Baskonia
26. JARDUNALDIA
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Gasteiztarrak erraz gailendu dira fase erregularreko azken-aurreko postuan dagoen Buducnosten aurka.
Marcelinho Huertas. Argazkia: EFE
Kirolbet Baskonia nagusitasun osoz gailendu zaio ostiral honetan Buducnost Voli (82-62) Montenegroko taldeari Euroligako 26. jardunaldian, bigarren zati on bati esker.
Horrenbestez, Perasovicen taldeak play-offetara sailkatzeko borrokan murgilduta jarraitzen du. Une honetan, seigarren tokian dago sailkatuta, bosgarrena den Bartzelonarengandik garaipen bakarrera. Dena den, tentuz ibili behar du, bederatzigarren tokian dagoen Olinpiakosekiko partida bakarreko abantaila baitauka.
Gasteiztarrei kostatu egin zaie neurketan sartzea, eta nahiz eta lehen laurdena amaitu orduko markagailuan aurretik jarri diren, ez dute bere aurkaria aldentzea lortu bigarren zatira arte. Orduan, erabat nagusitu dira jokoko alderdi guztietan.
Johannes Voigtmannek eta Vincent Poirierrek ez dute aurkaririk izan saskipean, 10 eta 13 errebote hartu baitituzte, hurrenez hurren, baita 16 eta 21eko balorazioak lortu ere. Dena den, Marcelinho Huertas (13 puntu eta 12ko balorazioa) izan da taldea gidatzeaz arduratu dena.
Estatistikez haratago, joko-antolatzaile brasildarra taldeko arima bihurtu da Patricio Garino argentinarrarekin batera (16 puntu eta 14ko balorazioa), lehen zatian sufritu egin duen arren inspiratuta ibili den Norris Cole geldiarazteko (17 puntu, 4 errebote, 4 asistentzia eta 4 baloi lapurtu).
Hurrengo jardunaldian, Baskoniak Greziara bidaiatuko du Panathinaikosen aurka jokatzeko, martxoaren 20an, asteazkena.
Fitxa teknikoa:
82 - Kirolbet Baskonia (23+16+25+18): Vildoza (8), Shields (12), Garino (16), Voigtmann (4) eta Poirier (8) –hasierako bostekoa–, Penava (-), González (-), Huertas (13), Sedekerskis (4), Diop (-), Jones (9) eta Hilliard (8).
62 - Buducnost Voli (15+19+15+13): Cole (17), Edwin Jackson (-), Bell (8), Earl Clark (13) y Bitadze (7) –hasierako bostekoa–, Barovic (-), Coty Clark (9) Sead Sehovic (-), Gordic (6) eta Devin Williams (2).
Epaileak: Olegs Latisevs (Letonia), Elias Koromilas (Grezia) eta Robert Vyklicky (Txekiar Errepublika). Ez dute inor kanporatu.
Hurrengo zuzenekoak
Ez dago zuzenekorik |
Ezagutu 2023ko Tourrari buruzko informazio guztia: Etapa profilak, sailkapenak, bideo interesgarrienak.
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa