Saskibaloia
Eurokopa (multzoen fasea)
EITB Media
Gernika-Lumoko taldeak galdu egin du Estudiantesen kontra (63-51), baina final-hamaseirenetan egongo da H multzoko bigarren sailkatu gisa. Bestalde, talde donostiarra Eurokopatik at geratu da, Montpellierren aurka galduta (67-73).
IDK EUskotren - BLMA partida amaierako irudia. Argazkia: EITB Media
Lointek Gernika Bizkaia Eurokopako final-hamaseirenetara sailkatu da, asteazken honetan (abenduak 14) galdu egin duen arren Movistar Estudiantesen aurka (63-51) H multzoko azken jardunaldiko partida. Bestalde, IDK Euskotrenek agur esan dio txapelketari, etxean Basket Lattes Montpellierren (BLMA) kontra (67-73) porrota jasota.
IDK Euskotren – BLMA (67-73)
IDK Euskotrenek galdu egin du BLMA taldearen aurka, 67-73ko emaitzarekin. Multzoen fasea K multzoko hirugarren postuan amaitu du Donostiako taldeak, baina ez du aurrera egin, ez baita hirugarren postuan amaitu dutenen arteko onenetakoa izan.
Hasieran nagusi izan da talde bisitaria, eta azkar ireki du zuloa markagailuan (8-19). Zail jarri zaizkio gauzak IDK Euskotreni, baina Donostiako taldeak desabantaila murriztea lortu du (15-21), la nona eginda. Bigarren laurdeneko hirugarren minutua bete orduko aurretik jarri da markagailuan IDK Euskotren (23-21), eta bost puntuko errenta ere bereganatu du (26-21). Abantailari eustea lortu du Azu Muguruzak zuzentzen duen taldeak, atsedenaldira iristeko minutu bakarra falta zen arte, baina Basket Lattes Montpellierrek laurden amaiera ona egin du, eta partida berdinduta joan da atsedenaldira (39-39).
Hirugarren laurdenean parekotasuna izan da nagusi. Bi taldeek izan dute lehia hausteko aukera, baina ezin izan dute errenta handirik lortu. Azken txanpan hobea izan da Frantziako taldea, eta aldeko 52-59ko emaitzarekin heldu da azken laurdenera. Nagusi izan da talde bisitaria azken laurdeneko lehen zatian, eta hamar puntuko abantaila lortu du (52-62). Gauzak zail jarri zaizkio Donostiako taldeari, baina IDK Euskotrenek ez du etsi, eta 67nako berdinketa jarrai du markagailuan (67-67), amaierarako hiru minutuan falta zirenean. Azken txanpan, ordea, ez dira fin ibili Azu Muguruzak zuzentzen dituen neskak, eta Basket Lattes Montpellierrek bereganatu du garaipena (67-73).
Fitxa teknikoa:
67 .- IDK Euskotren: Yurena Diaz (8), Vanesa Jasa (2), Natalia Rodriguez (7), Coulibaly (20), Cardaño (10), Maria España, Kadri- Ann Lass (8), Cristina Soriano, Dembele (12) eta Nora Perez.
73 .- BL Montpelier: Vanloo (2), Peters (22), Rabot (19), Bernies (4), Badiane (6), Naigre, Touré (9), Linskens (11), Marmillod eta Niang.
Epaileak: Teixeira eta Pessoa (Portugal), eta Bowe (Britainia Handia). Kanporaturik gabe.
Emaitzak, laurden bakoitzeko: 15-21; 39-39- atsedenaldia- 52-59; 67-73.
Movistar Estudiantes - Lointek Gernika Bizkaia (51-63)
Lointek Gernika Bizkaia galtzaile atera da Movistar Estudiantesen aurkako lehian, 63-51eko emaitzarekin. Hala ere, Gernika-Lumoko taldeak final-hamaseirenetarako txartela eskuratu du, H multzoko bigarren sailkatu gisa. Estudiantesen aurretik geratu da Gernika multzoan, baina Madrilgo taldeak ere aurrera egin du, hirugarren onenen artean bukatu baitu multzoen fasea.
Parekatua izan da lehen zatia. Estreinako laurdena bi puntuko abantailarekin amaitu du Lointek Gernika Bizkaiak (15-17), baina bigarren laurdenean etxeko taldea izan da nagusi, eta Movistar Estudiantes joan da hiru puntuko errentarekin (29-26).
Atsedenalditik bueltan etxeko taldeak parekotasuna hautsi du. Nagusi izan da Estudiantes, eta hirugarren laurdenaren erdialdean 12 puntuko abantaila erdietsi du (43-31). Lointek Gernikak hobetu egin du hirugarren laurdenaren azken txanpan, desabantaila murriztea lortuta (47-39). Sei puntura ere gerturatu da Bizkaiko taldea (50-44) azken laurdenean, baina Estudiantesen nagusitasuna erabatekoa izan da. Madrilgo taldea 15 puntugatik ere irabazten joan da, momentu horretan averagea alde izan duelarik. Azkenean, hamabi puntugatik galdu du Lointek Gernika Bizkaiak (51-63), eta Movistar Estudiantesekin zuen aldeko averagea mantendu du, multzoko bigarren postua bermatuz.
Fitxa teknikoa:
63 - Movistar Estudiantes (15+14+18+12): Erauncetamurguil (6), Estebas (-), Fingall (21), Becky Massey (15), Mollenhauer (12) -hasierako taldea-, Billie Massey (2), Méndez (5), Pulliam (2), Espín (-), Conde (-) eta De Santiago (-).
51 - Lointek Gernika Bizkaia (17+9+13+16): Ariztimuño (9), Cvitkovic (11), Silva (6), Spreafico (8), Williams (9) -hasierako taldea-, Buch (6), Bura (2) eta Meskonyte (-).
Emaitzak laurden bakoitzaren amaieran: 15-17, 29-26-atsedenaldia-47-39, 63-51.
Epaileak: Jose Pedroso (POR), James Kerry Dominique (GIB) eta Tom De Lange (BEL). Kanporaturik gabe.
Hurrengo zuzenekoak
22 | 11:25 - 12:00 | ''HELMUGA'' saioa |
22 | 12:15 - 14:00 | ATLETISMOA | Amurrioko Krosa |
22 | 16:00 - 17:00 | AIZKOLARITZA | Urrezko Aizkolariak |
22 | 17:00 - 20:00 | PILOTA | Binakakoa: Altuna III-Aranguren vs Artola-Mariezkurrena II |
Ezagutu 2023ko Tourrari buruzko informazio guztia: Etapa profilak, sailkapenak, bideo interesgarrienak.
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa