22:55

Baskonia

31. JARDUNALDIA

Baskoniak irabazi egin dio Gipuzkoa Basketi ACBko euskal derbian (77-87)

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Gipuzkoarrak jaitsiera postuetara itzuli da, nahiz eta bere aurretik dauden Movistar Estudiantesek eta UCAM Murtziak adina garaipen dituen (10).

  • Garret Nevels eta Patricio Garino

    Garret Nevels eta Patricio Garino. Argazkia: EFE

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Kirolbet Baskoniak garaipena lortu du Illunben, Delteco Gipuzkoa Basketi 77-87 irabazi ostean, hirugarren laurden on bati esker.

Nahiz eta azken bi hilabeteetan donostiarrak errendimendu aparta ematen ari diren, neurketaren aurretik talde gasteiztarra zen faborito garbia, eta pronostikoak bete dituzte. Bisitariek hasieratik ekin diote markagailuan agintzeari, etxekoak defentsa-lanetan gogor ahalegindu badira ere.

Baskoniako dorreek min egin diete gipuzkoarren eraso-ahaleginei; hala ere, Dani Perezen hiruko batek bi puntura jarri ditu etxekoak hasierako minutuetan (9-11). Beste aldean, Shengelia bere taldetik tiratu nahian zebilen, markagailuan alde egiteko asmoz, baina lortu gabe.

Bigarren laurdena antzera igaro da: Baskonia aurretik zebilen, baina erabateko nagusitasunik gabe. Etxekoen aldetik, Zeisloft bero ibili da saskira begira (24 puntu guztira eta 24ko balorazioa), eta bere puntu horiek direla-eta Baskoniak ez du lortu neurketa hausterik (28-32).

Aitzitik, Deltecori asko zaildu zaio lehia Barrok, GBCren jokalaririk garaienak, hirugarren falta pertsonala egin duenean. Horrek Baskoniaren pibotak eroso senti zitezela eragin du, eta ederto aprobetxatu dute atsedenaldira heldu baino lehen (39-45).

Bigarren zatiaren hastapenarekin batera, neurketak bisitarien aldeko joera nabarmena hartu du, Baskoniak bere ahalmen guztia azaldu baitu Porierren eta Shengeliaren gidaritzapean (+13). Horrek alarma guztiak piztu ditu Sergio Valdeolmillosen aulkian.

Alabaina, Deltecok ez du erantzunik emateko gaitasunik azaldu, saskiarekin haserretuta ibili baita tarte horretan, eta laurdenaren amaieran Velimir Perasovicen taldeak 18 puntuko aldea zeukan (52-70).

Hartara, azken laurdenerako dena erabakita zegoen, eta talde biek lasai antzera bukatu dute neurketa.

Gaurko norgehiagoka galdu eta gero, Delteco jaitsiera postuetara itzuli da, nahiz eta bere aurretik dauden Movistar Estudiantesek eta UCAM Murtziak adina garaipen dituen (10)

Fitxa teknikoa:

77 - Delteco Gipuzkoa Basket: Rebec (5), Nevells (8), Dani Perez (6), Burjanadze (8) eta Barro (9) –hasierako bostekoa– Zeisloft (24), Sekulic (8), Vobrov (8), Van Lacke, Corbacho, Maiza eta Salvo (2).

87 - Kirolbet Baskonia: Vildoza (14), Garino (4), Shields (21), Shengelia (13) eta Voigtmann (4) –hasierako bostekoa– Gonzalez, Sedekerskis (3), Diop (4), Poirier (11), Jones eta Hiliard (13).

Epailea: Garcia Gonzalez, Araña eta Mendoza.

Laurden bakoitzeko emaitza: 20-22; 39-45 –atsedenaldia– 52-70; 77-87.

Iruzkinak

  • Hurrengo zuzenekoak

    • Gaur
    • LR.
    • IG.
    • AL.
    • AS.
    • AZ.
    • OG.
    27 18:00 - 20:00 IGERIKETA | Donostiako Gabonetako Saria
    28 22:10 - 00:30 PILOTA | Binakakoa: Ezkurdia-Rezusta vs Jaka-Imaz

    Fitxaketak… LaLiga Fitxaketak…

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena