Baskonia
16. JARDUNALDIA
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
21 puntu azpitik galtzen joan ostean, gasteiztarrek puntu bakarrera murriztu dute aldea azken laurdenean, baina azkenerako esku hutsik itzuli dira.
Albisteak (5)
Kirolbet Baskoniak aurre egin dio ostiral honetan Euroligako liderra den Fenerbahçeri (15-1) Istanbulen (96-87), baina bukaeran amore eman behar izan du fase erregularreko 16. jardunaldiari zegokion partidan. Arabako taldea 21 puntugatik egon da galtzen hirugarren laurdenean, eta, hala ere, eskura izan du partida bereganatzeko aukera, baina zeukan garaipen kopuru berarekin itzuliko da Gasteizera.
Grangerren, Shengeliaren eta Garinoren hutsuneak izan dituen Baskoniak ohikoa duen lehiakortasun sena agertu du "bere" Lauko Finalean egoteko bidean. Haatik, Obradovicen taldeak jokalari guztien ahalmena erabili du neurketa aurrera ateratzeko.
Jario handiko lehen laurden parekatuaren ostean (27-25), etxekoek alde apur bat zabaldu dute bigarrenaren amaieran (48-41). Atsedenalditik bueltan, baina, are gehiago ireki dute zuloa, eta partida behin betiko erabakita geratuko zela zirudien, 69-48ko markagailuarekin.
Aitzitik, Velimir Perasovicen mutilek borrokan jarraitu dute, besteak beste, Shields, Voigtmann eta Hilliardek emandako aurrerapausoari esker. Ondorioz, kontrako aldea puntu bakarrera murrizteko gai izan dira (80-79), neurketa amaitzeko sei minuturen faltan. Une horretatik aitzinean, ordea, xehetasun txikiek Baskoniaren balentria gogoangarria gauza zedila galarazi dute.
Fenerbahçek jaurtiketa libreak zein Marko Guduric serbiarraren ekarpena baliatu ditu zortzi puntuko tarte berria zabaltzeko. Horrenbestez, azkenerako turkiarrek irabazi dute norgehiagoka (96-87), azken txanpan egin duten 16-8ko partziala dela medio.
Fitxa teknikoa:
96 - Fenerbahce Beko Estambul (27+21+27+21): Muhammed (6), Erick Green (2), Datome (13), Melli (19) eta Vesely (15) –hasierako bostekoa–, Kalinic (5), Sloukas (13), Guduric (14), Duverioglu (6) eta Lauvergne (3).
87 - Kirolbet Baskonia (25+16+24+22): Huertas (6), Janning (10), Shields (22), Voigtmann (7) eta Poirier (15) –hasierako bostekoa–, Vildoza (11), González (-), Diop (5) eta Hilliard (11).
Epaileak: Luigi Lamonica (Italia), Borys Ryzhyk (Ucrania) eta Gytis Vilius (Lituania). Bost faltengatik kanporatu dituzte Melli (40. min) eta Poirier (40. min).
Hurrengo zuzenekoak
20 | 16:15 - 19:00 | PALA | Gabonetako jaialdia: Gaubeka-Gordon vs Madariaga-Urrutia eta Maldonado-Del Rio vs Fusto-Perez |
Ezagutu 2023ko Tourrari buruzko informazio guztia: Etapa profilak, sailkapenak, bideo interesgarrienak.
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa