22:56

Baskonia

8. JARDUNALDIA

Kirolbet Baskoniak ezin izan du Euroligako ibilbidea zuzendu Milanen (93-90)

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Perasovicenak partidaren lehian egon dira, baina ez dute irabazterik lortu, eta, 8 jardunaldiren ostean, bi garaipen besterik ez dituzte.

2:00
  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Kirolbet Baskoniak Euroligako hirugarren partida jarraian galdu du asteazken honetan, Armani Milanen aurka (93-90), fase erregularreko zortzigarren jardunaldiari zegokion partidan. Horrenbestez, Velimir Perasovicek ez du Europako bere ibilbide berria garaipen batekin hasi.

Entrenatzaile kroaziarrak Kanaria Handiaren kontra ekin zion joan zen igandean Baskonia entrenatzeko hirugarren aroari, garaipen batekin ekin ere (91-76), baina ezin izan du gauza bera egin Europan.

Gasteizko taldeak aurtengo Euroligako talde errebelazioa izan du aurrez aurre, eta etxean azaltzen ari den fidagarritasuna agertu du beste behin ere Armani Milanek. Izan ere, norgehiagokako ekimena italiarrena izan da, eta zeregin horretan Vladimir Micov serbiarrak eta Mike James estatubatuarrak (bata zein bestea Baskonian aritutakoak) berebiziko garrantzia izan dute.

Neurketan zehar behetik gora egin duen Baskonian, berriz, Matt Janning eskolta izan da gehien nabarmendu den jokalaria 18 punturekin; hain zuzen ere, Vincent Poirier pibotak sartu duen kopuru bera. Frantziarrak, gainera, lehia berdintzeko aukera izan du, amaierara iristeko minutu gutxi falta zirela, baina birrintze argi bat huts egin du. Bere akatsak arnasa eman die Milangoei, eta berdinketa izan zitekeenetik (89-89) partida ia erabakita utzi duen jokaldia etorri da gerora (91-87).

Hala ere, gasteiztarrek ez dute amore eman, eta azken unera arte lan egitera behartu dute Armani. Horren adierazle da, etxekoen kontzentrazio falta baten ostean, Baskoniak berdinketa lortzeko aukera izan duela, berea izan baita norgehiagokako azken baloi jabetza (hori bai, sei hamarrenen faltan). Alabaina, arabarrek ez dute jaurtiketa egiteko paradarik izan, Simone Pianigianik zuzentzen dituen jokalarien presioaren poderioz.

Dena den, ordura arte etxekoek joko bizia eta ia geldiezina erakutsi dute Jeff Brooksen eta Mike Jamesen eskutik. Azken horrek 20 puntu, 8 asistentzia eta 2 errebote pilatu ditu eta 20ko balorazioa lortu du. Horri esker, Armani Milan aurretik joan da ia lehia guztian zehar.

Horrenbestez, nahiz eta saiatu den, Baskoniak ez du Euroligan orain arte azaldutako ibilbide kaskarra zuzentzeko modurik izan. Perasovicen taldea hamaikagarren tokian dago sailkapenean, bi partida irabazi eta sei galdu eta gero. Zenbaki horiek une honetan zail jartzen dute Gasteizko Lauko Finalean egoteko ametsa bete ahal izatea.

Fitxa teknikoa:

Armani Milan 93 (27+20+26+22): James (20), Cinciarini (4), Micov (22), Brooks (12) eta Tarczewski (8) -hasierako bostekoa-, Gudaitis (6), Bertans (3), Kuzminskas (5), Burns (-) eta Jerrells (13).

Kirolbet Baskonia 90 (26+17+25+22): Vildoza (15), Hilliard (8), Shields (2), Shengelia (8) eta Poirier (18) -hasierako bostekoa-, Voigtmann (4), Huertas (10), Janning (18), Diop (2) eta Garino (5).

Epaileak: Milivoje Jovcic (Serbia), Fernando Rocha (Portugal) eta Petri Mantyla (Finlandia). Ez dute inor kanporatu.

Iruzkinak

  • Hurrengo zuzenekoak

    • Gaur
    • AS.
    • AZ.
    • OG.
    • OR.
    • LR.
    • IG.
    23 21:45 - 23:59 ZESTA-PUNTA | Eusko Label Winter Series: Barandika-Lopez vs Goitia-Del Rio

    Fitxaketak… LaLiga Fitxaketak…

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena