lasterketako faborito nagusiak prest daudela segundo guztiak lehiatzeko. Hala gertatu da Guardian, eguneko bigarren esprint berezian, borroka ikusgarria izan baita Daniel Felipe Martinez 2022ko Itzuliaren irabazlearen eta Jonas Vingegaarden artean. Martinezek eskuratu ditu hiru segundoak bertan, baina Vingegaardek bi erdietsi ditu.
Hori, baina, etapako azken zatian jazo da. Lehen, beste hiru txirrindulari izan dira protagonistak, eguneko ihesaldia egin baitute; tartean, bi euskal ziklista: Euskaltel-Euskadiko Txomin Juaristi eta Caja Rural taldeko Jon Barrenetxea, hain zuzen ere. Cristian Rodriguez Arkeako andaluziarrarekin batera ibili dira, eta tropelak 30 kilometro geratzen zirela harrapatu ditu, ihesaldia kontrolpean izan ostean. Dena dela, ahaleginak saria izan du: Barrenetxea lehen postuan igaro da Opakuan, eta, beraz, astearteko etapan mendiko maillota jantziko du, eta Juaristik, aldiz, eguneko txirrindularirik lehiakorrenarentzako saria jaso du.
Tropela bat eginda, txirrindulariek erritmo bizian jo dute Bastidarantz. Ineos taldeak garaipen bikaina eskuratu du bertan, merezita; Egan Bernal bera, pixkanaka bere maila berreskuratzen saiatzen ari den honetan, gogor sartu da erreleboa egiteko, egokitu zaionean, Ethan Hayterrek lana burutu ahal izan zezan. Jonathan Castroviejo eta Omar Fraile ere ibili dira oso fin; santurtziarrak, azken kilometroan, bidea erabat zabaldu dio britainiarrari, azken horrek errematatzeko. Nagusitasun handia erakutsiz egin du hori esprinterrak.
Jon Aberasturik eta Alex Aranburuk ere erakutsi dute sasoi onean iritsi direla Itzuliaren hasierara. Esprint aipagarria egin dute, eta hirugarren eta laugarren sailkatu dira. Euskal ziklistak ondo baino hobeto aritu dira, lehen etapa honetan.
Horrela amaitu da Itzuliaren lehen eguna. Astearteko etapa Nafarroan jokatuko dute, Vianan hasi eta Leitzan hasita; 193,8 kilometro ditu, eta probako luzeena da. Besteak beste, 2. mailako Arkiskil mendatea igo beharko dute ziklistek, hori helmugatik bost kilometrora. Egun horretan jakingo dugu, halaber, zer moduz dabilen Pello Bilbao; izan ere, Neil Stephens Bahrain – Victorious taldeko zuzendariak adierazi duenez, "hala moduz" dabil gernikarra, flemak dituela.
Kontsultatu eitb.eus-en Itzuliaren sailkapen guztiak.
Hurrengo zuzenekoak
22 | 22:00 - 23:15 | PILOTA | ETB KANTXA SOLASEAN: Lau t'erdiko finala |
Ezagutu 2023ko Tourrari buruzko informazio guztia: Etapa profilak, sailkapenak, bideo interesgarrienak.
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa