Saskibaloia
Marka historikoa
EITB MEDIA
LeBronek 36 puntu behar zituen Abdul-Jabbarren marka hausteko (azken horrek 38.387 puntu sartu zituen), eta 38 lortu ditu; beraz, errekor berria 38.390 puntukoa da. Denboraldi honetan, baina, LeBron Jamesek puntu gehiago ere sartuko ditu.
LeBron James, errekorra hautsi ostean. Argazkia: EFE.
Los Angeles Lakerseko LeBron James NBAren historiako saskiratzailerik handiena da asteartetik, Kareem Abdul-Jabbar errekor mitikoa gaindituta.
LeBronek 36 puntu behar zituen Abdul-Jabbarren marka hausteko, Los Angeles Lakers-Oklahoma City Thunder partidan; azken horrek 38.387 egin zituen bere ibilbidean (1989an hartu zuen erretiroa), eta LeBronek 38 sartu ditu Oklahomaren aurkakoan (zortzi errebote hartu zituen, halaber, eta hiru asistentzia eman). Beraz, errekor berria 38.390 puntukoa da; denboraldian, baina, LeBron Jamesek puntu gehiago ere sartuko ditu.
LeBronek 38 urte ditu, hogeigarren denboraldia du NBAn eta maila bikaina ari da ematen aurten ere. Orain arte, lau aldiz irabazi du NBAko titulua (2012an, 2013an, 2016an eta 2020an), eta denboraldi erregularrean lau aldiz eman diote MVP saria, alegia, lau aldiz izendatu dute jokalari onena (2009an, 2010ean, 2012an eta 2013an).
Hirugarren laurdeneko amaieran sartu du errekor berria eman dion saskiratzea, fade-away izeneko jaurtiketa bat eginez, eta LeBronek besoak gora ospatu du, Lakers taldeko zaleen zoramenaren barnean.
EVERY ANGLE of the bucket that made LeBron James the NBA's all-time leading scorer ¿¿#ScoringKing pic.twitter.com/BVUr9x78BH
— NBA (@NBA) February 8, 2023
Abdul-Jabbar partidan izan da, eta bertatik bertara ikusi du nola kendu dion marka LeBronek.
LeBron James eta Kareem Abdul-Jabbar. Argazkia: EFE.
Thunder taldearen kontrako partida gelditu egin dute, LeBron omentzeko, eta Abdul-Jabbar ere irten da kantxara. LeBron Jamesek, negar-malkotan, eskerrak eman dizkie senideei, lagunei eta taldekideei: "Zuen laguntzak eta grinak lagundu didate puntu honetaraino iristeko", adierazi du.
Adam Silver NBAko mandatariak ziurtatu du jende askok uste zuela Abdul-Jabbarren marka "inork ez zuela hautsiko".
Ikusmin handia izan da NBAn, azken partidetan, LeBron Jamesentzako atzerako kontaketaren harira. Zalantza ez zen LeBronek lortuko zuen ala ez inoizko saskiratzailerik handiena izatea; kontua zen noiz lortuko zuen. Denboraldi honetan, batez beste, partidako 30 puntu ari da sartzen, 8,5 errebote ari da hartzen, eta 7,1 asistentzia ari da ematen jokalaria.
"Nire iritziz, marka hau kirolaren handienetakoa da, orokorrean", esan zuen LeBronek aurreko astean, prentsaurrekoan, Los Angeles Lakers Indiana Pacers taldeari gailenduta.
Denboraldia hasi aurretik, LeBron Jamesek esan zuen "erabat ikaragarria" zela "NBAko marka estimatuena hausteko gertu egotea": "Nire izena handienen artean aipatzen duten bakoitzean, alegia, Wilt Chamberlainekin, Michael Jordanekin, Kareem Abdul-Jabbarrekin eta beste batzuekin batera, ikaragarria da", esan zuen.
"Beste bi urte"
Neurketa amaituta, telebistak elkarrizketatua, zehaztu du ez duela erretiroa buruan, alderantziz: "Jakina, badakit beste bi urte eman ahal ditudala jokatzen".
"Nola sentitzen naizen, nola ari den nire gorputza erantzuten, denboraldian zehar… Badakit beste bi urte eman ahal ditudala", gehitu du.
Iaz, LeBronek inoizko saskiratzailerik handiena izatea lortu zuen, baina zenbatuta denboraldi erregularreko eta play-offetako partidetan sartutako puntuak, orduan ere Kareem Abdul-Jabbar gaindituta (44.149 puntu). Hala ere, NBAko erregistro ofizialak ez ditu kontuan hartzen kanporaketa faseko puntuak.
Giro bikaina harmailetan, baina porrota azkenean
Los Angeleseko Crypto.com Arenak giro bikaina izan du Lakers-Thunder partidan, LeBronek aukera baitzuen zerbait historikoa erdiesteko. Lakerseko izarrak baloia hartu duen bakoitzean, denek espero zuten saskiratzea, errekorra ezartzetik gertuago izan zedin.
Atzerako kontaketa horretako azken minutuetan, ikusle guztiak zutik izan dira, eta LeBronen saskiratze erabakigarriak zirrara handia sortu du.
Nolanahi ere, gaua ez da erabat biribila izan, Lakers taldeak galdu egin duelako, 130-133.
NBAko saskiratzaile handienen zerrenda (denboraldi erregularrean):
1 - LEBRON JAMES: 38.390+ puntu
2 - KAREEM ABDUL-JABBAR: 38.387 puntu
3 - KARL MALONE: 36.928 puntu
4 - KOBE BRYANT: 33.643 puntu
5 - MICHAEL JORDAN: 32.292 puntu
6 - DIRK NOWITZKI: 31.560 puntu
7 - WILT CHAMBERLAIN: 31.419 puntu
8 - SHAQUILLE O'NEAL: 28.596 puntu
9 - CARMELO ANTHONY: 28.289 puntu
10 - MOSES MALONE: 27.409 puntu
What a night.#ScoringKing pic.twitter.com/hsvuOeiNgv
— NBA (@NBA) February 8, 2023
Hurrengo zuzenekoak
22 | 11:25 - 12:00 | ''HELMUGA'' saioa |
22 | 12:15 - 14:00 | ATLETISMOA | Amurrioko Krosa |
22 | 16:00 - 17:00 | AIZKOLARITZA | Urrezko Aizkolariak |
22 | 17:00 - 20:00 | PILOTA | Binakakoa: Altuna III-Aranguren vs Artola-Mariezkurrena II |
Ezagutu 2023ko Tourrari buruzko informazio guztia: Etapa profilak, sailkapenak, bideo interesgarrienak.
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa