Baskonia
9. jardunaldia
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Gasteiztarrak Panathinaikos baino gehiago izan dira lehen hiru laurdenetan, eta horri esker Euroligako hirugarren partida irabaztea lortu dute.
Ilimane Diop Lukas Lekavicius defendatu nahian. Argazkia: EFE
Kirolbet Baskoniak 86-77 garaitu du ostiral honetan Panathinaikos, Euroligako 9. jardunaldian, eta txapelketako hirugarren garaipena lortu du, Velimir Perasovicekin eskuratzen duen lehenengoa, hirugarren aro honetan.
Europan hiru porrot errenkadan pilatu ostean, gasteiztarrek lehiakortasunerako euren grina berezia agerrarazi dute beste behin, Buesa Arenaren bultzada bidelagun izan dutela.
Horrenbestez, okertuta zegoen ibilbidea erabat zuzentzeko oraindik ere erronka handiari aurre egitea egokitzen bazaie ere, ostiral honetako partida urrats handia da Lauko Finalean egoteko ametsak bizirik iraun dezan.
Momentuz, hamaikagarren postuan daude sailkapenean baskoniarrak, sei lehia galdu eta hiru irabazi eta gero.
Bi aste lesionatuta eman ostean kantxara itzuli den Jayson Grangerrek ondo zuzendu du taldea. Dena den, hasierako laurdenean Shengelia kapitaina izan da denen gainetik nabarmendu den jokalaria. Asteazkenean, Armani Milanen aurka azaldutako joko kaskarra albo batera utzi nahi izan du georgiarrak, eta baita lortu ere: 16 puntu, 7 errebote eta 7 asistentzia pilatu ditu neurketan zehar. Italiarren aurka egindako jaurtiketa libre guztiak huts egin zituen Shengeliak (6tik 0), 18ko balorazioarekin amaitu du gaurko lehen laurdena.
Etxekoek atzealdean egin duten lan eskergak eta aspaldiko partez hiruko marratik erakutsi duten jarioak (% 62) talde greziarra markagailuan hurbildu ez zedila ahalbidetu dute.
Greziarrei dagokienez, ez dira laugarren laurdenera arte esnatu, baina Calathes eta bereziki Langforden eskutik heldu den erreakzio hori ez da nahikoa izan. Ordura arte, Pappas arduratu da lehen zatian Panathinakoisen puntuak biltzen (10). Esan bezala, Xavi Pascualen mutilen lana eskasa izan da azken txanpara heldu arte. Lehendabiziko 20 minutuetan errebote bakarra eskuratu dute erasoan, eta asistentzien alorrean ere nabaria izan da aldea, bai tarte horretan (12-5), bai amaieran (17-9).
Hirugarren laurdenean ere greziarrek ez dute askoz hobeto jardun, eta etxekoek 18 puntuko aldearekin amaitu dute (73-55), defentsako lanean oinarrituta eta Janningek eta Hilliardek lortu dituzten puntuei esker.
Aitzitik, azken laurdenean, zertarako gai diren erakutsi nahi izan dute greziarrek. Calathesek bere kalitatearen tanta batzuk eskaini dituen bitartean, Langford puntuak sartu eta sartu ibili da (26 bigarren zatian, 33 guztira eta 35eko balorazioa). Halako batean, sei puntura arte hurbildu da Panathinaikos hiru minuturen faltan, baina Janningen hiruko batek lasaitasuna eraman du Buesako harmailetara.
Hartara, azken laurdeneko partziala 13-22 izan bada ere, garaipena etxean geratu da.
Fitxa teknikoa:
Kirolbet Baskonia 86 (20+24+29+13): Granger (11), Hilliard (12), Shields (4), Shengelia (16) y Poirier (10) –hasierako bostekoa–, Vildoza (10), Voigtmann (7), Huertas (4), Janning (12), Diop (-) eta Garino (-).
Panathinaikos 77 (12+20+23+22): Calathes (5), Langford (33), Antetokounmpo (-), Mitoglou (-), Gist (2) –hasierako bostekoa–, Deshaun Thomas (3), Lasme (6), Papapetrou (-), Pappas (16), Lekavicius (2), Lojeski (2) eta Vougioukas (8).
Epaileak: Luigi Lamonica (Italia), Borys Ryzhyk (Ukraina) eta Piotr Patusiak (Polonia). Bi falta teknika adierazi dituzte: Huertas (32. min) eta Lasme (29. min). Darrun Hilliard kanporatu dute faltengatik (38. min).
Hurrengo zuzenekoak
23 | 21:45 - 23:59 | ZESTA-PUNTA | Eusko Label Winter Series: Barandika-Lopez vs Goitia-Del Rio |
Ezagutu 2023ko Tourrari buruzko informazio guztia: Etapa profilak, sailkapenak, bideo interesgarrienak.
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa