Baskonia
Ostiralean, 19:00etan
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Zalgirisen aurka jokatuko du gaur 19:00etatik aurrera, 18 taldez osatutako txapelketan.
Tornike Shengelia. Argazkia: EFE
Kirolbet Baskoniak gau ekingo dio aurtengo Euroligako ibilbideari, eta txapelketan ohikoa den talde bat izango du aurrez aurre: Sarunas Jasikeviciusek zuzentzen duen Zalgiris Kaunas, hain zuzen ere.
Baskoniak lau urte daramatza jarraian gutxienez final-laurdenetara iristen. Dena dela, arabarrek jakin badakite aurtengo ekitaldiko txapelketa inoiz baino gogorragoa izango dela: batetik, 18 talde izango dira lehian (aurreko urteetan baino bi gehiago); bestetik, NBAn aritutako zenbait jokalari heldu dira play-offetara sailkatzeko helburua duten taldeetara. Gainera, egutegi zaila egokitu zaio Baskoniari hasieran, hiru neurketa jokatuko baititu etxetik kanpo, bata bestearen atzetik: Kaunasen (Zalgiris), Moskun (Khimki) eta Istanbulen (Fenerbahce).
Velimir Perasovicen taldeak zorigaiztoko albiste batekin hasi du denboraldia, Jayson Granger joko-antolatzaileak lesio larria izan baitu, eta, ondorioz, hainbat hilabete emango ditu kantxetatik kanpo. Horrez gain, Nik Stauskas kanadarrak oraindik ezin izan du debutatu bere talde berriarekin, min hartuta baitago.
Stauskas hegalekoaz gain, Baskoniak aurpegi berri gehiago ditu aurtengo taldean, batez ere barneko jokoari dagokionez. Vincent Poirierrek eta Johannes Voigtmannek taldea utzi zuten, eta, besteak beste, Youssoupha Fall senegaldarra iritsi da haien hutsunea betetzera, eta horren ekarpena dagoeneko emankorra izaten ari da.
Zalgirisek ere aldaketa anitz izan ditu iazko taldean. Brandon Davies, aurreko denboraldiko Euroligako pibotik onena izandakoa, Bartzelonara joan da, eta Nate Wolters eta Leo Westermann Makabi Tel Avivera eta Fenerbahcera alde egin dute, hurrenez hurren.
Haatik, Zach Leday, Jock Landale eta Nigel Hayes barruko jokalariak iritsi dira, baita Lukas Lekavicius joko-antolatzailea ere. Azken horrek bi urte igaro ditu Grezian, Panathinaikosen jokatzen.
Bi taldeen arteko estatistikei so eginez gero, parekotasuna da nagusi orain arte Lituanian jokatutako neurketetan, talde bakoitzak bost garaipen poltsikoratu baititu.
Fitxa teknikoa:
Zalgiris Kaunas: Perez, Grigonis, Ulanovas, Leday eta Geben (balizko hasierako bostekoa); Jankunas, Walkup, Lekavicius, Hayes, Lukosiunas, Milaknis, Landale eta Jokubaitis.
Kirolbet Baskonia: Vildoza, Shields, Garino, Shengelia eta Eric (balizko hasierako bostekoa); Fall, Henry, Janning, Diop, Polonara, González eta López.
Epaileak: Christodoulou, Obrknezevic eta Petek.
Pabiloia: Zalgirio Arena.
Ordua: 19:00.
Hurrengo zuzenekoak
25 | 12:00 - 14:00 | HARRI-JASOTZAILEAK | Euskal Herriko Harri Handien Txapelketa |
25 | 17:00 - 20:00 | PILOTA | Binakakoa: Ezkurdia-Rezusta vs Artola-Mariezkurrena II |
Ezagutu 2023ko Tourrari buruzko informazio guztia: Etapa profilak, sailkapenak, bideo interesgarrienak.
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa