Baskonia
Endesa Ligako finala
Agentziak | Erredakzioa
Gasteiztarrek ez dute lortu bosgarren partida behartzea, eta, hartara, madrildarrek eskuratu dute liga, finalean 3-1 gailenduta.
Rudy Fernandez, laugarren partidako jokalari nabarmenena. Argazkia: EFE
Albisteak (3)
Bideoak (1)
Kirolbet Baskoniak galdu egin du Real Madrilen aurka, Buesa Arenan jokatu den Endesa Ligako finaleko laugarren partidan. Horrenbestez, gasteiztarrek ez dute lortu bosgarren partida behartzea eta, hartara, madrildarrak dira txapeldun berriak.
Lehen laurdenean salbu, zuriak aurretik egon dira markagailuan partida osoan, eta Rudy Fernandezek zerikusi handia izan du horretan, bera izan baita partidako jokalari nabarmenena (27 puntu eta 33ko balorazioa).
Etxekoak hiruko jaurtiketen bidez saiatu dira aldea murrizten, baina Pablo Lasoren taldea sendoago agertu da azken minutuetan, eta finala irabazi du, 3-1eko emaitzarekin.
Talde biek defentsan zorrotz ekin diote norgehiagokari, eta lehen minutuetan ugariagoak izan dira akatsak ondo bukatutako jokaldiak baino. Gerora, baina, lehen laurdenaren erdialdera, talde biak puntuak pilatzen hasi dira: etxekoak batez ere Matt Janningen bidez eta kanpotarrak Jaycee Carrollen eskutik.
Saskiratze trukaketak mesede egin dio Baskoniari, eta 21-14 jarri da aurretik 8. minutuan. Dena dela, madrildarrek aldea murriztu dute, eta 21-18ko emaitzarekin bukatu da lehen laurdena.
Talde madrildarrak partziala areagotu du bigarren laurdenaren hastapenean (2-15), eta sei puntuko abantaila zabaldu du (23-29). Baskonia ez da atzean geratu, baina ezin izan du Rudy Fernandez geldiarazi (17 puntu).
Dena den, Jayson Granger eta Janning jokalarien bi hirukok Mallorcako hegalekoaren eraginkortasunari erantzun diote, eta lehen zatia amaitu denean lau puntuko aldea besterik ez zegoen markagailuan (38-42).
Intentsitatea are gehiago hazi da atsedenaldiaren ostean, eta horrek kalte egin dio lehiaren ikusgarritasunari. Aitzitik, Real Madrilek aprobetxatu egin ditu Baskoniak egindako hutsegiteak (hiruko jaurtiketekin itsutu dira eta ez dute baloia azkar mugitzeko adina freskotasunik izan), eta Lasorenek 8 puntuko errenta erdietsi dute neurketa amaitzeko hamar minuturen faltan (57-65).
Azken laurdenaren hasieran, Real Madrilek hamar-hamaika puntuko errentak izan dituen arren, etxekoek azken ahalegina egin dute, eta 36. minutuan aldea lau puntura murriztu dute (71-75).
Shengeliak sartutako hiruko batek etxeko zaleei amets egiteko aukera eman die (76-79, 37. min), baina handik gutxira Luka Doncicek sartu duen hiruko jaurtiketa ia ezinezko batek (78-84, 38. min) erabat zapuztu ditu etxekoen itxaropenak. Hortik aurrera, Real Madrilek ez du hutsik egin bere 34. liga txapelketa eskuratzeko.
Fitxa teknikoa:
Kirolbet Baskonia 85 (21+17+19+28): Vildoza (2), Beaubois (19), Timma (7), Shengelia (16) eta Poirier (4) —hasierako bostekoa—, Voigtmann (2), Huertas (8), Janning (15), Diop (4) eta Garino (2).
Real Madril 96 (18+24+23+31): Campazzo (17), Carroll (6), Taylor (2), Reyes (6) eta Tavares (-) —hasierako bostekoa—, Causeur (6), Doncic (8), Rudy (27), Llull (5), Thompkins (5) eta Ayon (14).
Epaileak: Emilio Perez Pizarro, Antonio Conde eta Benjamin Jimenez Trujillo. Falta teknikoa adierazi diete Timmari eta Reyesi (22. min). Ez dute inor kaleratu.
Hurrengo zuzenekoak
22 | 17:00 - 20:00 | PILOTA | Binakakoa: Altuna III-Aranguren vs Artola-Mariezkurrena II |
Ezagutu 2023ko Tourrari buruzko informazio guztia: Etapa profilak, sailkapenak, bideo interesgarrienak.
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa