Baskonia
13. JARDUNALDIA
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Hirugarren garaipena kateatu du jarraian Euroligan, eta play-offetako postuetatik gertu jarri da.
Darrun Hilliard Kanaria Handiaren aurkako partidan. Argazkia: EFE
Kirolbet Baskoniak berebiziko garrantzia duen garaipena lortu du astearte honetan Kanaria Handiaren etxean (71-84). Gasteiztarrek hirugarren laurdenean hiruko jaurtiketetan izandako jarioari esker bideratu dute norgehiagoka, eta Euroligako ibilbidea zuzentzen jarraitzen dute.
Axola handiko neurketa zen bi taldeentzat, berdinduta baitzeuden sailkapenean 5 partida irabazita eta 7 galduta. Aitzitik, gasteiztarrak sendoago agertu dira, eta Euroligan bata bestearen atzetik lortzen duten hirugarren garaipena eskuratu dute (bigarrena jarraian etxetik kanpo).
Dena dela, norgehiagokaren hasieran, Kanaria Handiak etxekoek nahi zuten erritmoa ezarri du, eta horrek markagailuan aurretik jartzea ahalbidetu dio, hiruko jaurtiketetan antzu ibili den talde bisitariaren aurrean. Horrela, 23-14ko emaitza lortu dute etxekoek lehen laurdenaren amaieran, baina Perasovicen mutilak aldea murrizteko gai izan dira hasierako hamar minutuak bete direnerako (27-22).
Arabarren entrenatzaile kroaziarrak portaera alda zezatela eskatu die bere jokalariei, eta haiek kasu egin diote agindutakoari. Erabat zorroztu dute defentsako lana bigarren laurdenean, eta talde horia ezinean aritu da erasoan. Hori baliatuta eta Ilimane Diopen puntuei esker (8 puntu sartu ditu akatsik egin gabe), markagailuan agintzera pasatu da Baskonia.
Laurden horretan etxeko taldeak galdutako baloi kopurua (6) beste zama bat izan da Victor Garciaren mutilentzat. Hartara, 8 puntu besterik ez dute sartu zati horretan; hala ere, lehian sartuta heldu dira atsedenaldira (35-41).
Baskoniaren defentsa ona
Norgehiagokari berriz ekin ostean, Baskoniak eraginkortasun handia erakutsi du hiruko marratik, batez ere Matt Janningen eskutik. Estatubatuarrak partida hausteko balio izan duten lau hirukoetako hiru sartu ditu. Tarte horretan, Kanaria Handiak 27 puntu jaso ditu, baloiak galtzen jarraitu du (16 guztira) eta errebotean ere ez da fin ibili (25-36). Azken alor horretan, Poirier frantziarra nabarmendu da beste guztien gainetik, 12 eskuratu baititu Baskoniarentzat, eta, bide batez, erasoan egindako lan kaskarra (1) orekatu du.
Janning (16) eta Shields (16) izan dira Baskoniaren jokalari emankorrenak erasoko jokoan, baina gertu ibili dira Granger (15) eta Vildoza ere (13 eta 6 asistentzia). Horrenbestez, lau jokalari horien ekarpenari esker, taldeak ez ditu behar izan Tornike Shengelia gasteiztarren kapitainaren ohiko puntuak (georgiarra ohi baino apalago aritu da) aurkaria aukerarik gabe utzi eta garaipena bereganatzeko.
Fitxa teknikoa:
Herbalife Kanaria Handia 71: Radicevic (6), Strawberry (6), Rabaseda (8), Tillie (11) eta Pasecniks (9) –hasierako bostekoa–; Eriksson (-), Pauli (8), Oliver (3), Fischer (-), Baez (9), Balvin (8) eta Vene (3).
Kirolbet Baskonia 84: Vildoza (13), Hilliard (-), Janning (16), Shengelia (7) eta Poirier (1) –hasierako bostekoa–; Granger (15), Voigtmann (2), Huertas (4), Shields (16), Diop (10) eta Gonzalez (-).
Partzialak: 27-22, 8-19, 18-27 eta 18-16.
Epaileak: Rocha, Pastusiak eta Petek. Diop (Baskonia) kaleratu dute, 5 falta egiteagatik.
Hurrengo zuzenekoak
23 | 21:45 - 23:59 | ZESTA-PUNTA | Eusko Label Winter Series: Barandika-Lopez vs Goitia-Del Rio |
Ezagutu 2023ko Tourrari buruzko informazio guztia: Etapa profilak, sailkapenak, bideo interesgarrienak.
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa