Baskonia
14. JARDUNALDIA
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Perasovicen taldeak azken laurden txarra jokatu du (15-28), eta horrek porrota ekarri dio.
Tornike Shengelia Chris Singleton defendatzen. Argazkia: EFE
Kirolbet Baskoniak galdu egin du ostegun honetan Bartzelonaren aurka (70-77), Euroligako hamalaugarren jardunaldian. Izan ere, Perasovicen jokalariak ez dira neurketa bereganatzeko gai izan, hirugarren laurdenaren erdialdera eta laurden horren amaieran partida euren alde jarri arren (55-49).
Aitzitik, ahazteko moduko azken laurdena jokatu dute 15-28ko partziala jasota, eta horrek norgehiagoka galtzea eragin die.
Bartzelonak, ordea, hirugarren laurden txarra jokatu eta gero (zazpi puntu besterik ez ditu saskiratu tarte horretan), partida irauli du azken hamar minutuetan Kevin Pangosen puntuei esker. Kanadarra erabat galduta zebilen Buesa Arenan ordura arte, baina zeharo erabakigarriak izan diren 13 puntu erdietsi ditu azken partzialean.
Pangosekin batera, Thomas Heurtel joko-antolatzaile frantziarrak ere ekarpen handia egin dio Svetislav Pesicek entenatzen duen taldeari, 11 puntu sartu eta 17ko balorazioa lortuta.
Etxekoei dagokienez, Matt Janning estatubatuarra izan da jokalaririk erregularrena 19 punturekin. Alabaina, hari benetako laguntza eman dioten taldekide bakarrak Luca Vildoza (12 puntu eta 15eko balorazioa) eta Shavon Shields (11 eta 11) izan dira, gainerakoen ekarpena ez baita apartekoa izan.
Porrot horrek Baskoniaren asmoak zapuztu ditu nolabait, jardunaldi honen bukaeran sailkapeneko zortzi onenen artean kokatzea espero baitzuen, Lauko Finalean egoteko aukerarekin amesten jarraitzeko.
Kontrara, Bartzelonak Euroligan bata bestearen atzetik galdu dituen lau partiden bolada txarra eten ahal izan du, eta, bide batez, baita Baskoniaren aurka zeukan beste bat ere, zazpi lehia jarraian baitzeramatzan gasteiztarren aurka galtzen Europan.
Fitxa teknikoa:
Kirolbet Baskonia (16+23+16+15) 70: Vildoza (12), Janning (19), Hilliard (4), Shengelia (8) eta Poirier (6) –hasierako bostekoa–, Voigtmann (2), Huertas (4), Granger (2), Diop (2) eta Shields (11).
Barcelona Lassa (19+23+7+28) 77: Heurtel (11), Ribas (3), Claver (3), Singleton (10), Seraphin (14) –hasierako bostekoa–, Pangos (16), Hanga (2), Pustovyi (9), Oriola (6), Kuric (3) eta Tomic (-).
Epaileak: Christos Christodoulou (Grezia) Petri Mantyla (Finlandia) eta Milan Nedovic (Eslovenia). Ez dute inor kanporatu.
Hurrengo zuzenekoak
23 | 21:45 - 23:59 | ZESTA-PUNTA | Eusko Label Winter Series: Barandika-Lopez vs Goitia-Del Rio |
Ezagutu 2023ko Tourrari buruzko informazio guztia: Etapa profilak, sailkapenak, bideo interesgarrienak.
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa