13:21

Baskonia

2. JARDUNALDIA

Kirolbet Baskoniak ezin izan dio Olinpiakosi irabazi Buesa Arenan (80-85)

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Pedro Martinezen mutilak atzetik joan dira ia neurketa osoan zehar, eta azken laurdenean markagailua asko estutu arren, greziarrek lortu dute garaipena.

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Kirolbet Baskoniak aurtengo Euroligako lehen porrota jaso du asteazken honetan, Olinpiakosen aurka Buesa Arenan 80-85 galdu baitu. Eragozpenez betetako neurketa izan dute etxekoek, baina markagailua iraultzeko zorian izan dira 19 puntuz galtzen egon eta gero. Aitzitik, garaipena greziarrek eskuratu dute azkenean.

Euroligako historian gehien errepikatu den partidan (19 aldiz jokatu dute elkarren aurka), kanpotarrak nagusi izan dira lehen hiru laurdenetan, Nikola Milutinov pibot serbiarraren lan apartari esker. 23 puntu, 11 errebote eta 33ko balorazioa lortu ditu lehiaren amaieran.

David Blatt entrenatzaile berriak ezarri duen joko erasokorrak lehiaketako bigarren garaipena ekarri die greziarrei. Hala ere, etxekoek ez duten inoiz amore eman, arerioaren eraginkortasuna handia izan eta norgehiagokan zehar bi lesio jasan arren. Batetik, Shavon Shieldsek kolpea hartu du aurpegian, eta ezin izan du jokatzen jarraitu. Bestetik, Darrun Hilliardek herrenka utzi behar izan du kantxa.

Milutinoven jardun bikainari jarraipena eman diote Vassilis Spanoulis, Axel Toupane eta Nigel Williams-Goss taldekideek (11 puntu lortu ditu bakoitzak), eta hirugarren laurdenaren amaieran partida erabakita zegoela zirudien (49-67), nahiz eta Jayson Grangerrek azken unean bere zelaitik hiruko jaurtiketa ikusgarri bat sartu duen.

Alabaina, saskiratze horrek Buesa Arenako zaleak piztu ditu, eta uruguaitarraren (17 puntu) eta Tornike Shengelia kapitainaren (21 puntu) artean, kontrako aldea murrizten joan dira gutxika-gutxika etxekoak. Hartara, 22-8ko partziala erdietsi dute, eta, hiru minuturen faltan, partida irabazteko lehian erabat sartu dira (71-75).

Haatik, une erabakigarrietan, Olinpiakosek eskarmentua erakutsi du. Ez da kikildu presioaren aurrean, eta garaipena lortu du.

Porrot horren ostean, Baskoniak Real Madril izango du aurkari ostiralean, Euroligako hirugarren jardunaldian.

Fitxa teknikoa:

Kirolbet Baskonia 80 (19+20+13+28): Huertas (-), Hilliard (8), Shields (2), Voigtmann (2) eta Poirier (10) –hasierako bostekoa–; Granger (17), Janning (6), Diop (2), Shengelia (21), Miguel Gonzalez (-), Garino (5) eta Vildoza (7).

Olinpiakos 85 (27+23+17+18): Williams-Goss (11), Spanoulis (11), Timma (-), Printezis (5) eta Milutinov (23) –hasierako bostekoa–; Mantzaris (-), Strelnieks (10), Toupane (11), Vezenkov (4), Papanikolau (8), Bogris (2) eta Leday (-).

Epaileak: Mateij Boltauzer (Eslovenia), Olegs Latisevs (Letonia) eta Amit Balak (Israel). Ez dute inor kanporatu.

Iruzkinak

  • Hurrengo zuzenekoak

    • Gaur
    • AL.
    • AS.
    • AZ.
    • OG.
    • OR.
    • LR.

    Ez dago zuzenekorik

    Fitxaketak… LaLiga Fitxaketak…

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena