Baskonia
76-69
A.B.
Arabako taldeak 76-69ko emaitzarekin galdu du Tecnyconta Zaragozaren aurka final-laurdenetako kanporaketako bigarren partida, eta kanporatuta geratu da.
Albisteak (3)
Kirolbet Baskoniak galdu egin du Tecnyconta Zaragozaren aurka (76-69) jokatu duen Endesa Ligako play-offetako lehen kanporaketako bigarren partida, eta liga irabazteko aukerarik gabe geratu da.
Gaizki ekin dio Baskoniak neurketari, 10-0eko partziala jasota, eta erasoan ezin asmatuta. Baloi errazak galdu ditu Arabako taldeak, ez du hiruko jaurtiketekin asmatu, ezta jaurtiketa libreetan ere. Lau minutu behar izan ditu Kirolbet Baskoniak, lehen saskiratzea lortzeko (10-2). Hala ere, ezinean jarraitu du talde gasteiztarrak, itxura oso txarra emanez, eta 16 puntuko abantaila hartu du Tecnyconta Zaragozak (18-2). Jarrera aldatzen saiatu dira Baskoniako jokalariak lehen laurdenaren azken txanpan, baina Zaragoza jaun eta jabe izan da, eta Aragoiko taldeak 17 puntuko errenta lortu du lehen hamar minutuen amaieran (26-7).
Bigarren laurdenean hobetu egin du erasoan Kirolbet Baskoniak, baina defentsan intentsitate falta izan du. Tecnyconta Zaragozak nahiko eroso jarraitu du erasoko jokoan laurdenaren erdialdera arte, eta abantaila handia izaten jarraitu du (34-20). Hamar puntura murriztu du desabantaila Baskoniak, atsedenaldira iristeko hiru minutu falta zirenean. Grangerrek bi hiruko jarraian sartu, eta zazpi puntura gerturatu du Gasteizko taldea (36-29). Zaragozari gehiago kosta zaio erasoan asmatzea Baskoniak defentsa sendotu ostean, eta Baskoniak aurkariaren defentsa zulatzea lortu du. Neurketa, etxeko taldearen aldeko bost puntuko errentarekin heldu da atsedenaldira (38-33).
Atsedenaldiaren ostean, partidak parekatuta jarraitu du, baina Baskoniak asko hobetu du. Nagusi izan da Arabako taldea hirugarren laurdenean, eta lehen bi minutuetan neurketa berdindu du (38-38). Ondoren, aurrea hartu du Baskoniak, baita abantaila handitu, azken laurdenari ekiteko sei puntuko errenta eskuratu duen arte (49-55).
Aurretik ibili da Arabako taldea azken laurdenaren erdialdera arte. Orduan, norgehiagoka berdindu du Tecnyconta Zaragozak (58-58). Berdinketaren ostean, behera etorri da Baskonia. Etxeko taldeak zazpi punturainoko errenta lortu du (66-59), eta Perasovicek zuzentzen duen taldeak lehian sartzeko aukerak izan dituen arren, Jonesek pase erraz bat huts egin du, beste saskiratze erraz baten ere kale egin, eta hortxe agortu dira talde gasteiztarraren aukera guztiak. Amaieran, Kirolbet Baskoniak porrota jaso du, 76-69ko emaitzarekin.
Fitxa teknikoa:
Tecnyconta Zaragoza: McCalebb (2), Okoye (10), Seibutis (9), Radovic (16) eta Justiz (14) --hasierako taldea--; Vazquez (6), Martín (3), Barreiro (2), Berhanemeskel (5) eta Alocen (9).
Kirolbet Baskonia: Vildoza (5), Shields (9), Garino (6), Shengelia (12) eta Voigtmann (10) --hasierako taldea--; Huertas (-), Hilliard (-), Granger (14), Poirier (6), Diop (-) eta Jones (7).
Partzialak: 26-9, 12-24, 11-22 eta 27-14.
Epaileak: Martin Bertran, Bulto eta Zamorano. Tecnyconta Zaragoza Justiz eta Baskoniako Voigtmann, Poirier eta Shengelia kanporatu dituzte, bosna falta egiteagatik.
Hurrengo zuzenekoak
Ez dago zuzenekorik |
Ezagutu 2023ko Tourrari buruzko informazio guztia: Etapa profilak, sailkapenak, bideo interesgarrienak.
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa